Orain baino lehen, zenbait ikerketak erakutsi dute gehiegizko abeltzaintzak ondorio kaltegarriak dituela ingurumenean. Egin berri duten ikerketa zabal batean, ordea, frogatu dute arazo hori ez dela orokorra. Aitzitik, eskualde ekonomikoki aberatsetan ―adibidez, Europan―, abeltzaintza estentsiboa galtzen ari da, eta hori ere ingurumenaren kalterako izan daitekeela ohartarazi dute ikertzaileek.
Zehazki, ikerketan, abeltzaintza-presioak 1999tik 2023ra izandako bilakaera aztertu dute, FAOk munduan bereizten dituen 18 eremuetan. Hala, ikusi dute presio hori positiboki erlazionatzen dela presio demografikoarekin; eta negatiboki, berriz, haztegi intentsiboetako txerrien eta oilaskoen kontsumoarekin. Horrenbestez, presioa hazi egin da eremu ekonomikoki pobretuetan, hazkunde demografikoaren eta teknifikazio eskasaren eraginez. Eremu aberatsetan, ordea, alderantzizkoa gertatu da. Esaterako, Europako Hegoaldea izeneko eremua hirugarrena da, galerarik handiena izan duten eremuen artean. Horren barruan dago Euskal Herria.
«Europako Hegoaldea izeneko eremua hirugarrena da, galerarik handiena izan duten eremuen artean»
Ikertzaileen arabera, besteak beste, alderdi hauei eragiten die galerak: biodibertsitatea, suteen dinamika, ziklo biogeokimikoak, eta tokiko komunitateen ongizate sozial eta kulturala. Ikertzaileen arabera, beharrezkoa da eragin horiek ondo aztertzea, eta politiketan aintzat hartzea. Horretarako, paradigma zientifikoa aldatu behar dela ere iradoki dute.
Aipatzekoa da 2026a Larreen eta Artzainen Nazioarteko Urtea izendatua duela Nazio Batuen Erakundeak.
Ana Galarraga Aiestaran
Elhuyar Zientzia







