Sai zuriak arriskuan
Ainara Azkona; SEAR: Espeziea arriskuan dago. Bizkaiko populazioa ez dago hain gaizki, baina, dena den, arazo asko ditu. Arazo larrienak habiei eragindako eragozpenak izaten dira. Adibidez, Bizkaia oso leku populatua da, eta jende asko dago leku guztietan. Sai zuriak oso izuak direnez, jendea hurbiltzen zaienean ez dira habiara sartzen eta ez diote txitari janaririk ematen. Hori asko gertatzen bada txita txikia denean, txita gosez hil daiteke.
Gaurkoan, Iñigo Zuberogoitia Mugarrako harkaitz honetatik behera jaitsiko da habia dagoen tokiraino. Ahalik eta denbora gutxien egon behar du habian, hegaztiari eragozpenik ez sortzeko.
Soka batez baliatuz, gomazko poltsa bat helarazten diote, txita barruan sar dezan.
50 egun inguru dituztenean jartzen dizkiete eraztunak txitei. Oraindik ez dakite hegan egiten, baina nahikoa tamaina dute arriskurik gabe habiatik ateratzeko.
Ainara Azkona; SEAR: Guk hartzen dugu txita eta egiten diogun lehenengo gauza eraztuntzea da. Alde batetik, Aranzadiko eraztun ofiziala jartzen diogu. Bestetik, koloretako eraztun bat jartzen diogu. Hori oso garrantzitsua da, urrutitik ikus daitekeelako. Adibidez, animalia hau, habiatik irteten denean, harkaitz batean pausatuko da, eta norbaitek teleskopio bidez ikus dezake. Orduan, guk jarraipena egin diezaiokegu eraztunaren bidez. Hala, animalia hori ez dugu berriz harrapatu behar eta ez dugu itxaron behar hiltzen den arte.
Ainara Azkona; SEAR: Eraztundu ondoren, neurri biometrikoak hartzen dizkiogu. Txitei neurri gutxi hartzen dizkiegu: lumen luzera, tartsoa (hegaztiei hazten zaien lehenengo gauza tartsoa baita), buruaren eta mokoaren luzera...
Ainara Azkona; SEAR: Gero, txitari odola ateratzen diogu... eta bi lekutan gordetzen dugu: alde batetik, alkoholarekin mantentzen dugu partetxo bat eta horrekin sexajea egiten dugu, genetikaren bidez.
Informazio horri esker, hegaztiaren neurriei erreparatuz arra edo emea den jakin ahal izango dute, egunen batean.
Hegaztiaren pisua neurtu ondoren, habiara itzultzen dute poltsa berean. Jasotako datu guztiekin, sai zurien populazioaren jarraipen zorrotza egiten dute. Ez hori bakarrik: datu horiek guztiek espezieak dituen arazoak ezagutzeko balio dute. Sai zuria galtzerik nahi ez bada, ahalik eta gehien jakin behar da hari buruz.
Ainara Azkona; SEAR: Ikerketa garrantzitsua da sai zuria arriskuan dagoelako. Eta Bizkaian daukagun populazioa ez dago beste lekuetan bezain gaizki. Horregatik, oso garrantzitsua da jakitea zeintzuk diren arazoak hain gaizki ez dagoen populazio batean, beste lekuetan laguntzeko. Jakin ditzakegu zeintzuk diren azpiko arazoak eta zeintzuk izan beharko liratekeen hartu beharreko neurriak.
SEAR elkartea 1999. urtean osatu zuten. Sai zuriak ez ezik, sai arrea, belatz handia eta beste espezie asko aztertzen dituzte. Elkarteko kide batzuk biologoak dira; besteak, hegaztizaleak. Denak, boluntarioak.
Abuztuaren amaieran, sai zuriak Afrikara abiatzen dira, hanketan eraztunak dituztela. Dena ondo badoa, datorren urtean itzuliko dira familiak handitzera.
Sai zuriak arriskuan
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian