}

100 urte? Bai erraz!

1999/06/27 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Ez da denbora asko 100 urtera iristea izugarrizko meritutzat hartzen zela. Gaur egun, ordea, mende osoa hartzea ez da dagoeneko oso gauza berezia. Estatu Batuetako aditu-talde batek aurkeztu duen lanaren arabera, Estatu Batuetan azken hamarkadan 100 urte bete duten pertsonen kopurua bikoiztu egin da. Aurrera begira, berriz, uste dute joera horri eutsi egingo zaiola. Datuetan honela laburbiltzen da aditu estatubatuarren ondorioa: 1990. urtean Estatu Batuetan 100 urtetik gorako 37.000 pertsona zeuden; gaur egun, 70.000 dira. Aurreikuspenen arabera, datorren mende-erdirako kopuru hori 834.000 pertsonetara irits daiteke.

Datu hutsa biltzeaz gain, adituen taldeak 100 urte hartzen dituztenen nolabaiteko errobot-erretratua egin du, errepikatzen diren hainbat ezaugarri bilduz. Ezaugarri horietako batzuk argi-argiak dira. Adibidez, argienetariko bat emakumea izatea izango litzateke, 100 urtera iristen diren 5 pertsonatik 4 emakumezko izaten baitira. Horren haritik, badirudi haurrak berandu izateak ere gehiago bizitzen laguntzen duela, gehienak 40 urtetik gora haurrak izandakoak baitira. Bizitza-ohiturei dagokienez, azterketatik ondorio argiak ere atera daitezke; tabakoarena esate baterako, 100 urte bete zituzten emakumezko guztietatik bat bera ere ez zelako erretzaile. Elikadurak garrantzi txikiagoa duela dirudi, batzuk barazki-jale ziren arren, beste batzuk zabor-janaria jateko ohitura baitzuten.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia