Abere klonatuen haragia eta esnea seguruak dira
2008/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Duela urtebete, FDAk, elikagaiak eta sendagaiak onartzeaz arduratzen den Estatu Batuetako erakundeak, abere klonatuen haragia eta esnea jateko seguruak zirela adierazi zuen. Hala ere, halako abereak hazten dituzten konpainiei eskatu zieten artean ez merkaturatzeko produktu haiek. Nonbait, kontsumitzaileek aurkako jarrera izango zutela aurreikusten zuten, eta, gainera, proba gehiago egin nahi zituzten (aurretik lau urte zeramatzaten ikertzen).
Orain, EFSAk, Europan elikagaien segurtasunaz arduratzen den erakundeak, FDAk esandako bera adierazi du, alegia, klonatutako abereen eta haien ondorengoen produktuek ez dutela kalterik eragiten pertsonetan, eta, beraz, jateko onak direla. Horren ondotik, FDAk iaz onartutakoa berretsi du, tarte horretan egin dituzten ikerketek aurrekoen emaitzak indartzen baitituzte.
Adierazpenak adierazpen, abere klonatuen haragia edo esnea probatzeko gogoa duten kontsumitzaileek itxaron egin beharko dute, oraindik ez baitira merkaturatuko. Eta inoiz merkaturatzen badira, oso garestiak izango dira seguru asko, abere gutxi sortzen baitira klonazio bidez.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia