}

2008a, nazioarteko urtea

2008/01/12 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Nazioarteko urterik bada, hori 2008a dugu. Izan ere, hainbat gauzaren nazioarteko urte izendatu dute. Eta ez bakarrik hainbat erakunde eta taldek gai desberdinak aukeratu dituztelako urte hasi berriarentzat; Nazio Batuen Erakundeak berak (NBE) lau titulu eman dizkio urte honi: Lur planetaren Nazioarteko Urtea, higienearena, patatarena eta hizkuntzena.
Besteak beste, Lur Planetaren Nazioarteko Urtea da 2008an. Argazkia espaziotik aterata dago, eta Lur planeta erakusten du, atzean Ilargia duela, eta izarren artean.
NASA

Egia esan, Lur Planetaren Nazioarteko Urtea 2007an hasi zen eta 2009an amaitzen da, baina tartean 2008a dagoenez, hori da bete-betean Lur Planetaren Nazioarteko Urtea. 2004. urtean Indiako Ozeanoan tsunami batek izugarrizko hondamendia eragin ondoren erabaki zuen NBEk izendapen hori egitea, ingurumena zaindu ezean halakoak gero eta sarriago gertatuko direlako ustea baitu.

Hortaz, hiru urteko epe horretan, eta aurten bereziki, NBEk hainbat ekimen jarri ditu martxan, planeta ikertzeko, ingurumena zaintzeko eta babesteko, eta garapen jasangarria bultzatzeko.

Horrez gain, pertsonen osasunaz eta ongizateaz ere arduratzen da NBE, eta 2008an osasunean eragin zuzena duen gai bati heltzea erabaki du: higienea . Gaur egun, munduko populazioaren % 41ek ez du komunik, ez oinarrizko behar higienikoak betetzeko modurik. Horren ondorioz, pertsona askok maiz izaten dituzte beherakoak eta bestelako gaixotasunak, eta egunean milaka hiltzen dira horien erruz, batez ere haurrak.

Arazoari aurre egiteko, NBEk higiene egokia izateko aukera zabaldu nahi du mundu osoan, eta, hala, milurtekorako NBEk berak jarri zuen helburuetako bat lortu: 2015. urterako, erdira jaistea higiene-zerbitzurik ez dutenen proportzioa.

Patata oinarrizko elikagaia da munduko leku askotan.

Patataren Nazioarteko Urtea ere bada 2008a. Ez da elikagai bati nazioarteko urte bat ematen zaion lehen aldia, 2004a arrozarena izan baitzen. Zalantzarik gabe, arroza oinarrizko elikagaietako bat da mundu osoan, eta, dirudienez, patata ere gero eta garrantzitsuagoa bilakatzen ari da populazioaren zati handi baten elikaduran. Izan ere, nutrizio-aldetik oso aberatsa da, eta erraz hazten da, baita lur eskasetan ere. Horregatik proposatu zuen Peruk 2005ean patataren nazioarteko urte bat egitea, eta NBEk hau izendatzea erabaki zuen. Hortaz, patata gehiegi jaten ari zarela iruditzen bazaizu, behintzat baduzu aringarri hori.

Azkenik, Hizkuntzen Nazioarteko Urtea izendatu du NBEk 2008a. Ikusteko dago zertan nabarituko duen euskarak, adibidez, baina ezin ukatu askoren oniritzia lortzen dutela aurtengo gaiek. Hain justu, hori da urteko gaia aukeratzeko NBEren irizpideetako bat: nazio gehienen babesa izatea. Beste kontu bat da zer helburu jartzen diren eta horiek lortzeko zer egiten den.

Egia da urtebete oso denbora gutxi dela hain helburu handiak betetzeko. Beharbada horregatik, epeak luzatzeko joera hartu du orain NBEk. Hala, iaz Izurdearen Nazioarteko Urtea izan zen, baina 2008ra luzatu dute. Nazioarteko Urte Polarrak ere urtebete baino gehiago hartzen du: 2007an hasi zen, eta 2009ko martxora arte iraungo du.

Nazio Batuen Erakundeaz gain

Bestalde, NBEk ez ezik, beste erakunde batzuek ere izendatzen dituzte nazioarteko urteak. Esate baterako, Kulturen arteko Elkarrizketaren Nazioarteko Urtea izendatu du Europako Batasunaren Hezkuntza eta Kultura Zuzendaritzak 2008a. Polita, ezta? Argi dago normalean gaiek berek ez dutela aitzakia handirik izaten.

Eusko Jaurlaritzak Berrikuntzaren Urtea izendatu du 2008a.

Eusko Jaurlaritzak ere gai interesgarria aukeratu du aurtengorako; hain zuzen, Berrikuntzaren Urtea da hasi berri duguna. Iazko urrian, 2010 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Plana aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta orduan azaldu zuen Berrikuntzaren Aldeko Manifestua. Hitzak ez ezik, kopuru batzuk ere eman zituen; zehazki, 40 milioi euro bideratuko ditu ondorengo hilabeteetan ikerketarako azpiegiturak bultzatzeko, eta Ikerbasque eta Innobasque erakundeak sendotzeko, besteak beste.

Halako erakundeak alde batera utzita, bestelako elkarteek eta taldeek ere egiten dituzte beren izendapenak. Asko natura eta ingurumenarekin lotuta daude; esaterako, Urlehortarren Arka izeneko erakundeak Igelen Nazioarteko Urtea izendatu du 2008a.

Erakunde horrek ohartarazi duenez, bostehun igel-espezie galtzeko arriskuan daude munduan. Igelak babesteko egitasmo zehatzak landu dituzte, eta horiek aurrera eramateko dirua biltzen hasiak dira. Haien esanean, asmoa nahiko handia da, baina bostehun espezie horietatik bakarra salbatzea besterik lortzen ez badute ere, urtea arrakastatsua izango da.

Koral-arrezifeen aldeko nazioarteko erakundeak, berriz, 2008a bigarren Arrezifeen Nazioarteko Urtea izango dela jakinarazi du. Izendapena ofiziala ez dela badakiten arren, haien aldarrikapena mundu osora iritsiko delako itxaropena dute. Edozein mailatako gobernu, erakunde, talde eta norbanakoak gonbidatzen dituzte parte hartzera, eta denen artean koral-arrezifeak babesteko pauso eraginkorrak emateko asmoa dute. Hori lortzeko, lehenik informazioa zabaldu nahi dute, jendeak uler dezan zer garrantzi duten koral-arrezifeek ekosisteman, eta aurten bereziki saiatuko dira horretan.

Badaude beste izendapen batzuk, hala nola Espazio-ontziaren Urtea, hegaldi espazialak eskaintzen dituen Virgin Galactik konpainiak bultzatuta, edo Feta Gaztaren Urtea, Grezian. Bururatzen zaizu besteren bat?

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia