}

2002ko hamar aurrerapen zientifiko garrantzitsuenak

2003/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Science zientzia-aldizkariak amaitutako urtean garrantzi gehien izan duten hamar ikerketekin edo aurkikuntzekin zerrenda bat osatzen du urtero. 2002ko zerrendaren lehen postuan, RNA txikiak azaltzen dira. Orain dela gutxi arte, RNAren eginkizuna proteinak osatzean DNAren aginduei jarraitzea zela uste zuten zientzialariek. 2002an egindako ikerketei esker, ordea, garbi gelditu da RNAren zati txiki baina berezi batzuek garrantzi handia dutela geneak espresatzeko garaian.

Horren ondotik Eguzkiak igortzen dituen partikula batzuk datoz, neutrinoak. Hain zuzen ere, joan den urtean neutrinoen izaerari eta ezaugarriei buruzko informazio asko jaso zen. Hirugarren tokian, berriz, hainbat organismoren genoma deskodetzeko lanak aipatzen dira, besteak beste, malaria eragiten eta transmititzen duten bizkarroiarena eta eltxoarena, bi arroz-barietaterena, laborategietan erabiltzen diren saguarena eta arratoiarena...

Halaber, espazioko hondoko mikrouhin-erradiazioaren fluktuazioak detektatu direla azaltzen da zerrendan; lan horri esker, unibertsoaren sorrerari eta etorkizunari buruzko xehetasun gehiago jakin ahal izan dira. Eta aipamena merezi izan du attosegundo bakoitzeko (10-18 segundo) irudi bat filmatzen duen teknikak ere. Horrekin, atomoaren inguruan elektroiek duten mugimendua filmatu ahalko dela uste dute.

Nahiz tenperaturaren nahiz zaporearen aurrean erreakzionatzen duten zelulak aurkitu dituztela azaltzen da zerrendaren seigarren tokian. Bitxia da, beti esan izan delako piperminak erre egiten duela, eta mendafinak freskatu. Orain frogatu da zelula batzuk bi sentsazio horiek jasotzeko gai direla. Zazpigarren postua zelulen organuluen neurriko egiturak aztertzeko aproposa den teknikak betetzen du, krioelektroien tomografiak, alegia.

Eta azken tokietan agertzen dira atmosferaren lausoa gainditzeko gai den sistema optikoa, ordulari biologikoa doitzeko argia jasotzen duten erretinaren errezeptoreak eta ‘Toumaïko gizona’, ustez hominido zaharrena dena.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia