2014ko CAF-Elhuyar sariak gaur banatu dira
2015/05/14 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Saridunak eta saritutako lanak
--> Dibulgazio-artikulu orokorra: “Garun txiki birtualak”, Gorka Azkune Galparsoro
--> Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikulua: “Arrantzale bihurtu zen ehiztari hegalariaren istorioa”, Ostaizka Aizpurua Arrieta
--> Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikulua, aipamen berezia: “Karga-garraiorik gabeko elektronika berria”, Estitxu Villamor Lomas
--> Zientzia-kazetaritzaren arloko lana: "Minimalismoa laborategian", Amaia Portugal Gonzalez (Berria egunkarian argitaratua)
--> Merezimendu saria: Julian Bereziartua Barrenetxea
Eman argia zure lanari
Zarauzko Photomuseum argazki eta zinema museoan izan da, gaur, arratsaldeko seietan hasita, 2014ko CAF-Elhuyar sariak banatzeko ekitaldia. Argiaren Nazioarteko Urtearekin bat egin du sariketaren azken edizioak, eta, hala, “Eman argia zure lanari” hartu du lelotzat. Hain zuzen ere, argiak gidatu du aurtengo ekitaldia: Ibn Al-Haytham jakintsua eta hark duela mila urte idatzitako Optikaren liburuak, MITn zientziaren argazkilari aritu zen Berenice Abbottek eta Xabi Erkiziaren argi-soinuek argitu dute Zarauzko Photomuseum argazki eta zinema museoa, ekitaldiaren aurkezle Iñaki Leturiak saridunak ezagutzera eman ahala.
--> Argazki-galeria
--> Teknopolis: erreportajea CAF-Elhuyar sariez
Kazetaritzan: minimalismoa laborategian
Amaia Portugal González kazetariak jaso du zientzia-kazetaritzaren arloko lan onenaren saria, Berrian argitaratutako “Minimalismoa laborategian” erreportajeari esker. Bizidun bati zer gene ken dakizkiokeen eta horiek kenduta nola funtzionatuko luke galderari erantzuteko saio baten berri jasotzen du erreportajeak, eta, epaimahaiaren esanean, izenburutik hasita lan ona egin du Portugalek, kazetaritzaren irizpide guztiak betetzen dituena: “Aukeratutako gaia berez da erakargarria, baina baita teknikoa ere; beraz, kontuan hartzekoa da hiztegi bat gehitu izana, irakurleari laguntzeko asmoz”, nabarmendu dute.
Iaz, epaimahaiak aipamen berezia egin zion donostiarraren kazetaritza-lanari, eta aurten sari nagusia eraman du haren lanak. Saria jasotzean, Elhuyarri zientzia gizarteratzen egiten duen lanagatik eskerrak emateaz gain, komunikabideetako diru-laguntzetan Eusko Jaurlaritzak dituen irizpideak kritikatu zituen. Izan ere, haren ustez, “aleek ez dute neurtzen euskalgintzak egiten duen lana&rdquo.
Guztira, 2014ko edizioan, 8 lan jaso dira kategoria horretan.
Dibulgazioan: garun txiki birtualak, arrantzale bihurtutako ehiztari hegalariak eta elektronika berria
Dibulgazio-artikuluen kategorian hiru izan dira saridunak edizio honetan: Gorka Azkune Galparsoro, Ostaizka Aizpurua Arrieta eta Estitxu Villamor Lomas.
Lehena, informatika-ingeniaria, ez da berria sariketan, iaz ere berak eraman baitzuen dibulgazio-artikulu orokor onenaren saria. “Garun txiki birtuala” da aurten saritutako artikuluaren izenburua, eta, bertan, neurona-sare artifizialei irakasteko estrategiez ari da Azkune.
Epaimahaiaren ustean “gaurkotasun handiko gaia lantzen du, trebetasun handiz, eta adibideetan bete-betean asmatzen du”. Epaimahaiak azpeitiarraz azpimarratu du artikuluaren amaieran etorkizunera begira jartzen dela; “egilearen ikertzaile-sena adierazten du horrek”, nabarmendu du. Hain zuzen ere, dibulgatzaile trebea izateaz gain, adimen artifizialaren arloko ikertzaile ere bada Azkune, DeustoTech-en.
Saria hartzean, Azkunek nabarmendu zuen oraingoan bere arloko gai bati buruzko lan batekin irabazi duela saria, aurrekoetan fisika-arlokoak baitziren, “eta ni, fisika oso gustuko badut ere, ez naiz fisikaria, informatikaria baizik”. Horrez gain, oinarrizko zientziaren balioa goraipatu zuen; hain zuzen, artikuluan aipatzen dituen garun birtual horiek oinarrizko zientziari zor zaion ideia "zoro" bati esker garatu direla azaldu zuen.
Beste biek egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluen kategorian jaso dituzte saria, eta Aipamen Berezia, hurrenez hurren. Ostaizka Aizpurua Arrieta biologoarentzat izan da artikulu onenaren saria, saguzar hatz-luzeaz egindako ikerketa-lanaren kontakizunari esker. “Arrantzale bihurtu zen ehiztari hegalariaren istorioa”, izenburu hori du artikuluak, bikaina iruditu zaio epaimahaiari.
Gaia berez erakargarria izanagatik zarauztarra ez dela errazkeriatan erori goraipatu du epaimahaiak, eta gehitu du txukun idatzita egoteaz gain, artikuluan garbi jasotzen dela zer ekarpen egin duen EHUko ikertzaileak. “Testuaren idazkera eta tonua egokiak dira, eta egileak gaiarekiko duen grina transmititzen du”, adierazi dute; gainera, informazioa argazki eta grafikoekin osatzeko egindako ahaleginari esker, “irakurleak begiratu batean ezagutu dezake lanaren nondik norakoa”.
Saria eskuetan hartu zuenean, bere lanaren eta sariketaren leloaren arteko paradoxa aipatu zuen, umoretsu: “Saguzarrak ikertzeko gauez ibili naiz lau urtez, beti ilunpetan, eta orain argia eman didazue”. Senideak ere izan zituen gogoan, neurri batean haiengatik eta haientzat idatzi baitzuen artikulua. “Duela urtebete, tesia aurkeztu nuenean, hiru orduz egon ziren nire azalpenak entzuten, ingelesez!”; orduan agindu omen zion bere buruari euskaraz eta modu ulergarrian kontatu behar ziela zertan ibili zen.
Estitxu Villamor Lomas fisikariak, berriz, epaimahaiaren Aipamen Berezia jaso du. “Karga garraiorik gabeko elektronika berria” da artikuluaren izenburua, eta spintronikaz ari da. CIC Nanoguneko nanogailuen saileko ikertzailea da gasteiztarra, eta Euskal Herriko Unibertsitatean egin du doktoretza. Hain zuzen ere, Villamorrek ikertzen duen arloa oso teknikoa delako berez, epaimahaiari aipatzeko modukoa dela iruditu zaio egilearen ahalegina “gaia modu ulergarrian eta erakargarrian azaltzeko, eta askorentzat urruna izan daitekeen gaia hurbiltzeko”.
Eskerrak ematearekin batera, gogoetarako deia egin zuen Villamorrek: “Pentsatu behar dugu zertan eta zertarako ikertzen dugun, noren intereserako, eta erantzukizunez jokatu”.
Dibulgazio-artikuluen kategorian 28 lanen artetik aukeratu du epaimahaiak, eta oro har, aurkeztutako artikuluen kalitatea nabarmendu dute partaideek. Pertsona hauek osatu dute kazetaritza-lanak eta dibulgazio-artikuluak ebaluatu dituen epaimahaia: Arturo Elosegi, ekologoa, EHUko ikertzailea, eta zientziaren dibulgatzailea; Marian Iriarte, kimikaria, EHUko ikertzailea eta zientziaren dibulgatzailea; Uxune Martinez, UEUren Inguma datu-base zientifikoaren kudeatzailea; Alberto Barandiaran, kazetaria eta HEKIMENeko zuzendaria; eta, Leire Cancio, Elhuyarren zuzendari nagusia.
Saritzekorik ez Zientzia Gizartean sorkuntza-bekan
Beste kategorietan ez bezala, Zientzia Gizartean sorkuntza-bekara aurkeztu diren proiektuen kalitatea ez da izan aurreko edizioetan adinakoa, eta ondorioz, beka eman gabe uztea erabaki du epaimahaiak. “Proposamen gutxi aurkeztu dira, eta bakar batek ere ez zituen epaimahaiak baloratzen dituen irizpide guztiak betetzen”, adierazi dute. Horrenbestez, zalantza askoren ondoren, eta pena handiz, kategoria horretako saria eman gabe uztea erabaki du Koldo Almandoz zine-zuzendariak, Josu Rekalde EHUko Artea eta Teknologia Saileko zuzendariak eta Maria Gil Elhuyar Zientzia Unitatearen arduradunak osatutako epaimahaiak.
Hala ere, antolatzaileek unea baliatu dute sortzaileak animatzeko, datorren edizioan aurkez ditzaten beren proiektuak, bekari esker bultzada polita jasotzeko aukera izango baitute. Horren adibide da iaz beka jasotako proiektua, Xabi Erkiziaren “Idazkera isilak” izenekoa. Erkiziak urte osoa eman du lanean, eta lan horren lagin gisa erakusketa zabaldu du gaur bertan Zarauzko Arte eta Historia Museoan.
Maiatzaren amaierara arte egongo da ikusgai, ostegun, ostiral, larunbat eta igandeetan.
Merezimendu saria Julian Bereziartua medikuarentzat
Ekitaldia bukatzeko, Txema Pitarke Elhuyarreko lehendakariak Elhuyar Fundazioaren Merezimendu saria eman dio Julian Bereziartua Barrenetxea medikuari. Euskararen normalizazioan eta zientziaren gizarteratzean egindako ibilbidea aitortzen du Elhuyarren Merezimendu sariak. Hain zuzen ere, lan handia egindakoa da Bereziartua medikuntza arloan euskara normalizatzen, eta baita medikuntza arloaren dibulgazioan ere.
Azpeitiarra, medikua eta zirujaua, ibilbide profesional luze eta oparoa egin du. Osakidetzan 44 urtez aritu da, eta medikuntza orokorreko kontsulta propioa izan du 73 urte bete arte. “Ibilbide profesional luze horretan osasunari buruzko ezagutzak gaixoari (lanean) eta gizarteari (hedabideetan) euskaraz eta era ulergarrian zabaltzen egindako ahaleginarengatik” eman dio Merezimendu Saria Elhuyarrek, haren lehendakari Txema Pitarkeren eskutik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia