PM10 partikula kutsagarri kopuru txikiena; Odolean dauden zelula tumoralak bereizten dituen mikrotxipa; Elbarrituentzako exoeskeleto mekanikoa; I+G prototipoak merkaturatzeko metodologia; WMAP satelitearen lana amaitu da
2010ko urr. 17a, 00:00
Iberiar penintsulako datuekin alderatuta, Euskal Autonomia Erkidegoan dago PM10 partikula kutsagarrien proportziorik txikiena. PM 10 partikulak hamar mikrometro baino diametro txikiagoa duten partikula kutsagarriak dira, eta atmosferari, gizakiaren osasunari eta ekosistemari kalte egiten diete. Euskal Herriko Unibertsitateko Ainhoa Inza kimikariak egin duen ikerketaren arabera, partikula horien igorleetako batzuk itsas aerosolak, ibilgailuen zirkulazioa, industriaguneak eta txatarra dira.
Odolean dauden minbizi-zelulak ezagutu, bereizi eta erauzten dituen mikrotxip bat sortu dute. Odol-lagin batean dauden minbizi-zelulak bereizten ditu mikrotxipak, ultrasoinu bidez. Horri esker, zelula kaltegarri horiek azter ditzakete. Odolean dauden minbizi-zelulak identifikatzeak metastasiaren diagnosi goiztiarra egiten lagundu dezake. Ezartzen diren terapien eraginkortasuna ezagutzeko ere, garrantzitsua izan daiteke. CSICek koordinatzen duen ikerketa horretan, Ikerlan Zentro Tekologikoak eta Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak hartzen dute parte.
Mikrouhinen hondoko erradiazio kosmikoa aztertzen eman ditu bederatzi urte. Dagoeneko, ordea, WMAP sateliteak bukatu du bere eginbeharra. Mikrouhinen hondoko erradiazioa, ustez, unibertsoan dagoen argirik zaharrena da. Eta azterketak emandako datuek unibertsoaren tamaina, adina, geometria eta noranzkoa azaltzen dutela diote NASAko zientzialariek. Kosmologiaren ezagutzan azken hamarkadan egindako ekarpen garrantzitsuenetakoak izan dira horiek.
Produktu berrien ideiak dituzten enpresei laguntzea, horixe da Innobasque eta Gipuzkoa Berritzen erakundeek garatu duten metodologiaren helburua. Metodologia horrek prototipo berriak dituzten enpresei produktu horiek instrustrializatzeko eta merkaturatzeko eman beharreko pausoak zein diren argitzen du. Garatu duten prozesu horren arauak, gida batean jaso dituzte.
Kanpo-egitura metaliko horrek eLEGS du izena- eta eramailerari ibiltzen laguntzen dio. Horregatik, elbarrituek erabili ahal izateko lehen probak egiten ari dira. Egiturak barneratuta dituen sensore biometrikoek identifikatu egiten dute garunak muskuluei bidaltzen dien nerbio-seinalea, eta, horrela, martxan jartzen da. Tresna altzairuz eta karbono-zuntzez egina dago, eta Berkeley Bionics enpresak garatu du; haien lehen helburua, ordea, militarrak luze eta atsedenik gabe ibili ahal izateko makina bat eratzea izan da.
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian
Teknopolis
 
             
         
                     
                   
    
    
   
   
   
  






