Zurezko Zubiak
Horrelakoak nahi dute izan Bilboko Ingenieritza Goi Eskolan antolatu duten zubi-lehiaketan aurkeztu diren zubiek.
Zazpi izan dira 10. edizio honetan parte hartu duten zubiak, 7k estetika sailean eta horietako 5ek funtzionalitatean. Izozkien makilatxoz eginak daude, eta kola zuriz itsatsiak. Horrela lortzen dute sendotasuna.
Karga jartzea da euren gaitasuna neurtzeko modu bakarra. Horretarako, 10 kiloko altzairuzko xaflak eta 6,5 kiloko Bilboko baldosak erabiltzen dituzte.
Lehia orekatua izan dadin, zubien koefizientea kalkulatzen da, tamaina eta pisuaren arabera, ez baita gauza bera zubia luzea edo motza izatea.
Pixkanaka-pixkanaka eta kontu handiz jartzen dute zama zubiaren gainean, ahal duen gehiena iraun dezan. Erresistentzia muturreraino heltzen denean, zubia behera etortzen da.
702 kilo jasan ditu zubi irabazleak. Eduardo eta Daniel López aita-semeen lana izan da. Lehena arotza, eta bigarrena, ingeniaritzako azken urteko ikaslea. Haien lehen parte-hartzea izan da, baina azken urteetako txapelduna gainditzea lortu dute.
DANIEL LOPEZ; Ikaslea: Uste dut sekretua fabrikazioan egon dela; hau da, zotzak itsasteko, batzeko eta ahal zen simetrikoena egiteko lanean.
Kalkulatu egin dugu; optimizatuz joan gara, ahal zuen zama gehien jasateko. 650 kilo nituen kalkulatuak, eta azkenean 702 kilori eutsi die. Gehixeago har zezakeen, hala ere.
Zubi hauek, ikasle eta ikasle ohien abileziak agertzen dituzte, eta ikasitakoa praktikan jartzeko aukera ematen diete.
PEDRO IRIONDO;UPV/EHU: Fisika aplikatzen dute, eta materialen erresistentzia, mekanika, ordenadoreen programak itxuratzeko edo simulazio-programak... Azken finean, horrelako zubi bat egitea errealitatearen zatitxo bat da. Azken finean, maketa bat da, eta maketa bat gauza handi baten eskala txikian egindako gauza bat da.
Zotzak erabiltzen dira, izozkien zotzak. Egiten dena da laminatu, kola zuri horrekin bata besteari itsatsi, eta lortzen den egurrezko materiala oso erresistentea da. Erabiltzen diren bi horiek oinarrizkoak dira, eta gero bala-haria ere erabiltzen da.
Ez da arkitektoa izan behar zotzezko zubi bat eraikitzeko, eta adar ezberdinetako ikasleek hartu dute parte aurtengo sariketan.
IKER MARTIN; Antolatzailea: Horrelako proiektu bat ez da egunero egiten, eta jendea ezagutzen duzu, eta nik uste dut klasekoa, ikasten duzuna izan arren, nahiz eta praktikak egin eta klaseko lana egin, ez duzula askotan ikusten aplikazio zuzena. Eta, horregatik, egiten duzun zerbaitetan ikasitako gauzak sartzen badituzu, horrek jarraitzeko motibatzen zaitu.
Hirugarren urtea da Robertok zubi bat eraikitzen duena, lehiaketa honetan parte hartzeko. Bakarkako lana egin du, eta azken urteetako irabazlea garaitzea da bere erronka pertsonala.
Proiektua ordenagailuz egin du, eta ondoren eraikitzeari ekin dio.
Urtez urte teknika hobetuz joan da.
ROBERTO POLVOROSA; Ikaslea: Aurten, karreraren laugarren mailan, egitura bat analizatzeko elementu finituen metodoa ikasi dugu, eta diseinua egin ondoren, metodo hori aplika dezakezu, eta ikusi gutxi gorabehera zeintzuk diren puntu kritikoak. Eta horren arabera, programak ematen dizkizun emaitzak analizatzen jakinez gero, badakizu zer hobetu behar duzun, zer indartu zama gehiago daramalako, eta nondik ken daitekeen materiala.
3.500 zotz erabili ditu zubia eraikitzeko, eta ordu asko eman ditu zotzak mozten, tindatzen eta itsasten. Bere kalkuluen arabera, ez du lehiaketan indarrari dagokionez errekorra gaindituko, baina 350 kilori eustea espero du. Gainera, Estetika modalitatean ere aurkeztu du zubia.
Eta baita irabazi ere, modalitate honetan. Gainera, uste baina emaitza hobeak lortu ditu erabilgarritasunean.
ROBERTO POLVOROSA; Ikaslea: Oso ondo egon da. Bost ginen eta bigarrena izan naiz; ezin dut gehiago eskatu.
Uste nuen 350era iritsiko zela, baina 400era ez nuen uste iritsiko zenik, eta azkenean 507 izan dira. Ez nuen espero.
Datorren urtean hobetoxeago egingo dut.
Roberto bezala, Arkaitz aditua da dagoeneko Estetikako modalitate honetan. Kimika-ingeniaritza ikasten ari da. Azkeneko edizioan bigarren saria eskuratu zuen, beste ikaskideekin batera egindako proiektuarekin, eta aurtengoan berriro saiatu da, baina bakarrik.
ARKAITZ HERAS; Ikaslea: Estetika atalean egiteko ez da ingeniaritza asko erabiltzen. Nahikoa da zenbaki gutxi batzuk egitea, baina ez dira kalkulu zailak egin behar. Edozeinek egin dezake.
Behin ikusi nuen telebistan eraikin bat hiru karakol eskailera zituena; eskailerek ez zuten inoiz elkar ukitzen, eta bakoitza pisu batera zihoan. Hortik hartu nuen dorreak egiteko ideia, eta hortik aurrera, bestea irudimenaz egin nuen.
Ia hiru hilabete eman ditu 3.000 bat txotx elkarren gainean itsasten eta zubia eraikitzen.
Denbora gutxiago eman du Juditen taldeak bere proiektua osatzeko. Telekomunikazio-ingeniaritzako ikasle hauek joko moduan hartu dute desafioa, eta Interneten ikusitako eredu bat kopiatzen saiatu dira.
Ez paperezko proiekturik, ez kalkulurik; borondate hutsez altxatu dute Estetika atalean aurkeztu duten zubia.
JUDIT HERRERO; Ikaslea: Beste urteetan zubiak nola egiten dituzten ikusi genuen, eta pentsatu genuen guk bat egitea zer ateratzen zen jakiteko.
Bakoitzak bere lana egin du apurtxo bat eta gero dena juntatu dugu, eta horrela geratu da.
Batak zein besteak, denek ordu asko eman dituzte zubiak eraikitzen.
Estetikara aurkeztu diren zubiek ez dute altzairuzko xaflen eta Bilboko baldosen pisua jasan behar izan, eta, beraz, Ingeniaritza Goi Eskolako bilduma osatzera pasako dira. Funtzionalitatearen atalean, pisu gehienari eusten diona bakarrik salbatuko da.
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian







