Hiena arre bat diamante-meatzaritzako herri aspaldi abandonatu batean, Kolmanskopen, Namibian.

Hiena-espezie arraroena dira hiena arreak, gautarrak eta bakartiak. Zaila da haiek ikustea. Wim van den Heever argazkilariak ere hamar urte behar izan ditu Kolmanskopen hiena hauen oinatzak topatu zituenetik, kamera-tranpa batekin argazki hau atera ahal izateko.

Argazki honek irabazi du 2025eko Wildlife Photographer of the Year argazki-lehiaketa, Londresko Natural History Museumek antolatua. Epaimahaiaren hitzetan, “irudi hau geruza anitzeko istorio bat da, gainbeherari, erresilientziari eta naturaren garaipen isilari buruzkoa; eta, beraz, faunaren eta kontserbazioaren argazkigintzaren pieza ahaztezin bat da”.

Jarraian, lehiaketan nabarmendu diren beste argazki batzuk.

Herri mamuko bisitaria (Ghost town visitor)

Herri mamuko bisitaria (Ghost town visitor)

Arg. © Wim van den Heever / Wildlife Photographer of the Year

Arrantza sinkronizatua (Synchronised Fishing)

Arrantza sinkronizatua (Synchronised Fishing)

Qingrong Yangen etxetik gertu dago Yundang lakua, eta maiz bisitatzen du hango frenesiari argazkiak ateratzeko. Koartzatxoak alde batetik bestera ibiltzen dira, harrapariengandik ihes egiteko jauzi egiten duten arrainen peskizan. Kasu honetan, koartzatxoak ia mokoan zuela kendu zion arraina harrapari horietako batek.

Arg. © Qingrong Yang / Wildlife Photographer of the Year

Aingira uretatik kanpo bezala (Like an Eel out of Water)

Aingira uretatik kanpo bezala (Like an Eel out of Water)

Gymnothorax pictus aingira moreak primeran egokituak daude marearteko eremura, eta gai dira uretatik kanpo ere ehizatzeko. Gutxitan lortu da portaera hori argazkitan jasotzea.

Arg. © Shane Gross / Wildlife Photographer of the Year

Zabortegi toxikoa (Toxic Tip)

Zabortegi toxikoa (Toxic Tip)

Hiru urtetik gora daramatza Lakshitha Karunarathnak gizakien eta elefanteen arteko gatazka dokumentatzen, Sri Lankan. Zabortegi irekietan topatu eta jaten dituzten elikagaien bilgarri eta bestelako plastiko-hondakinak hilgarriak dira elefanteentzat. Honelako zabortegi bakar batean 20 elefante hil dira zortzi urtetan.

Arg. © Lakshitha Karunarathna / Wildlife Photographer of the Year

Entrega berezia (Special Delivery)

Entrega berezia (Special Delivery)

Bidyut Kalitak liztor buztingile bat joan-etorrian ikusi zuen bere etxean. Koadro baten markoan buztinezko ganbera bat egiten ari zen. Atea zabalik utzi zuen, liztorrak sartzen jarraitu ahal izateko. Azkenean, harrapakin batekin etortzen ikusi zuen. Liztor buztingileek paralizatutako harrapakinez betetzen dituzte ganberak, han jaioko diren larbak elikatzeko.

Arg. © Bidyut Kalita / Wildlife Photographer of the Year

Gertutik jarraika (Avian Tailgating)

Gertutik jarraika (Avian Tailgating)

Karraka europar bat eta mozolo bat bata besteari jarraika zebiltzan basopean, etengabe. Hogeitazazpi egunez ezkutatuta egonda lortu zuen Bence Máték argazki hau ateratzea. Ez dago argi portaera horren arrazoia. Txitak zaindu behar izan zituztenean gelditu ziren.

Arg. © Bence Máté / Wildlife Photographer of the Year

Auto-argitan harrapatua (Caught in the Headlights)

Auto-argitan harrapatua (Caught in the Headlights)

Simone Baumeisterrek oinezkoen zubi batean topatu zuen armiarma hau bere amaraunean. Lentearekin jokatu zuen zubi-azpitik pasatzen ziren autoen argiekin efektu kaleidoskopiko hau lortzeko.

Arg. © Simone Baumeister / Wildlife Photographer of the Year