}

5.500 haurrek hartu dute parte Elhuyarrek Umeen Gabonetako Parkean eskainitako zientzia eta teknologiako jardueretan

2025/01/08 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)

5500-haurrek-hartu-dute-parte-elhuyarrek-umeen-gab

5.500 haurrek hartu dute parte BEC-eko Umeen Gabonetako Parkean Elhuyarrek eskaini dituen zientzia eta teknologiako tailer, ginkana eta ikuskizunetan. Abenduaren 14tik urtarrilaren 5era, STEAM gunea izeneko txokoan egin dira ekintzak, eta Eusko Jaurlaritzaren STEAM Euskadi arloaren, Innobasqueren eta BEC-en laguntzarekin gauzatu dira.

Tailerren helburu nagusia izan da zientzia eta teknologiarekiko interesa sustatzea, esperientzia dinamiko eta praktikoen bidez; baita zenbait gaitasun bultzatzea ere, hala nola pentsamendu kritikoa, sormena, arazoen ebazpena eta talde-lana. Gainera, hamar emakume ikertzailek gidatu dituzte tailerrak eta ikuskizunak.

Parte hartzeko modu bat baino gehiago egon dira: banaka, lagunekin edo familian. Gutxi gorabehera 2.000 haurrek, hirutik batek, familian egin dituzte tailerrak, eta horrek eragin positiboa du haurren zientzia-kapitalean.

Jarduera hauek gustatu zaizkie gehien haurrei eta familiei: mikroskopioaren bidez laginak aztertzea, piramide holografikoak egitea, termopolimeroekin eskulanetan aritzea eta elektrizitatearekin lotura duten jarduerak egitea. Zientzia-ikuskizunek ere arrakasta handia izan dute, eta huts-ponparekin eta kimikari lotutako esperimentuekin aho-zabalik gelditu dira asko eta asko.

Urteak daramatza Elhuyarrek zientzia eta teknologiako halako tailerrak eskaintzen. Herri batzuetan, Bizilabe izeneko jarraipen-programaren barruan egiten dira, baina badago tailer solteak egiteko aukera ere. Horiek kontratatzeko, idatzi helbide honetara: j.aldasoro@elhuyar.eus.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia