}

A eta D bitamina gehiegi hartzea arriskutsua

1994/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Bitaminak osasunarentzat onuragarriak direla edozeinek daki, baina emaitza onak lortzeko dosi txikiak (egunean miligramo gutxi batzuk) hartu behar dira. Dosi handiegiak hartzeak ez du ezertarako balio eta kasu batzuetan kaltegarri ere izan daiteke. A eta D bitamina gehiegi hartzea da arriskutsuena.

A bitamina gehiegi hartuta adibidez, burukomina, gorakoak, nekea, hemorragia, etab. izan daitezke. Umeak, behar duen dosia baino 30 aldiz handiagoa hartuta izaten ditu ondorio kaltegarri hauek, eta pertsona helduak, dosi normala baino 300 aldiz handiagoa hartuta.

Umeak, behar duen dosia baino 30 aldiz handiagoa hartuta izaten ditu ondorio kaltegarriak.

Toxikazio kronikoa dosi normala baino 10-30 aldiz handiagoa hilabetez hartu ondoren hasten da. Dosi normala baino 7 aldiz handiagoa sei urtez hartuta zirrosiak ere azaldu dira.

Bitamina-pilulak alde batera utzi behar ote dira? Berez, uztea hobe da. Estatu Batuetan ere, oso modan daude bitaminak, baina A bitamina duten piluletan pertsonak egunero behar duen dosiaren hirukoitza baino gehiago ez dute edukitzen.

D bitamina gehiegi hartzea ere toxikoa da. Larruazal zuria eguzkitan dagoenean, D bitamina egunero behar duena baino 15 bat aldiz gehiago sortu eta gibelak hilabetean behar duena gordetzen du.

D bitaminaren forma aktiboa, gibeletik pasa ondoren giltzurrunean sortzen den hormona da eta gure fosforo- eta kaltzio-premiak erregulatzen ditu. 0,1 miligramo (behar dena baino 10 aldiz gehiago) aste batzuetan hartzen bada, karranpa edo kalanbreak, deshidratazioa eta hiperkaltzemia (harriak) izaten dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia