20 konposatu arriskutsuenak. Produktu arriskutsuenen zerrendak argitara eman dira.
2000/02/29 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Produktu arriskutsuenen zerrendak argitara eman dira
Ohikoak diren sustatzien artean arriskutsuenen zerrenda ATSDR (Agency for Toxic Substances and Disease Registry) eta EPA (Environmental Protection Agency) erakundeek idazten dute. Konposatu kimiko bakoitza ranking bateko zenbakiaz identifikatzen da eta ATSDR erakundeak egindako osasun txostena du oinarri. Zerrenda eta konposatu bakoitzari buruzko informazioa eskaintzen da Internet sarean, helbide honetan:
www.atsdr.cdc.gov/ 99list.html.
Honako hauek dira lehenengo hogeiak:
1. Artsenikoa
Pozoi indartsua da. Beste elementu batzuekin nahastuta aurkitzen da. Oxigeno, kloro edo sufrearekin konbinatuta dagoenean artseniko inorganikoa sortzen du eta karbonoa edo hidrogenoarekin, berriz, organikoa. Inorganikoa da bietan arriskutsuena. Egurra babesteko konposatuetan erabiltzen da.
2. Beruna
Metal grisa-urdinxka da. Lurrazalean kantitate txikitan aurki daiteke. Meategietan, fabriketan eta erregaietan egoten da, gehienbat. Nerbio sistema, giltzurrunak eta sistema inmunologikoan du eragin handiena.
3. Merkurioa
Zilar koloreko metal likido distiratsua da. Organismo txiki batzuek merkuriozko konposatuak sintetizatzen dituzte. Industrialki kloro gasaren eta sosa kaustikoaren produkzioan erabiltzen da. Termometroetan, enpasteetan eta baterietan egoten da. Garunean, giltzurrunetan eta fetuetan du eragina.
4. Binil kloruroa
Kolore gabeko eta usain gozoko gasa da. PVC egiteko erabiltzen da. Kontzentrazio handiek zorabioa, konortea galtzea eta heriotza ere ekar lezakete. Luzaroan kontzentrazio txikietan arnastuz gero nerbio sistema mindu eta gibeleko minbizia eragin dezake.
5. Bentzenoa
Kolore gabeko eta usain gozoko likidoa da. Industrian gehien erabiltzen diren sustantzien artean dago. Oso azkar lurruntzen da eta sukoia da. Hezurretan du eragina eta anemia eta leuzemia sor ditzake.
6. Bifenilo polikloratuak (PCB)
Kloro atomoak dituzten konposatu taldeak dira. Batzuk solidoak eta besteak likido oliotsuak dira. Besteak beste, isolatzaile eta lubrikatzaile onak dira. Estatu Batuetan produkzioa debekatu da, baina poluitzaile bezala oraindik aurki daiteke. Sudurra eta eztarria mintzen ditu.
7. Kadmioa
Naturan dagoen metala da. Ezaugarri fisikoengatik erabilera ugari ditu. Beste metalen produkzioan lortzen da. Elikagai poluituetan eta zigarroen ketan dago. Biriketan, giltzurrunetan eta hodi digestiboan du eragin handiena.
8. Bentzo[a]pirenoa
Hidrokarburo aromatikoa poliziklikoa da. Gasolina, zaborra, animaliak edo landareak erretzean sortzen da. Horregatik ketan edo kedarretan aurkitzen da. Ez dago oso aztertuta baina laborategietan egindako esperimentuen arabera minbizia sortzen du.
9. Hidrokarburo aromatiko poliziklikoak
Ehun sustantzia inguruko multzoa da. Osagabeko erreketetan sortzen dira. Puruak direnean solido zuriak edo horixkak dira. Laborategietan ikusi da animalien ugalketan. Minbizia sor dezakete baina ez da oraingoz frogatu.
10. Bentzo[b]fluorantenoa
Beste hidrokarburo aromatiko polizikliko bat da. Erregaiak eta materia organikoak erretzean sortzen da. Animalien azalarekin kontaktua edukiz gero minbizia sor dezake. Molekula horren ikerketa ere ez da sakonean egin.
11. Kloroformoa
Kolore gabeko eta usain eta zapore gozodun likidoa da. Garai batean anestesiko bezala erabili arren, gaur egun beste konposatu batzuen produkzioan maneiatzen da. Nekea eta buruko mina eragiten ditu epe laburrean. Gibeleko eta giltzurruneko minbiziarekin lotuta egon daiteke.
12. DDT
Intsektizida bezala asko erabili den solido kristalino zuria da. Molekula kloroduna da. Nerbio sistema kitzikatzen du eta gibeleko proteinen aldaketak eragin ditzake.
13 eta 14. Arokloro 1260 eta 1254
Bifeniolo klorodunen taldekoak dira. Eta horiek bezalaxe sudurrean eta eztarrian dute eragin handiena.
15. Trikloroetilenoa
Sukoia ez den likido gardena da. Usain gozoa du baina ahoa erre egiten du. Uretan oso disolbagarria da. Airean eta lurretan aurki daiteke. Koletan eta likido ezabatzaileetan erabiltzen da. Gibela, birikak eta bihotza mindu ditzake.
16. Kromoa
Naturan mota askotako konposatu eran aurki daiteke. Nagusiki hiru forma ditu: kromo metala, kromo (III) eta kromo (IV). Horietatik bigarrena bakarrik da bizitzeko ezinbestekoa, baina kantitate tarte baten barruan. Biriketako gaitzak eta alergiak sortzen ditu.
17. Dibentzo[a,h]antrazenoa
Beste hidrokarburo aromatiko polizikliko bat da. Ohikoa da ketan eta kedarretan. Airean dauden partikulekin elkartzean uretara eta lurrera eror daiteke. Bere taldekideek bezala, esan daiteke minbizia sor dezakeela. Animaliei laborategietan, behintzat, bai.
18. Dieldrina
Usain gutxiko hauts zuria da. Intsektizida bezala erabili izan da. Gaur egun, ingurugiroan duen eraginarengatik, termiten kasuetan ezik, debekatu da. Gorputzean metatzen da eta nerbio sistema erasotzen du.
19. Hexaklorobutadienoa
Usain berezia duen likido gardena da. Perklorobutadienoa ere deitzen zaio. Airearen eta uraren poluitzailea da. Zabortegietan oso ugaria izaten da. Gibelean du eragina eta giltzurrunetako tumoreak sor ditzake.
20. DDE
DDT-ren taldeko konposatua da. Dena den, DDE-k ez du merkataritzan erabilerarik. DDT-a lurrean puzkatzen da DDE sortzeko. Nerbio sisteman du eragina.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia