Tailerretik asfaltora
2010ko eka. 16a, 00:00
Karterra, birabarkia, pistoiak, bujiak, balbulak... Pieza horiek guztiak uztarturik osatzen da automobil baten motorra, hau da, kontaktu-giltzari ematen diogunean martxan jartzen dena.
Baina motorrak, funtzionatzeko, erregaia behar du, motorra martxan jarriko duen elikagaia.
Denen ahotan auto elektrikoa badgo ere, hidrogeno-motorra ere izan liteke egungo erregai fosilen alternatiba, eta bide hori jorratzen ari da Nafarroako Unibertsitate Publikoko automobilgintza-tailerra. Gasolina-motorra egokitzen ari dira hidrogenoz funtziona dezan.
Jatorrizko gasolinazko motorrari kontrolean eta elikatze- eta hozte-sistementan egin dizkiote aldaketa nagusiak.
PEDRO DIEGUEZ; UPNA: Injektoreak likidoa injektatzetik gasa injektatzera pasatu behar zuten. Beraz, gas-injektoreak jarri ditugu. Gasak bolumen handiagoa du, eta bestelako kontrola dauka, zertxobait ezberdina. Hau da, erregaiaren elikatze-sistema izan da aldaketa nagusia.
Eta ondoren, batez ere, kontrola. Gasolinaren errekuntza eta hidrogenoaren errekuntza oso ezberdinak dira. Hori dela eta, injekzio-denboraren parametro elektroniko guziak, noiz injektatu behar den, eta abar, aldatu egin behar izan ditugu, baina horrek autoaren motorra kudeatzen duen kontrolean software-programazio berezia eskatzen du.
Proiektuan diharduten ingeniariek egin dituzte, dagoeneko, lehen probak, saiakuntza-gelan, eta emaitzak onak izan dira, nahiz eta potentzia txikitu egiten den pixka bat, gasolina-motorrarekin alderatuz.
Erabili zuten motorra Volkswagen Polo batena zen, eta minutuko 5.000 birara heldu zen, eta orduko 140 kilometroko abiadurara ailegatzeko potentzia lortu zen.
Urrats garrantzitsua izan da, hidrogenoa, erregai agorrezina baita, uretik erraz lortzen ahal da eta erretzen denean ez du gai kutsakorrik botatzen, ezta berotegi-efektua eragiten ere.
Gasa denez, hidrogenoa bonbonatan sartuko dute.
PEDRO DIEGUEZ; UPNA: Garai batean, etxeetan butano-bonbonak aldatu egiten ziren, ba sistema berdina izango litzateke. Hemen hidrogeno-bonbonak aldatuko ditugu. Hau da, ez dugu beteko baizik eta botila edo bonbona aldatu egingo dugu. Hutsik dagoenean, kendu eta beste bat betea jarri.
Egiten ari diren prototipoan, altzairuzko hiru botila erabiliko dituzte. Bakoitzak 18 litroko edukiera izango du eta 140 kilometroko autonomia, gidatzeko moduaren arabera, noski.
Modelo hibridoa izango da; beraz, piezak bikoiztuak izango ditu. Alde batetik, gasolinari dagozkionak, eta bestetik, hidrogenoari dagozkionak. Horrela, gidariak, erregai bata edo bestea erabiltzea aukeratuko du, noiznahi.
Urte-bukaerarako, proiektua amaituko dute. Dena den, urte batzuk pasako dira errepideetan horrelako lehenengo automobilak ikusi arte. Ibilgailu horiek ez dute kutsadurarik sortuko, errekuntzari dagokionez behintzat. Baina bestelako kutsadura, hau da soinu-kutsadura, sortuko dute.
Motorra, ihes-hodia, karrozeriaren dardara, gurpilen eta asfaltoaren arteko ukipena. Handiagoa edo txikiagoa, denek sorten dute zarata.
Legeak egunez 55 dezibelioan ezarri du zarata-muga, eta gauez 45 dezibelioan. Baina muga horiek askotan gainditu egiten dira.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Fisika saileko akustika taldeak hainbat lan egin du automobil isilagoak lortzeko.
MIGUEL ARANA; UPNA: Guk, adibidez, lan batzuk egin ditugu, zehazki, serbofrenoen soinua txikitzeko, eta egia esanda, oso neurri sinpleekin emaitza nahiko onak lortu genituen.
Beirazko zuntzarekin egin genuen babesgarri arrunt batek dexente txikitzen zuen soinua. Gainera, 2 euro-zentimo besterik ez zen kostatzen sistema bakoitzak, hau da, auto bakoitzak, eta maiztasun handiko soinu-maila asko jaisten zen.
Bidea, beraz, piezak banan-banan hobetzea da: pneumatikoen marrazki on bat, ihes-hodien diseinua edo motorraren babesa dira aukeretako batzuk.
Baina badago txanponaren beste aurpegia ere, trafikoak, oro har, sortzen duen zarata. Hobekuntzak egiteko, beharrezkoa da jakitea zarata horren eragina eremuz eremu. Orain arte, neurketa fisikoa erabili izan da, baina metodo horrek denbora eta lan asko eskatzen du; gainera, garestia da.
Gaur egun konputagailuak erabiltzen dituzte neurketak egiteko. Lurraren baldintza akustikoak eta zarata-iturri guztien datuak sartzen dira ordenagailuan eta, programa baten bitartez, tokian tokiko zarata-datua lortzen dute, baita irtenbide batzuk ere, hala nola zaratatik babesteko pantailak.
MIGUEL ARANA; UPNA: Ikusten dugu nola sortzen diren isofonak. Pantailak dauden lekutan, soinuaren eragina txikitu egiten da. Hasieran urbanizazio osoan sartzen da soinua eta uhinak hesira ailegatzen direnean, hesiak eraikinak babesten ditu, eta hala lortzen da kalitate-helburua lortzea.
Egoera ezberdinen aurrean erantzunak ere desberdinak dira: zarataren arukako pantailak jartzea da autobideetan aukeratzen duten irtenbidea. Baina hiriguneetan, abiadura murriztea edo kaleak oinezkoentzako bilakatzea izan liteke aukera.
Nekazaritza eta Berriztatzaileen Ingeniaritza Saileko proiektu-taldeak beste aukera du esku artean: errepideen asfaltoa aldatzea. Proiektu horretan, obretan sortutako hondakinak erabiltzen dituzte lehengai gisa.
ANGEL SECO; UPNA: Materiala guregana heltzen denenan, lehenik lehortu egiten dugu laborategian eta ondoren txikitu, homogeneizazioa lortzeko. Xehe-xehe uzten dugu laborategiko saiakuntzetan erabiltzeko.
Fabrikazio-prozesua oso zehatza da. Material kantitate zehatz bati, ondo pisatutako gehigarriak gehitzen zaizkio. Ohiko gehigarriak izan daitezke, hala nola karea edo zementua, edo ezohiko gehigarriak, zentral termikoetako edo beste industrietako hondakinak, besteak beste. Nahasketa homogeneizatzeko, ur pittin bat eransten zaio eta masa trinkotu egiten da.
Muestra ganbera batean ondu egiten da, eta ondoren, presio-proba egiten diote, erresistentzia kalkulatzeko.
ANGEL SECO; UPNA: Probeta aterako dugu, dagokion hauste-egunean, eta prentsara eramango dugu puskatzeko.Han ikusiko dugu erresistentzia nola handiagotzen den pasatutako denboraren arabera.
Ikusten da nola konkortzen den, eta nola, azkenean, probetak ez duen erresistentzia gehiago egiten .
Probak nahasketa eta ontze-denbora ezberdinekin egiten dituzte, egokiena lortu arte.
Emaitza azpiegiturak egiteko eta errepide hondatuak berritzeko erabil daiteke.
ANGEL SECO; UPNA: Errepideak berritzeko lanetan, produktuak gehitu eta lana bertan egin daiteke.
Kasu honetan, hondatutako bidea txikituko litzateke materiala xehatu arte eta, gehigarria eta ura erantsiz, bertan trinkotuko lukete.
Hondakin horiek berrerabiltzea lortuz gero, gaur egun asfaltaoan erabiltzen den materiala hobetzeaz gainera, hondakin-bolumen handiak ezabatzea lortuko litzateke, hau da, ekoizleei garestia ateratzen zien eta ingurumen-arazoa diren hondakinak ezabatzea.
Tailerretik asfaltora
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian