}

1.600 km-ko errepidea Antartikan

2003/01/24 Elhuyar Zientzia

Estatubatuarrak 1.600 kilometroko errepidea eraikitzen hasi dira Antartikan. Errepideak kostaldeko McMurdo estazioa eta Hego poloan dagoen Scott-Amundsen estazioa lotuko ditu eta ekipo zientifiko astunak garraiatzeko erabiliko dute. Bi urteko epean burutu nahi dute proiektua.

Gaur egun airez bakarrik irits daiteke Scott-Amundsen estaziora eta horrek asko mugatzen du komunikazioa. Ezin da nahi beste ekipo garraiatu eta eguraldiaren menpe daude erabat. Errepidea izanez gero, urtean ehun egunez erabili ahal izango dutela kalkulatu dute. Ipar poloa 3.000 metroko altitudean dagoenez, hogei egun behar izango dira errepidez haraino iristeko eta hamar itzultzeko.

Errepidearekin batera zuntz optikoa jarri nahi dute bi baseen artean. Scott-Amundsen basea komunikazio-satelite gehienen helmenetik kanpo dago eta ikerketen datuak ezin ditu denbora errealean bidali poloko ekipoan erabiltzen dituzten laborategietara. Zuntzak arazo hori konponduko luke.

Errepidea eraikitzea ez da erraza izango, ordea. Ibilbidea garbitu behar dute eta izotza kendu edo zuloak bete. Leverett glaziarretik zeharkatuko dituzte Maud Erreginaren mendiak, tartean mendiak ere badituzte eta. Mantentze-lanei begira, udaberriro garbitu eta konpondu beharko dela aurreikusten da. Guztira, hamabi milioi euro gastatuko dituzte proiektuan.

Ekologistek, oraingoz, ez dute protesta handirik egin. Antartika komertzialki ustiatzea galarazten duen ituna 2041era arte dago indarrean eta errepideak bizidunik gabeko eskualdea zeharkatuko du. Gainera, errepidea konboi ofizialek baino ezingo dute erabili.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia