2026ko abuztuaren 12an, eguzki-eklipsea izango dugu Euskal Herrian. Eklipsea osorik ikusiko da Bilbotik, Gasteiztik, Araba osotik, eta Nafarroaren hego-mendebalde osotik zein mendebaldetik ere. Baita Bizkaiko mendebaldetik eta Gipuzkoako hego mendebaldetik ere.
Iruñeatik, ordea, % 99,9a ikusiko da. Ez da eklipse oso-osoa ikusiko, baina ia. Donostiatik ere ez da osorik ikusiko. % 95ean harrapatuko du. Eta iparraldeko probintzietan ere, eklipse partziala ikusiko da. Laburbilduz, Euskal Herriko hego-mendebaldean ikuskizun zoragarria ikusiko da, beti ere hodeirik ez badago, noski.
«Horrelako eklipse bat dagoen bakoitzean, munduko milaka pertsona joaten dira, leku on batetik ikustera»
Eklipsea arratsaldeko 20:30ak inguruan izango da. Eguzkia baxu egongo da ordurako, eta, beraz, bailara oso sakonetan sartuta dauden herrietatik ez da ikusiko, eguzkia mendien atzean ezkutatuta egongo baita ordu horretarako. Baina, esandakoa, hodeirik ez badago, Bilbotik, Gasteiztik eta Nafarroaren hegoaldetik eta toki askotatik ikusiko da.
Ilargiak eguzkia guztiz estaliko du, egun argitan, minutu bat eta hogei segundoz-edo. Zenbat eta hegoalderago joan Euskal Herrian, orduan eta denbora-tarte handiagoz ikusiko da.
Joaquin Alvaroren adierazpenak
Aranzadiko astronomia-taldekoek hitzaldi bat antolatu dute, eta Joaquin Alvaro gonbidatu dute, Comisión Nacional del Eclipse-ko kidea. Alderdi astronomiko eta zientifikotik harago, baita sozialki zer ondorio izango dituen aipatu du. Haren ustez, horrelako eklipse bat dagoen bakoitzean, munduko milaka pertsona joaten dira, leku on batetik ikustera.
2026ko eklipsea Islandiako mutur batetik hasita egongo da ikusgai: itsasotik ikusiko da, eta bere efektua Iberiar Penintsula zeharkatzen duenean bukatuko da. Hain zuzen ere, Balear Uharteak gainditu ondoren. Beraz, eklipsea ikusteko toki egokiena Iberiar penintsula izango da. Beraz, jende asko etorriko dela aurreikusi dute. Joaquín Alvaro adituaren arabera, hotelak bete eta errepideak kolapsatu egingo dira penintsulan eklipsea hoberen ikusiko den guneetan.
Probintzia batzuetan, aukeratzen ari dira jada zer tokietara bideratuko dituzten eklipsezaleak, lur publikoak direnak, toki haietatik ikus dezaten segurtasunez. Larrialdi bat dela-eta, anbulantziak pasatzeko moduko tokiak eta bestelako zerbitzuak ondo planifikatuta dituzten tokiak aukeratu behar dituzte.
Astronomiazaleek eta eklipse-ehiztariek dagoeneko egin dituzte lotarako erreserbak, duela lau urtetik hona. Baina hainbat hotelek-eta ez dute orain erreserbarik onartzen. Adituek aurreikusten dute azken asteetan irekiko dituztela erreserbak, prezio oso altuak finkatuta. Eklipseen ajeak.
Roa Zubia, Guillermo
Elhuyar Zientzia







