A erribonukleasaren etengabeko azterketa
2002/02/01 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
EHUko Kimika fakultateko Xabier Lopezek 5 urte daramatza proiektu batean murgilduta. Orain gutxi Donostiako Kimika fakultatera itzuli berri da ikerketarekin jarraitzeko asmoz. Proteinen gaia lantzen duen proiektu honetaz hitz egiteko aukera izan dugu berarekin eta bere irakasle ohi Jesus Ugalderekin.
Proteinak, entzimak hain zuzen, erreakzioen katalizadoreak dira. Erreakzioen eragile direnez, beraien funtzioa zuzenki erlazionatua dago gaixotasunekin. Beraz, nola lan egiten duten ulertuz, posible da gaixotasun horiek ekidin edo geldiaraztea.
Xabierrek A erribonukleasa (A RNasa) entzimarekin lan egiten du. Entzima garrantzitsu horren funtzioa ARN-katea apurtzean datza. Informazio genetikoaren transmititzailea, ARN, nukleotidotan zatitu behar izaten da behin erabili ondoren. Horretarako, A RNasak moztu egiten du ARN-katea.
A erribonukleasaren egituraren berri orain dela 30 urte izan bazen ere, ez dute oraindik bere funtzionamenduaren gakoa aurkitu. Bide horretan giza genomaren aurkikuntza pauso bat izan da, baina sekuentzia horrekin zer gertatzen den jakitea da hurrengoa. “From the secuence to the consecuence”, sekuentziatik ondoriora alegia.
Hori ikertzen hainbat talde ari dira, eta zailtasunaz jabetu gaitezen, esan dezagun A RNasaren kasuan oraindik egitura kristalinoa soilik dela ezaguna, egitura estatikoa. ’Ez dakigu nola mugitzen den, ezta zein egitura duen lanean ari denean ere’ dio Xabierrek.
Azterketa-metodoak
Proteina hauek guztiak aztertzeko, espektroskopia edo RMN metodoa erabiltzen dira. RMN metodo ezagunak proteina txikien azterketarako bakarrik balio du. X izpien difrakzio bidezko espektroskopiak, berriz, kristal-egitura soilik azter dezake. Proteinek mugimenduan duten portaera zein den jakin ahal izateko, espektroskopia oso azkarra beharko litzateke, argazki-kopuru handia denbora laburrean ateratzeko gai dena. Zoritxarrez, aurrerapausoak egin badira ere, teknika hori ez dago garatua oraingoz.
Esperimentalki abiatzen den prozesu honetan erreakzioaren pauso guztiak aztertzen dira, proteinen geometria eta energia-mailak kontuan hartuz. Bestalde, teorikoki, erreakzioak har ditzakeen bideen arabera, energiaren ekuazioa planteatzen da. Perfektua ez den prozesua izaki, zenbait suposizio egiten dira eta amaieran propietate horiek bete diren edo ez begiratzen da. Horrela, alde esperimentalaren eta teorikoaren emaitzek “feedback” batean bat egiten dute.
Sena kimikoa, fisika eta informatika uztartzen dituen proiektu honek jarraipen luzea izango du, dudarik gabe.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia