2002a, mendien nazioarteko urtea
2002/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Dagoeneko lehen hila eman duen urte berria mendien nazioarteko urtea izendatu zen New Yorkeko Nazio Batuen egoitzan joan den abenduaren 11n. Ospakizun horretan, urtean zehar egingo diren ekitaldiak antolatuko dituen lan-taldeko ordezkariak —15 herrialdetakoak—, FAOko (Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundea) kideak eta Nazio Batuen beste erakunde batzuetako kideak bildu ziren. Abenduaren lehenerako, gainera, 46 herrialdek hartu zuten tokian tokiko kanpainak abian jarriko dituen komitea antolatzeko konpromisoa.
2002. urtea mendien nazioarteko urtea izendatzearen helburua gizartea mendietako habitata zaintzeko beharraz ohartaraztea eta bertako komunitateen biziraupena ziurtatzea da. Urteko ekitaldien balorazioa herrialde bakoitzean izango duen eragina neurtuta eta mundu-mailako erakundeen inplikazioa aintzat hartuta egingo da.
Eskualdeka sortuko diren mugimenduek, beraz, aparteko garrantzia izango dute. Izan ere, antolatzaileen arabera, mendien ustiaketaren ardura duen administrazioak kasu gehiago ematen omen du inguruko biztanleen presentzia sumatzen duenean. Italiak, Kirgiziak eta Madagaskarrek, dagoeneko, eratu dituzte ildo horretan lan egingo duten komiteak. Gainerako herrialdeek badituzte ereduak. Ea lehenbailehen jasotzen dugun oihartzun zabalagoa izango duten ekitaldien berri.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia