Argazki galeriak
Basamortua: sugegorriak
Argazki galeria
Basamortuan sugegorriak harrapari hilgarriak dira. Beldurra eragiten dute, hondarretan ezkutatzeko duten gaitasunagatik.
Argazki-segida honetan argi ikus daiteke kamuflatzeko lortu duten teknikak zein hilgarri bihurtzen dituen haien biktimentzat. Argazkiak Saharako basamortuan atera zituen 2025ean Inhar D. Lopez Garcia basabizitzaren argazkilari beratarrak.
Argazkiek copyright lizentzia dute.
Basamortua: fenekoa
Biodibertsitatea
Basamortuetan bizitza ia miraria da. Muturreko tenperaturek, janari-eskasiak, ur-gabeziak hilgarri bihurtzen dute ingurunea. Baina, badago bizitza haietan, eta zein ederra, gainera.
Inhar D. Lopez Garcia argazkilari beratarra Saharako desertuan izan zen 2025ean, bidaian, eta, bertan bizi den basabizitzari ateratako argazkiak dira hemen ikusgai daudenak. Bere hitzak jasotzen dituzte argazki-deskribapenek, bere bizipenak, eta animalia horien inguruko xehetasunak.
Argazkiek Copyright lizentzia dute.
Rubin Behatokitik
Argazki galeria
Cerro Pachón mendian, Txilen, 2.682 metroko garaieran dago Vera C. Rubin behatoki astronomikoa. Inoizko kamera astronomiko handiena dauka, 8,4 metroko ispilua, sekulako bereizmena (3.200 milioi pixel), azkar biratzeko gaitasuna eta azpiegitura informatiko oso indartsua. Horri guztiari esker, gauero datu-kopuru izugarria jaso ahal izango du. Hiru gauez behin, hego hemisferioko zeru ikusgaia osorik jasoko du iruditan. Ordenagailuek, irudi horiek alderatuz, aldaketa sotilenak ere antzemango dituzte.
Emakume baten izena daraman lehen behatoki estatubatuarra ere bada; materia ilunaren lehen ebidentzia sendoenak aurkitu zituen astronomoaren izena darama behatokiak. Eta, izenaz gain, emakume haren espirituari ere eusteko asmoa zuela zirudien, behatokiaren webguneko testuetan berdintasunaren eta inklusibitatearen alde lan egingo zutela baitzioten. Trump gobernura iritsi zenean desagertu ziren hitz horiek.
Materia iluna zer ote den argitzen saiatzea izango da behatokiaren helburu nagusietako bat. Baina beste galdera batzuei ere erantzun nahi die: nola sortu zen eguzki-sistema, zer objektu eta egitura dituen Esne Bideak…
Ekainean gizarteratu zituzten behatokitik hartutako lehen irudiak. Eta irudi horiexek jaso ditugu orri hauetan; zein baino zein harrigarriagoak dira, duten bereizmenagatik, eta ezagutzen ez ziren xehetasunak agerrarazteagatik.
Hamar urteko misioa du aurrean behatokiak. Ezin jakin izena eman dion emakumea bezain iraultzailea izango ote den; baina ez dago zalantzarik informazio baliotsua emango duela unibertsoaren ezagutzan eta kosmologian sakontzeko.
Urpekoak azalera
Argazki galeria
Xibarta ama bat kumeari azalera igotzen laguntzen ari zaio, arnasa har dezan. “Txikiak burbuila batzuk askatzen zituen gora egin ahala; agian, oraindik arnasketa kontrolatzen ikasten ari zelako, edo, agian, besterik gabe, gorputzarekin esperimentatzen ari zelako”, dio argazkiaren egileak. “Niretzat, argazki honek ama batek bere kumearekiko duen maitasuna erakusten du, baita gure ozeanoen hauskortasuna zein edertasuna ere”.
Alvaro Herrero Lopez ‘Mekan’ argazkilaria Polinesia Frantsesera joaten da urtero baleei argazkiak ateratzera. Goizaldea da haren unerik gogokoena, argia leuna eta zeiharra delako, eta, horri esker, angelu perfektua aurkitu dezakeelako, animalia dotore horien forma argi eta garbi definitzeko. Horixe egin zuen argazki honekin, eta Underwater Photographer of the Year lehiaketaren 2025eko irabazlea izan da.
Mirarizko irudiak, mikroskopioaren argira
Argazki galeria
Sagu baten garuneko tumore-zelula diferentziatuen argazki honekin, Bruno Cisterna eta Erico Vitriol ikertzaileek (Augusta Unibertsitatea, AEB) Nikon Small World lehiaketaren 50. edizioko lehenengo saria irabazi dute.
Irudian garbi ikusten dira zelulen aktinazko zitoeskeletoa, mikrotubuluak eta nukleoak. Hain zuzen ere, Cisterna eta Vitriol ikertzen ari dira gaixotasun neurodegeneratiboetan nola eragiten duten zelularen zitoeskeletoan gertatzen diren asaldurek; bereziki, mikrotubuluetan gertatzen diren asaldurek. Mikrotubuluek zeluletako garraio-sare gisa funtzionatzen dute, eta Cisternaren taldeak frogatu du PFN1 proteinak funtsezko funtzioa betetzen duela garraio-sare horren funtzionamenduan (Journal of Cell Biology aldizkarian argitaratu zuten ikerketa).
Irudia lortzeko, hiru hilabete inguru behar izan zituzten zelulak tindatzeko prozesua hobetzeko, egitura guztiak ondo ikus zitezen. Gero, zelulak bost egunez diferentziatzen utzi ondoren, hiru orduz egon ziren mikroskopiotik begira, zelula diferentziatuak eta ez-diferentziatuak elkarrekintzan ari ziren gune eta une egokia topatu arte.
Irudi honek irabazi du, baina beste 87 ere nabarmendu ditu lehiaketako epaimahaiak jasotako milaka irudietatik.