Otsoen arrastoan
Antzemateko animalia zaila da otsoa. Eremu oso zabaletan mugitzen da, eta horrek zaildu egiten du ikerketa. Zailtasunak areagotu egiten dira, Araba bezala gizatiartuta dauden inguruneetan, otso-populazio txikia duten lurraldeetan.
Jorge Echegaray, CSICeko ikerlaria Kontuan izan behar da otsoak Iberiar penintsulan duen lurraldearen ipar-ekialdeko mugan gaudela. Ondorioz, zailtasunak are handiagoak dira".
Zaila bada ere, otsoaren ikerketa ez da ezinezkoa; izan ere, animaliek mendian aztarnak uzten dituzte, eta aztarna horiek aztertzen dituzte Canis lupus espezieko animalien mugimenduak ikertzen dituztenek. Zehazki, otsoen gorotzak bilatu eta aztertzen dituzte. 2000. urteko hamarkadaren hasieran ekin zioten otso-aztarnak bilatzeari Echegarayk eta Martinezek. Hainbat ibilbide definituak dituzte, eta irteera guztietan ibilbide berberak egiten dituzte.
Jorge Echegaray, CSICeko ikerlaria: "Otsoek ustez erasoak egiten dituzten eta aziendetan kalte handiak izaten diren inguruneetan egiten ditugu landa-laginketak. Aztarnak aurkitzea erraza izan daitekeen ibilbideak aukeratzen dira. Horretarako, ibilbideen ezaugarriak kontuan izaten dira. Mendi-bideak, bidegurutzeak, eta, oro har, otsoa erraz mugitzen den inguruak aukeratzen dira. Sakabanatu diren animaliak izaten dira askotan, finkatzeko leku bila dabiltzan animaliak".
"Begira! Bai, baina hau azeriarena da. Diametro oso txikia du...".
Jorge Echegaray, CSICeko ikerlaria: "Gorotzen osagaiak aztertzen ditugu erabakitzeko otsoarenak diren edo beste animalia batenak diren. Abereen edo basa-harrapakinen hondakinak ageri badituzte, ileak, apatxak, hezurrak badituzte, otsoarenak izan daitezke... Gainera, otsoen gorotzen diametroa nabarmen handiagoa izan ohi da".
Ibilbidean hainbat animaliaren aztarnak aurkitzen dituzte.
Jorge Echegaray, CSICeko ikerlaria: "Hauek basurdeen oinatzak dira. Basurdeak otsoen harrapakina izan ohi dira. Izan ere, harrapakin naturalak ugaritu direlako berreskuratu da otsoa Euskal Autonomia Erkidegoko mendebaldean. Batik bat orkatzak, oreinak eta basurdeak ugaritu dira. Araban eta Bizkaiko mendebaldean basurde-kopuru handia dago".
"Oso ondo, oso ondo. Goazen, orain, GPSaren koordenatuen bidez gorotza aurkitu dugun lekua kokatzera. Felix, atera, mesedez, karakterizazio-fitxa. Gorotz-laginaren zein lagina dagoen lekuaren ezaugarriak jasotzen dira landa-lanetan. Horri esker analisi estatistikoak egin daitezke: habitatari, laginen kokapenari zein osagaiei buruzko analisiak. Jakina, kasu honetan ezin dugu zehatz-mehatz esan otsoarena den ala ez. Hala ere, tamaina handiko kanido baten gorotzarekin bateragarria bada".
DNA azterketei esker jakin ahal izango da ziurtasun osoz jasotako lagina zein animaliak utzitakoa den. Horretarako, jaso eta gero, izoztu egiten da.
Jorge Echegaray, CSICeko ikerlaria: "Gorotzekin lan egiteak berezko zailtasunak ditu, laginek DNA hondatu samar izaten dutelako. Gorotz-laginekin lan egitea nahiko zaila da".
DNA degradatuta izaten denez, jasotako lagin guztiak zein animaliarenak diren zehazterik ez da izaten. 2003 eta 2004an 136 lagin jaso ziren, eta animalia genetikoki 86 kasutan bakarrik identifikatu zen. Ikerlarien harridurarako, jasotako lagin guztiak ez ziren otsoarenak izan. DNA azterketek zehaztu zutenez, itxura batean otsoarenak ziren gorotz guztietatik 31 bakarrik ziren animalia-espezie honek utzitakoak. Gainerakoak txakurrenak izan ziren.
Jorge Echegaray: "Ezaugarri jakin batzuk zituztela-eta, landa-azterketetan jasotako laginak otsoenak izango zirela pentsatu genuen, baina horietako asko txakurrarenak ziren. Ustekabean harrapatu gintuen horrek. Oso informazio baliotsua eman digu azterketak otsoen kopurua zehazteko ez ezik, otsoaren dieta aztertzeko aukera ere izan dugulako eta txakurraren dietarekin alderatzeko aukera ere izan dugulako".
Txakurren eta otsoen dieta antzekoa izan daitekeela frogatu du ikerketak. Hala ere, badago bi espezieen arteko ezberdintasunik.
Jorge Echegaray, CSICeko ikerlaria: "Ikusi dugu otsoek gehienbat basa-harrapakinak jaten dituztela, orkatzak batez ere. Txakurren kasuan, aldiz, etxeko azienden hondakinak ageri dira, eta basa-animalienak ere bai. Harrigarri samarra da hori. Kontuan izan behar da gutxi direla harrapakin mota jakin batzuk jan ditzaketen txakurrak. Gainera, oso gutxi dira otsoaren gorotzen antzekoak egiten dituzten txakurrak".
DNAren azterketei esker, animalia-espezie hori ezagutu ez ezik, animaliak banandu eta sexuaren arabera sailkatzeko aukera ere izan zen. Horri esker jakin zen gutxi direla lurralde honetan mugitzen diren otsoak.
Jorge Echegaray, CSICeko ikerlaria: "Ez daude uste bezainbeste otso. Lan hauei esker, bi urtean hamasei otsori baino ez genien antzeman. Oso populazio-dentsitate txikia da hori".
Iberiar penintsulako otsoen dieta ikertzeko genetikoki aztertutako laginak erabili diren lehen aldia izan da hau. Ikerketan parte hartu dute Doñanako biologia-estazioak eta Suediako Uppsalako Unibertsitateak.
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian








