775. urtean izan zen energia handiko gertaera kosmiko baten eragina detektatu dute Japoniako ikertzaileek zuhaitzen eraztunetan. Bi zedro japoniarren eraztunak aztertu dituzte, eta ikusi dute 774tik 775era osatu zen eraztunean karbono-14 kantitatea asko handitzen dela. Hala, Naturen argitaratu dute atmosferako karbono-14ak gora egin zuela gari horretan.
Atmosferan karbono-14a sortzen da erradiazio kosmikoaren eraginez sortutako neutroiak nitrogeno-14arekin elkartzean. Eguzki-ekaitzek eta supernobek igorritako erradiazioak eragin dezake hori, baina bi aukera horiek baztertu dituzte ikertzaileek. Izan ere, karbono-14aren igoera hori eragiteko, inoiz ezagutu ez den bezalako eguzki-erupzio erraldoi bat beharko zatekeen, eta horrek bestelako ondorioak ere izango zituzkeen (besteak beste, sekulako aurorak, eta ozono-geruza suntsitzea). Eta supernoba baten kasuan ere, egunez ere ikusteko moduko izar berri bat sortzeaz gain, oraindik X izpien edo irrati-uhinen bidez detektatzeko modukoa behar luke. Halakorik ezagutzen ez denez, ikertzaileek ezin izan dute karbono-14aren igoeraren arrazoia zehaztu.Etxebeste Aduriz, Egoitz
Elhuyar Zientzia Itsas Biologian eta Animalia Biologian lizentziatua, La Lagunako Unibertsitatean (Tenerife). AZTI-Tecnalian hasi zuen bere ibilbide profesionala. 2006tik Elhuyarren ari da lanean Kultura Zientifikoaren arloan. Elhuyar aldizkariko erredaktorea eta zuzendarikidea da.
 
         
                     
                   
 






