}

2012ko Euskadi Ikerketa saria, EHUko Luis Vega González matematikariari

2013/03/14 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Luis Vega González EHUko Analisi Matematikoko katedradunak jasoko du 2012ko Euskadi Ikerketa Saria. Deribatu partzialen ekuazioen ikerketan egindako lana nabarmendu du epaimahaiak. Haren ekarpen zientifikoen kalitatea eta sakontasuna ere azpimarratu ditu, baita matematikaren arlo garrantzitsu horretan hark egindako lanak izan duen eragina ere. Fourier-en Analisiei buruz egin dituen lanak ere azpimarragarriak dira. Vegaren lanak oihartzun zabala izan du nazioartean. Bestalde, matematikaren bikaintasunaren alorreko nazioarteko ikerketa-talde bat sortu zuen Vega irakasleak EHUn, eta Euskal Herriko Unibertsitatea munduko lehen 150en artean kokatu du, jakintza-alor horri dagokionez.

Luis Vega González (Madril, 1960) 1982an lizentziatu zen matematikan, Complutense Unibertsitatean, eta 1988an, doktore-titulua jaso zuen, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan (UAM). Chicagoko Unibertsitatean bi urte egin ondoren, UAMera itzuli zen, eta 1993az geroztik ari da Euskal Herriko Unibertsitatean. 1995etik da katedradun.

Iturria: Basque Research

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia