Oso ondo ezagutzen dituzu gazteak, teknologia eta hezkuntza. Asko aldatu dira gazteak azken urteotako teknologia berrien agerpenarekin?
Uste dut irakasleok pribilegiatuak garela, nerabeak ezagutu eta belaunaldi berriek zer pentsatzen duten jakiteko aukera dugulako. Nerabe-belaunaldi asko ikusi ditugu, pribilegio horretatik.
Eta benetan uste dut belaunaldi guztiok gauza asko dugula amankomunean. Institutura sartu, gazteei erreparatu eta askotan pentsatzen dut, duela 30 urte, gu nerabeak ginenean, nahiko antzekoak ginela, zentzu gehienetan: gure kezkak, gure ezjakintasunak, gure zalantza guztiak… Gauza asko errepikatu egiten dira. Testuingurua da aldatu dena. Pantailak sartu dira, alderdi fisikoak izugarrizko garrantzia hartu du... Baina, oinarrian, uste dut oso antzekoak direla. 1.000 urte barru ere antzekoak izango garela imajinatzen dut, ez bagara adimen artifizialarekin fusionatzen, behintzat.
Teknologiarekin duten harremana da, beharbada, testuinguruan aldaketa handiena eragin duena. Teknologiak dena baldintzatzen du, baita giza harremanak ere, ezta?
Bai, teknologiak dena baldintzatzen du. Duela 20-30 urte, bikote-harreman bat izan nahi bagenuen, nola egiten genuen? Kalera aterata. Gaur egungo nerabeei kritika asko egiten zaizkie, baina duela 25-30 urte, alkoholaren laguntzarekin harremantzen ginen askotan gure artean, lotsak alde batera uzteko. Gure belaunaldikoekin eta zaharragoekin hitz egiten baduzu, guk denok alkoholarekin izan dugun erlazioa oso potentea izan da.
Gaur egun estatistikek diote alkohol gutxiago kontsumitzen dela. Ez dakit kausalitate edo korrelazio bat dagoen teknologiaren eta alkoholaren kontsumoaren artean. Azken batean, gaur egun sareetan elkartzen dira gazteak, eta ez dute behar hainbesteko alkoholaren presentzia inhibizioari aurre egiteko, guk erabiltzen genuen bezala.
Beraz, badira teknologiaren inguruko aldagai batzuk bigarren deribatuak ekartzen dituztenak. Horren inguruan irakurtzea eta behatzea asko gustatzen zait, eta nerabeekin egoteak zertan ari diren bertatik bertara ezagutzeko aukera ematen dit.
«Okerrena da, laguntzaile baino gehiago, jainko edo jainkosa bat balitz bezala erabiltzen dutela adimen artifiziala»
Azken urteotan adimen artifiziala eta, batez ere, ChatGPT azaldu izanak ekarri ditu aldaketa handiak ere. Nolako harremana dute gaur egun gazteek adimen artifizialarekin?
Ez da erraza gertatzen ari dena ulertzea, batez ere hezkuntzan. Demagun Historiako irakasleak eskatzen diela Erdi Aroaren inguruan lan bat egiteko, edo Filosofiako irakasleak Platoni buruzko idazlan bat idazteko… Edo galdera bat botatzen die, Platonek gaur egun Instagram erabiliko lukeen edo ez. Duela 20-30, urte etxera joan, eta horren inguruan hausnartzen jarriko ziren. Edo, beharbada, lehengusina zaharragoari galdetuko zioten, edo gurasoak idatziko zien idazlana. Batek daki.
Gaur egun, minutu bakar batean, prompt bat sartu, eta ChatGPT ahalguztidunak erantzungo dio. Okerrena da, laguntzaile baino gehiago, jainko edo jainkosa bat balitz bezala gurtzen eta erabiltzen dutela. Ondorioz, irakasleak erabat harrituta geratzen ari dira, ikusita zer nolako lanak ari diren jasotzen.
Eta hau gertatzen ari da bigarren hezkuntzan, batxilergoan zein unibertsitatean. Jada unibertsitate batzuk erabakitzen ari dira bertan behera utziko dituztela gradu amaierako eta master amaierako lanak. Oraintxe bertan ez dute zentzurik, eskatzen zaien bezala, behintzat.
Uste dut adimen artifizialak hezkuntzan izango duen inpaktu handiena ebaluatzeko modua eraldatzea izango dela. Aldatu egin behar da, ikasleek txatbotak erabiltzen jarraituko baitute. Eta, hemendik aurrera, bere erabilera kasu askotan irakasleok gomendatuta izango da. “Erabil ezazu ariketa jakin hau egiteko. Eta aipatu zer egin duzun, deskribatu pausoak, eta bidean ikasi duzuna ebaluatuko dut”. Zeharo aldatuko da ikasleak ebaluatzeko sistema.
«Zenbat eta lehenago adiskidetu irakasleak txatbotekin, hobeto»
Alegia, onartu egin behar dugu, testuinguru berrian, teknologia hauek egon badaudela, eta erabili egin behar direla. Hori onartutakoan, errazagoa izango zaigu nola eta zertarako erabiliko den arautzea.
Txatbotak egon badaude. Ez onartzeak balioko dizu urtebetez edo bi urtez ostrukarena egiteko. Baina geratzeko etorri dira. Eta gero eta hobeagoak dira. Zenbat eta lehenago adiskidetu haiekin, hobe.
Beharbada, ebaluazioa etxean egindako idatzizko lanena izan beharrean, aurrez aurreko elkarrizketena izan beharko da. Ebaluazioa aurrez aurre egindako ebidentzien analisitik etorri beharko da. Gazteekin elkartu beharko dugu, bakoitzarekin hizketan, jakiteko ea ulertu duen eta hor idatzita entregatu duen hori nondik atera duen. Ez duzu ikasturte osoa horretan eman behar, baina tarte batzuk hartu beharko ditugu patxadaz ikasle horrekin egoteko eta ikusteko zeintzuk diren bere gabeziak eta nola doan.
Uste dut pentsamendu kritikoa izango dela gakoetako bat. Gakoa izango da patxadaz irakurtzea, hausnartzea, galderak egitea… eta gu horretan laguntzaile izatea. Ikasketa horren testigu eta parte-hartzaile izatea. Adimen artifizialaren agerpenak hau indartzera eraman behar gaitu.
Ez dakit adimen artifizialak eta testuinguru teknologiko berri honek arazo etiko berriak sortzen dituzten.
Uste dut galdera guztiak eginda daudela jada, eta behin eta berriz galdera antzekoei bueltaka ari garela. Nik ikusten ditut dokumentuak, ez adimen artifizialaren inguruan, baina bai hezkuntzaren inguruan. Hezkuntzan duela 10-20 urte egiten ziren galderak begiratzen ditut, eta gauza berberaz ari gara, oinarrian. Eta 20 urte barru ere antzekoaz arituko dira. Gurpilari beste buelta bat ematen ari gara. Dagoen testuinguru berriaz jabetuz, baina betiko galderez arituko gara. Beti horrela izaten da.
Arazoa da teknologia berri hauek bat-batean etortzen direla, tsunami bat bezala. Eta askotan galdetzen didate: “Baina momentu honetan zer zaude, teknologiarekiko liluran edo beldurrean?” Bada, oraindik ere, momentuaren arabera, liluratzen nau eta hurrengo orduan beldurtzen nau.
«Teknologia honen hausnarketa sakon bat abiatu behar da hezkuntzan»
Irakasleok horrelako tresna bat ikusten dugunean, hasieran beti beldurretik ikusten dugu. Gero, handik gutxira konturatzen gara honetarako edo besterako erabili dezakegula, eta gure tentazioa izan daiteke alderantzizkoa, azeleratzea eta erabilera txar bat egitea.
Zeren pentsatu behar dugu ikasleen datuekin ari garela, eta hori ezin da edonora igo. Datuen tratamenduari buruz hitz egin beharko dugu, ea zer esaten duen arautegiak. Horren inguruan ere hausnartu egin beharko dugu. Horrelako gaiak ari gara lantzen, baina adimen artifizialaren tsunami honekin, gauzak presaz eta azkar batean egin beharrean, teknologia honen hausnarketa sakon bat abiatu beharko dugu eta ikusi zein diren eskaintzen dizkigun aukerak.
Sare sozialek ere badituzte beren erpinak.
Bai, aukera pila bat ematen dituzte, informazio-iturri ikaragarriak dira, baina biolentzia-maila handia dago. Ez dut uste kalean horrelako biolentzia-maila ikusten denik. Pertsona batzuek izugarri sufritu behar izan dute. Sare sozialak sortu aurretik, milaka urtez, zenbat pertsona ezagutzen genituen gure tribuan, 150 inguru? Tributik baztertzen bazintuzten, zure heriotza soziala zekarren horrek. Eta sare sozialetan heriotza sozial ikaragarriak egoten dira, bullying-kasu oso gogorrak. Xn ikusten dena ikastetxe batean ikusiko bagenu, bullying-protokolo bat aktibatuko genuke zuzenean, eta lanean mobbing-protokolo bat.
Sortzen duen sufrimendua ikusita, hausnartu behar genuke zer harreman dugun sare horiekin. Zenbat denbora pasatzen dugun hor, zertan… Nik sare sozialak uztea erabaki nuen.
Nolanahi ere, irakasle bezala eta guraso bezala, ez gaude behartuta horrelakoak gainbegiratzera? Gazteek erabiltzen dituzten komunikatzeko moduak eta ikonoak ulertzeko, haien testuingurua ulertu ahal izateko.
Bai, ez diot inori inongo leziorik eman nahi, baina uste dut garrantzitsuena gure gazteei begietara begiratzea dela. Elkarri begiratzea, haiekin denbora ematea, nola dauden galdetzea. Uste dut hortik informazio pila bat atera daitekeela, ez duzu sare sozialetan zure semea edo alaba zelatatzen ibili beharrik. Ez dakit. Baina mundu frenetiko honetan dena hain azar doanez, ez dugu ezta elkarri begietara begiratzeko denborarik ere. Eta hor informazio pilo bat galtzen ari gara.
Gogoratzen dut ikerketa bat, Pisako emaitzen inguruan egin zena, eta ondorioztatzen zuen emaitza akademiko onak izateko, askoz ere garrantzitsuagoa zela etxekook elkarrekin afaltzea, elkarrekin hitz egitea eta giro atsegina izatea, beste ezer baino. Baita gurasook seme-alabekin matematikako ariketak egiten eman dezakegun denbora baino gehiago, edo seme-alabei mikroskopio bat edo ez dakit zein material erostea baino.
Irakasleok adimen artifizialaren inguruko hausnarketa egitea beharrezkoa dela esan duzu, baina gurasook ere egin beharko dugu, ezta?
Bai, uste dut ezinbestekoa dela oinarrizko alfabetizazio bat egitea. Teknologia hau geratzeko etorri da, gero eta teknologia konplexuagoak eta hobeak izango dira, eta oinarrizko ezagutza bat izan behar dugu. Zoratu gabe, baina bai ikusi zein diren gaur egun ematen dituzten aukerak.
Are gehiago, oinarrizko alfabetizazio bat baita teknologia honen atzean zer dagoen ulertzeko ere. Zeren teknologiaren atzean zer dagoen ulertzen hasten zarenean, teknologiak sortzen dituen alborapenez jabetzen hasten zarelako. Jabetzen zara eskaintzen dizkizun testuek, irudiek, bideoek edo audioek izugarrizko alborapenak dituztela. Genero-alborapenak, kulturalak… Beraz, bai, irakasle zein gurasook beharrezkoa dugu oinarrizko alfabetizazioa.

Argazkiak: Hiruka aldizkaria (CC BY-SA 2.0)
Roa Zubia, Guillermo
Elhuyar Zientzia