50 urteko ikerketa kimikoa: iraultza ala eboluzioa?

EHU


Duela 50 urte iraultza sendoa jasan zuen ikerkuntza kimikoak, gutxi gorabehera EHUko Kimika Fakultatea sortu zenean. 1970eko eta 1980ko hamarkadetan, gaur egungo ikerketa kimiko modernoaren oinarriak ezarri ziren. Kimikari organikoak, adibidez, B12 bitamina eta beste produktu natural konplexuen sintesi totala alboratu, eta trantsizio-metalen katalisia edo erreakzio periziklikoak erabiltzen hasi ziren sendagai heteroziklikoak prestatzeko. Kimika ez-organikoaren esparruan ere garapen ikusgarriak izan ziren konposatu organometaliko eta bioez-­organikoen arloetan. Materialen zientziak, bestalde, aplikazio teknologiko ugari dituzten polimero berriak sortu zituen, zeinek betirako aldatu baitzuten gure gizartea. Azkenik, analisi eta karakterizazio teknika berriak, hala nola HPLC, IG, MS edo EMR, eskuragarri bihurtu ziren ikertzaile askorentzat, eta, hala, aipatutako Kimikaren iraultza osatu zen.

Aurrerapen horiek guztiak direla medio, baina, ez litzateke zuzena izango pentsatzea azken 50 urteetako ikerketa kimikoa aurreko mendekoaren bilakaera hutsa izan dela. Adibidez, gogora dezagun garai hartan ez zela Internet existitzen! Artikulu bat idazteko, liburutegiko “Chemical Abstracts” paperezko argitalpen erraldoian kontsultatu behar zen bibliografia, artikuluak hautatu, originalak aldizkari fisikoetan irakurri edo egileei berrargitalpenak eskatu postaz, artikulua idatzi, argitaletxeari postaz bidali, epaile edo “referee”en ebazpen-gutuna jaso, etab. Hori guztia pentsaezina iruditzen zaie gaur egungo ikertzaile gazteei, baina halaxe zen orain dela 30 urte arte.

Azken hamarkadetan, asko sendotu da kimikaren, biozientzien eta materialen zientzien arteko diziplinartekotasuna. Kimikariok funtsezkoak bihurtu gara sendagai edo material berrien garapen proiektuetan, eta horretarako biokatalisia, katalisi asimetrikoa, sintesi konbinatorioa, klik sintesia, fase solidoko sintesi automatizatua eta fluxu sintesia metodologia berriak asmatu ditugu, besteak beste. Horietako teknika batzuk arrakasta handiz erabili dira Kimika Fakultatean.

Azken hamarkadetan, gizarte-eskaera handia egon da kimikariok sortutako produktu eta materialen ingurumen-inpaktua murrizteko. Halaber, ikerketa kimikoa modu seguruan egiteko prozedurak hobetzen joan dira. Sinestezina badirudi ere, 1980ko hamarkadan Kimika Fakultateko laborategi batzuetan, erreakzioak ke-kanpairik gabe egiten ziren, eskularrurik, betaurrekorik edo bestelako babes-­ekiporik gabe, eta han bertan zigarroak erretzea ere nahiko naturala zen! Zorionez, hori guztia iraganeko kontua da, eta gaur egun, zorrotz betetzen dira segurtasun-arauak.

Etorkizun hurbilari dagokionez, oso litekeena da adimen artifizialean oinarritutako algoritmo ahaltsuen erabilerak iraultza berri bat sortzea ikerketa kimikoan. Orain arte, molekula edo material berrien prestaketa edo transformazioa kimikarien intuizio eta esperientzian oinarritutako prozesu logikoa izan da. Agian, datozen hamarkadetan, sintesi kimikoaren diseinua, optimizazioa eta, zergatik ez, sintesiaren beraren robotizazioa ere, ordenagailuen bidez gidatutako prozesua izan daiteke. Badirudi aldaketa ikusgarrien atarian gaudela!

Aizpurua Iparragirre, Jesus Mari

Kimika Organikoko katedraduna

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali