}

AEBko gobernuaren neurri berriek nahasmendua eragin dute ikerketa-arloan

2025/02/04 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

aebko-gobernuaren-neurri-berriek-nahasmendua-eragi
Laborategi biomediko bat. - Arg.

Nahasmendua, kaosa eta antzeko hitzak erabili dituzte zientzian espezializatutako hedabideek (Nature, Science…), AEBko gobernu berriak ezarri dituen lege berriek sortu duten egoera deskribatzeko.

Hain zuzen, herrialdea Osasunaren Mundu Erakundetik eta Parisko Hitzarmenetik ateratzearekin batera, zuzenean zientzia-jardueraren kontra jotzen duten hainbat erabaki hartu ditu gobernuak. Besteak beste, bertan behera utzi ditu dibertsitatea, ekitatea eta inklusioarekin lotutako programa guztiak, eta agindua eman du “genero-ideologia” deitu dioenarekin zerikusia duten ikerketak atzera botatzeko.

NIHn, hau da, ikerketa biomedikoko munduko instituzio handienean, bertan behera utzi dituzte zenbait webgune. Science aldizkariak jakinarazi duenez, ez dituzte galarazitako terminoei erreferentzia egiten dieten artikuluak erretiratu (genero, transgenero, pertsona haurduna…), baina haiekin zerikusia duten proiektuetarako, bilera eta bidaietarako eta ikerketa-bekatarako diru-laguntzak izoztuta dauzkate.

Are gehiago, AEBko Zientzia Fundazioak (NSF) beka guztien ordainketak eten ditu, legea hautsi ditzaketenen erabakiei aurre hartzeko. NASAk ere bertan behera utzi ditu lege berritik kanpo geratzen diren adarrak, eta ikerketa-zentroak aztertzen ari dira saio klinikoak egiteko dituzten irizpideak. Izan ere, dokumentu ofizialetan, kendu egin dute ez emakume ez gizonentzat ematen zuten hirugarren aukera, eta, aurrerantzean, generoari erreferentzia egin ordez, soilik sexua aipatzea agindu dute,  bi aukera hauetara mugatuta: maskulinoa eta femeninoa.

Ikertzaileek ohartarazi dute dibertsitatea, ekitatea eta inklusioarekin zerikusia duten datuak galtzeak ondorio larriak izango dituela gizartean, osasun-egoera asko zuzenean erlazionatuta baitaude baldintzatzaile sozialekin (generoa, sexu-identitatea, etnia, maila ekonomikoa eta laborala, naziotasun-agiriak…). Beraz, osasuna ikertzeko eta gaitzak prebenitzeko eta tratatzeko, ezinbestekoa da galarazi dituzten alderdiak aintzat hartzea.

Beste adibide bat Gaixotasun Infekziosoen Zentroak (CDC) darabilen zaurgarritasun sozialaren indizea da. Hain zuzen, zentroak indize hori baliatzen du, komunitaeen zaurgarritasuna neurtzeko eta aintzat hartzeko osasun publikoko planetan: txertaketetan, hondamendi naturalei aurre egiteko erantzunetan…

Zientzialariek aitortzen dutenez, zaila da jakiten zenbateraino eragingo duten neurri berriek, baina ez dute zalantzarik ondorio kaltegarriak izango dituztela, AEBko zientziarentzat ez ezik, herritarrentzat eta nazioarteko elkarlanarentzat.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia