3D inprimagailuez organo funtzionalak sortzeko baskularizazioa lortu dute
2019/05/06 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Bioingeniariek muga handi bat topatu izan dute 3D inprimagailuez giza organo funtzionalak sortzeko lasterketan: ez dute lortzen organoak oxigenoz eta elikagaiez hornituko dituen odol-hodien sarea sortzea, eta organoak endekatu egiten dira berehala. Washingtoneko Unibertsitateko ikertzaileek, ordea, lortu dute material biologikoekin bateragarri den sare baskular konplexua inprimatzea, eta Science aldizkarian argitaratu dute.
Birikak imitatzen dituen aire-zaku moduko bat erakutsi dute ikertzaileek, inguruan sare baskular konplexua duena. Sarea sortzeko, hidrogel likidoa geruzaz geruza solidotzen joan behar izan dute. Argi urdinaz solidotzen denez, baskularizazioa ondo inprimatzeko gakoa izan da nahasketari elikagai-tinteak gehitzea, argi urdina xurgatu eta hidrogela solidotzen lagundu dutelako. Hala, minutu gutxian gel biobateragarriak sor daitezkela adierazi dute. Gainera, probek erakutsi dute sarea nahikoa sendoa badela odol-fluxuak eta arnasketak sortutako mugimenduak jasateko.
Ikertzaileen esanetan, berrikuntzak elkar gurutzatutako sare finak sortzeko aukera emango du, odolaren, airearen, linfaren eta bestelako oinarrizko jariakinen pasabide naturalak imitatu ahal izango dituztenak. Horrek bioinprimatzeari bultzada handia emango diolakoan daude, baskularizazioa zelakoan haren garapena baldintzatzen zuena. Izan ere, sistema berriak baita odol-bideen barneko ezaugarriak ere inprima ditzake; esaterako, odolaren fluxua norantza bakarrean joan dadin laguntzen duten balbulak.
Giza organo biziak inprimatzeari buruzko albiste gehiago:
3D inprimagailu batez giza hezur, kartilago eta giharrak sortzea lortu dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia