ADNzko ordenagailu automatikoa
2001/11/22 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Ordenagailu berriak mila milioi operazio egin ditzake segundo batean. Siliziozko ordenagailuekin alderatuta oso motela bada ere, entzimaz eta ADNz osatutako soluzioa izanik ez dago batere gaizki.
Ordenagailu arruntek 0 eta 1 ikurrez osatutako kode bitarra erabiltzen dute. Beraz, ADN molekula lau baseko kode-sisteman oinarritzen denez, ADNzko ordenagailuak eragiketa matematikoak ebazteko aukera gehiago emango lituzke. ADNzko ordenagailuaren bidez, problema kodetu eta ebazpen posible guztiak dituzten ADN-molekulak sortzen dira.
Orain arteko ADNzko ordenagailuak ez ziren automatikoak, hau da, eragiketak aurrera eramateko ikertzaileek aldaketak egin behar zituzten inguruan. Ordenagailu berri horrek, ordea, gizakiaren laguntzarik gabe egiten ditu eragiketak. ADN-sekuentziak mozten dituzten entzima espezifikoek osatzen dute hardwarea, ADNaren molekula-zatiak dira softwarea. Amaieran, ADN-molekula espezifikoak antzematen dituen detektagailua erabiltzen dute erantzun egokia ematen duten molekulak bereizteko. Azkenik, emaitza elektroforesi bidez ebazten da.
ADNzko ordenagailuari esker, ADN-sekuentziak izugarrizko abiadan aztertu ahal izango dira eta ikerketa genetikoari bultzada garrantzitsua emango zaio. Lanaren egileetako batek esan duenez, gaixotasunak antzemateko eta sendagai egokiak bilatzeko erabili ahal izango da etorkizunean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia