
El Cabrilgo zuzendaria, Carlos Pérez Estévez, eta komunikazio-arduraduna, Marta Arroyo Abad, ditugu zain. Adeitasunez hartu gaituzte, eta areto batera eraman gaituzte, aurkezpen-bideo bat ikusteko. Ondoren, azalpen batzuk eman dizkigute. Esan digutenez, 1990ean hasi ziren eraikitzen instalazioak, eta 1992tik jasotzen ditu hondakin erradioaktiboak.
Zehazki, Espainian barreiatuta dauden 800 instalazio erradioaktiboetan (ospitaleak, industriak, ikerketa-zentroak) eta Espainiako zortzi zentral nuklearretan sortzen diren erradioaktibitate-maila ertaineko eta txikiko hondakinak gordetzen dira El Cabrilen. Zentraletan erabilitako erregaiak, berriz, erradioaktibitate-maila altua du, eta zentral nuklear bakoitzak duen desaktibazio-urmaelean biltzen da, oraingoz.
Horrenbestez, zentral nuklearretatik, operazioetan erabiltzen duten materiala besterik ez dute bidaltzen hara, hala nola eskularruak, zapiak, iragazkiak, erretxinak, lohiak... Ospitaleetan eta ikerketa-zentroetan sortzen diren hondakin erradioaktibo guztiak dira erradioaktibitate-maila ertaineko eta txikikoak: mantalak, eskularruak, xiringak... Azkenik, industrietan sortzen diren hondakinak ere erradioaktibitate-maila horretakoak izaten dira.
Arriskuak kontrolpean

Hondakin horiek kamioietan iristen dira El Cabrilera. Urtean 300 kamioi heltzen dira gutxi gorabehera, eta, hain zuzen, garraioan gerta daitezkeen istripuek kezka sortzen diote askori. Pérez zuzendariari horretaz galdetu diogunean, hauxe erantzun digu: "Lanean daramatzagun urte hauetan guztietan ez da istripurik izan".
Lurrikararik ere ez da izan, baina izateko arriskuak ere kezkatzen ditu inguruko herrietako biztanle batzuk, eta baita talde ekologistak ere. Izan ere, hondakin erradioaktiboak orain lurrazalean dauden instalazioetan biltzen dira, eta gero lurpean geratuko dira. Materialak erradioaktibo izateari uzteko hirurehun urte beharko dira. Zer gertatuko litzateke lurrikara bat izanez gero? Zuzendariak ziurtasun guztiz erantzuten dio horri ere: "Ritcher eskalan 8 magnitudeko lurrikara bat jasateko prestatuta daude instalazioak". Gainera, hondakin guztiak solidotuta gordetzen dira; hortaz, ezin da gasen edo likidoen ihesik gertatu.
Non eta nola gordetzen dituzten eta zer segurtasun-neurri hartzen dituzten bertatik bertara ikusteko, instalazioak bisitatzera gonbidatu gaitu Arroyok. Hala, harekin batera joan gara kontrol-gelara. Gela ordenagailuz beteta dago, eta handik zuzentzen dira hondakinak egokitzeko eta biltegiratzeko egiten diren operazio guztiak. Izan ere, operazio denak guztiz automatizatuta daude; hau da, egokitze-instalazioan eta biltegian ez dago langilerik, dena kontrol-gelatik egiten da. Horri esker, langileek ez dute kontakturik hondakin erradioaktiboarekin.
Egokitzea eta biltegiratzea

Beste material batzuk, hala nola zentral nuklearretako piezak, iragazkiak... dagoeneko egokituta iristen dira; hau da, morteroarekin prestatuta. Ontzi horiek zuzenean edukiontzietan sartzen dituzte, eta edukiontzi beretan sartzen dituzte trinkotutakoak ere.
Edukiontziak 2 m-ko aldeko kuboak dira, eta El Cabrilen bertan ekoizten dituzte, kalitate handieneko hormigoiz. Bakoitzean 18 ontzi sartzen dira, eta, betetakoan, morteroa injektatzen diote, edukia ibilgetzeko. Arroyok azaldu digu 20 orduz edukitzen dituztela edukiontziak lekuan bertan, "hormigoia ondo gogortu dadin", eta, ondoren, biltegiratu egiten dituztela.
El Cabrilek biltegiratzeko hormigoizko 28 egitura ditu, hormigoizko bi plataformaren gainean. Ipar-plataformak 16 egitura ditu, eta guztiak beteta daude. Hortaz, orain hego-plataforman ari dira gordetzen edukiontziak. Edukiontziak egokitze-instalazioetatik egiturara eramateko, kontrol-gelatik zuzentzen den garabi handi bat erabiltzen dute.

Egiturak betetze-fasean dauden bitartean, estalki mugikor bat dute, euri-ura sartzea galarazteko. Egiturak bete ahala, estalki mugikorra hurrengo egiturara eramaten dute, eta betetako egitura metro erdiko lodiera duen hormigoizko lauza batez ixten dute. Azkenik, egitura itxia estalki sintetiko batekin iragazgaizten dute.
El Cabrilgo ustiapen-epea amaitutakoan, guztia estaliko dute, material drainatzaileak eta iragazgaitzak txandakatuz. Gero, dena lurrez berdinduko dute, eta, landare autoktonoak landatuta, inguruarekin bat eginda geratuko da. Ordutik aurrera, eta 300 urtez, kontrol- eta zaintza-programa bat jarriko da martxan.
300 urtez, 3 mendez
El Cabrilen gordetako material erradioaktiboa hormigoizko hesien barruan egongo da, lurpean. Lehenengo hesia ontzia da; ondorengoa, edukiontzia; gero biltegiratzeko egitura dator, eta, azkenik, dena estaliko duten geruzak eta lurra. Guztira, 10 metroko lodierako hormigoia eta hainbat metroko estalki iragazgaitza daude hondakin erradioaktiboaren eta inguru naturalaren artean. Helburua: ura hondakin erradioaktiboekin kontaktuan jartzea eragoztea.

Egitura bakoitzak kainu-zulo bat du, eta, ura iragaziko balitz, hortik aterako litzateke. Hortaz, erraz jakingo lukete zein egituratan dagoen arazoa. Orduan, estalkia kendu eta pitzadurak konpondu beharko lituzkete. Iragazitako urarekin zer egingo luketen galdetutakoan, berriz, Arroyok erantzun digu erradioaktibitatea ote duen begiratuko luketela, eta, hala balitz, tratatu egingo luketela. Hormigoia egiteko erabiliko lukete, eta beste materialak bezala gordeko lukete. Horrela, bermatuta geratuko litzateke instalazioaren baldintza nagusietako bat: isuri erradioaktiborik ez izatea.
Ez digu erantzun, hala ere, nola bermatuko duten 300 urtez inguru hura kontrolatzeaz arduratuko dela norbait. Hain zuzen, denbora hori beharko dute hondakin erradioaktiboek egonkortzeko. Izan ere, erradiazio-maila ertaineko eta txikiko hondakinen isotopoen semidesintegrazio-periodoa 30 urtekoa da gehienez; horrek esan nahi du 30 urte igarotakoan duten erradiazio-maila erdira jaitsi dela. Horrelako hamar periodoren ondoren, hau da, 300 urte pasatutakoan, hondakinen erradiazio-maila inguruak duenaren parekoa izango da.
Erradiazio-maila oso txikiko hondakinak

Hori baino lehen, dena den, El Cabrilgo biltegiek beteta geratu behar dute. Gaur egungo teknologiarekin jarraituz gero, 30 urte inguru beharko direla aurreikusten dute. Bitartean, erradiazio-maila oso txikiko hondakinentzako biltegia ere prestatzen ari dira.
1998an eta 2001ean Andaluziako bi altzairutegitan, eta 2003an Sestaoko eta Gijóngo beste bitan, erradiazio-maila oso txikiko hondakin pila bat sortu zen, istripuz. El Cabrilera eraman zituzten, eta han dituzte, azalean, olana iragazgaitz batez estalita. Horiek behar bezala gordetzeko, 30.000 m 3 -ko edukiera duen egitura bat egin dute dagoeneko, eta beste hiru egiteko asmoa dute.

Hain juxtu, bi alderdi horiei jarraipen zorrotza egiten diete El Cabrilen. Guztia automatizatuta dagoenez, langileek ez dute kontakturik hondakinekin. Hala ere, ohiko neurketak egiten dituzte; adibidez, gu geu egokitze-instalazioa bisitatzetik atera garenean, erradioaktibitatea neurtzen duen tresna batetik igaro gara. Eskuak han jarri, eta, txistu-hots batekin batera, hau azaldu da pantailan: Limpio . Alegia, garbi.
Ingurua kontrolatzeko, berriz, airearen, uraren eta ekosistemaren (landaretza, jakiak, arrainak...) laginak hartzen dira tartean-tartean. Arroyoren esanean, ez da inoiz instalazioen jarduerak eragindako efekturik hauteman. Hala behar du.


Galarraga Aiestaran, Ana
Elhuyar Zientzia