}

2015. urterako errusiarrek Marte zapaldu nahi dute

2002/07/08 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Bi espazio-ontzi, sei astronauta, 440 eguneko bidaia
joan-etorria egiteko, eta ia 20.000 milioi euroko aurrekontua. Zientzialari errusiarren talde baten arabera, hori guztia beharko da 2015. urtean gizakia Martera irits dadin. Bidaia gauzatzerik balego, ez dago dudarik zientziak XXI. menderako dituen erronketako bat lortu egingo litzatekeela.

Egin diren planen arabera, bi espazio-ontzi bidaliko dira Marterantz; bata karga eramateko, eta bestea astronautekin. Pisu eta tamaina handikoak izango direnez, ISSa egiteko erabili den teknologia berarekin, lurreko orbitan muntatuko dira bi espazio-ontziak,
400-500 kilometrora. Horretarako, errusiarren Angar koheteak, estatubatuarren Delta koheteak eta ESAren Adrian koheteak erabiliko dira.

Mugitu ahal izateko,
espazio-ontziek eguzki-energiaz edo energia nuklearraz elikatutako motor elektrikoak izango dituzte. Marteren orbitara iritsita, hiru astronauta planeta gorriaren lurrazalera jaitsiko dira eta han hilabete bat edo bi pasatuko dituzte; beste hirurak, berriz, orbitan geratuko dira, zaintza-lanetan. Planetara iritsiko diren hiru astronautek arrokak eta izotza aztertuko dituzte eta mugitzeko ibilgailuren bat izango dute.

Planak ondo zehaztuta badituzte ere, errusiarrek arazoak badirela onartu dute. Izan ere, zientzialariek oraindik ez dakite grabitate-ezak eta erradiazioak astronauten gorputzetan eragin ditzakeen kalteak zenbaterainokoak izango diren. Dena dela, arazo nagusia dirua da, errusiarrek —proiektua egituratu badute ere— 20.000 milioi euroen
% 30 besterik ezin ordainduko bailukete.

Proiektua errealitate bihurtu ahal izateko, Errusiako Espazio Agentziak NASArekin eta ESArekin lan egin nahi du, "ezinezkoa baita herrialde bakar batentzat, nazioarteko lankidetzaz egin beharko dugu". Hitzak Vitaly Semyonov-enak dira, Keldish ikerketa-zentroko eta Marte XXI programaren zuzendariarenak. NASAren bozeramaleak, Delores Beasleyk, adierazi zuen errusiarrek ez dutela plan formalik aurkeztu. Horretaz gain, gastuak gutxitzeko politika dela eta, kontuan hartu behar da gizakiak Martera eramateko planak desagertu egin direla azkenaldian NASAren programa ofizialetatik. Beraz, baliteke errusiarren asmoak horretan baino ez geratzea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia