0,48 hektarea oihan, bi urte, 102 ikertzaile, 129.494 artropodo
2012/12/14 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Panamako San Lorenzo oihan-erreserbak 6.000 hektarea hartzen ditu. Han aritu dira bi urtez lanean 102 ikertzaile, Panamako Ikerketa Tropikalen Smithsonian Institutuko Yves Basset entomologoak gidatuta. Helburua: lurzorutik zuhaitz puntetaraino, oihanean bizi diren artropodo-espezieak bildu eta zenbatzea. 0,48 hektareako baso-lagina hartu, eta 14 bilketa-protokolo aplikatu dituzte artropodoen azpitalde guztietako aleak sistematikoki harrapatzeko. 6.144 espezietako 129.494 ale bildu dituzte.
--> Argazki-galeria: Ikertzaileak artropodo-bilketan
Ondoren, oihan tropikaletako artropodoen dibertsitatea kalkulatzeko ereduekin gurutzatu dituzte laginketaren datuak. “Sei eredu existitzen dira” kontatu dio Basset-ek Science aldizkariari, aldizkari horretan argitaratu baitituzte gaur ikerketaren emaitzak, “eta denak erabili ditugu iragarpenak egiteko, eta bildutako laginen datuekin gurutzatu ditugu”. Emaitzen arabera, landarediaren dibertsitatea eta artropodoena erlazionatzen dituzten ereduek ikaragarri ondo egiten dute bat artropodoentzat neurtutako biodibertsitatearekin, bai herbiboroenarekin, eta bai herbiboro ez direnenarekin ere. Azterketak iragarpen ereduak balioztatzeko balio izan duela adierazi du Basset-ek.
Hain zuzen ere, eredu horiek baliatuz, ikertzaileek kalkulatu dute Panamako San Lorenzo oihanean 25.000 artropodo-espezie bizi direla. Halaber, haien estimazioen arabera, oihanaren hektarea bakarrean espezie horien % 60 bizi da aldi berean, edozein unetan. Aberastasun ikusgarria.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia