Pubertaroko erlojua
Ugaltzeko ahalmena lortzeko aldaketa fisiko, psikiko eta hormonalen hasiera da pubertaroa: haurtzarotik helduarora daraman bidaia kontrolatuko duen erlojua martxan jartzea.
Pubertaroan dauden gazte asko pasatzen dira egunero Elizabeth Blarduniren kontsultatik. Berak uste du garrantzitsua dela haurrek nabaritzen dituzten aldaketen aurrean gurasoek konfiantzaz eta naturaltasunez erantzutea.
ELIZABETH BLARDUNI; Zumarragako Ospitalea: Edozein aldaketa fisikoren aurrean, gurasokek joera dute pentsatzeko hilekoa bertan dela, baina ez da horrela. 8 urterekin has daitezke lehen aldaketak nesketan, eta nabaritzen den lehen aldaketa titi-kozkorra izaten da: titiaren egituraren aldaketaren hasiera txiki bat. Mutiletan barrabilen bolumena handitzen da. Eta horrek mekanismoa martxan jartzen du. Baina hortik pubertaro osoa izatera eta nesketan hilekoa izatera bi urte edo sei urte pasa daitezke. Alegia, oso tarte zabala dago.
Asko dira pubertaroa lehenago edo beranduago izatea eragiten duten arrazoiak. Faktore genetikoak, adibidez, oso garrantzitsuak dira, pubertaroko erlojua martxan noiz jarriko den zehazten duten geneak baitaude. Mutilek, adibidez, aitaren antza izaten dute pubertaroko aldaketen hasieran. Eta neskek, berriz, amarena.
ELIZABETH BLARDUNI; Zumarragako Ospitalea: Alabak amen oso antzekoak izan daitezke lehen hilekoaren hasieran, eta mekanismo berdinengatik, azken hilekoa ere antzeko datan buka dezakete. Dena dela, badaude batezbesteko estandar batzuk: Europako emakumeetan lehen hilekoaren batezbestekoa hamabi urte t'erdiren inguruan izaten da gutxi gorabehera, eta menopausia edo azken hilekoaren batezbestekoa 51 urteren inguruan izaten da. Baina hori batezbestekoa da, alegia, alde handiak daude.
Baina, genetikaz gain, badirudi badirela faktore gehiago pubertaroa lehenago edo beranduago martxan jartzea eragiten dutenak. Adibidez, klima beroagoa eta argitsuagoa duten herrialdeetan pubertaroa lehenago hasten da beste herrialde batzuetan baino. Ekuatorearen inguruko herrialdeak dira kasurik nabarmenenak, bertan baitituzte eguzki-ordu gehien eta tenperaturarik beroenak.
Mediku eta ikertzaile batzuen ustez, pubertaroa aurreratzeko joera bat nabari da azkenaldian kanpoko faktoreen eraginez, nahiz eta horren inguruko emaitza argirik ez dagoen.
Adibidez, Europan eta Estatu Batuetan ageri den ingurumeneko poluzio kimikoak zeresan handia izan dezake horretan: ikerketa batzuen arabera, estrogenoaren antzeko ondorioak dituzten substantzia kimikoak izan daitezke pubertaroaren hasiera poliki-poliki aurreratuz joatearen erantzuleak.
Beste faktore bat elikadura izan liteke, eta zehatzago esanda, gizentasuna. Izatez, badirudi pisua irabazteak erlojua abian jarri eta aldaketa fisikoak eragiten dituen hormona-mekanismoa martxan jartzen duela.
Arrazoi horregatik, gizentasuna duten neskei pisu normala duten neskei baino hiru urte lehenago irits dakieke heldutasun fisiologikoa, Gizentasuna Ikertzeko Elkartearen datuen arabera; alegia, gehiegizko pisuak nesken hilekoa modu nabarmenean aurreratu dezake. Izan ere, lehen uste zen gantza erreserba hutsa zela, baina orain konturatu dira zenbait hormona sortzen dituen organo endokrinoa dela .
Horregatik beragatik gerta daiteke haur goiztiarrek pubertaroa lehenago hastea.
ELIZABETH BLARDUNI; Zumarragako Ospitalea: Gerta liteke haur goiztiarrek pisua azkar irabaztea hasieran, alegia, pisu-hartzea azkarregia izatea, eta badirudi horrek eragina duela pubertaroaren hasiera goiztiarrarekin.
Antzeko efektua gertatzen da garapen bidean dauden herrialdeetatik adoptatutako haurrekin: jatorrizko bizi-kalitatea eta inguruneko egoera ona ez denean, edo aurretiko desnutrizio bat dagoenean, eta hobera aldatzean, pisua irabazteak pubertaro goiztiarrak pizten ditu.
Kontrakoa ere gerta daiteke: nutrizio txar batek atzerapena ekar dezake pubertaroan.
ELIZABETH BLARDUNI; Zumarragako Ospitalea: Anorexian, elikadura-arazoak dituzten neskek hilekoa izateari uzten diote, edo ez dute hilekorik izaten, pisurik irabazten ez badute, noski. Pubertaroa martxan jartzeko erlojuak pisu jakin bat behar du, eta neska horiek ez dute lortzen.Eliteko kirolariekin gertatzen denaren antzerakoa da: oso pisu baxua izateko exijentziaren ondorioz, urteetan hilekorik gabe egoten dira neska horiek, ez dute hilekoaren hasierarik izaten.
Pubertaro goiztiartzat hartzen da nesketan 8 urte baino lehenago hasten den pubertaroa, eta mutiletan 9 urte baino lehenago hasten dena. Kasu horietan, adituek gomendatzen dute haur-endokrinologo batengana joateko , pertsona horien pubertaroa azkartu duen mekanismoa identifikatzeko. Izan ere, aurrez aipatu diren kanpoko arrazoiez gain, arrazoi fisiko, hormonal edo gaixotasun-arrazoiek eragotz dezakete pertsona hori behar bezala haztea eta dagokion altuera lortzea .
ELIZABETH BLARDUNI; Zumarragako Ospitalea: Gero, badago neska-multzo bat -batez ere neskak izan ohi dira-, pubertaroa 8 eta 9 urte artean hasten dutenak. Goiztiarrak dira pubertaroa abiarazten, baina gainera, pubertaro horren garapena azkarra izaten da. Azeleraturik joaten dira. Orduan, neska horiek oraindik psikologikoki oso umeak direla harrapatzen ditu pubertaroak, eta ez daude aldaketa horretarako prestatuta. Kasu honetan, medikazioa erabiltzen da garapena gerarazteko, baina haztea gerarazi gabe. Alegia, berdin hazten dira eta, bitartean, neskek heldutasun psikologikoa lortzen dute aldaketari aurre egiteko .
Hiru hilabetean behin injekzioak ematean datza tratamendua, estrogenoak sortzen dituzten hormonen ekoizpena geldiarazteko. Horrela geldiarazten da pubertaroaren garapena. Duela 30 urte baino lehenagotik aplikatzen den tratamendua da, eta, egindako azterketen arabera, ez dirudi pazienteetan epe luzeko ondorio negatiborik agertzen denik.
ELIZABETH BLARDUNI; Zumarragako Ospitalea: Tratamendua bukatu eta zenbait urtera neskak aztertuta -18, 20 eta 22 urterekin aztertu ziren- ikusi zen funtzio hormonal egokia zutela. Hezurren dentsitometriak ere egin zitzaizkien, hezurrean zuten kaltzio-kopurua neurtzeko. Emaitzak guztiz normalak ziren. Alegia, haien ugaltze-funtzioa eta funtzio biologiko guztia ongi zegoen.
Danimarkako Riget Ospitalean egindako azterketa baten arabera, azken 15-20 urteetan lehenengo hilekoaren batezbesteko adina hiru hilabete inguru aurreratu da. Baina, arrazoiei dagokienez, adituen ustez asko dago ikertzeko oraindik: pubertaroak kontu ezezagun asko dakartza berekin, eta tartean eragiten duten faktore ugariek asko zailtzen dute behin betiko datu erabakigarriak lortzea.
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian







