Odol-biotxipa
Horren adibide da BloodChip edo odol-txipa, Bizkaiko Parke Teknologikoan dagoen Progenika enpresak garatu duen produktua. Ikerketa bioteknologikoaren eremuan lan eginez eta DNA-txipen teknologia aurreratua erabiliz, enpresa honek diagnostiko genetikorako produktuak ekoitzi eta merkaturatzen ditu.
Ikuspegi genetiko batetik abiatuta, odol-emaile baten eta hartzaile baten arteko bateragarritasuna ezagutzeko aukera ematen du BloodChip-ak, transfusioetan kontrako erreakziorik ager ez dadin.
Odol-transfusioetan gaur egun egiten diren bateragarritasun-analisiak metodo segurua dira, baina, hala ere, kontrako erreakzioak eta alergiak ageri ohi dira transfusioen % 3an. Txip berri honekin, transfusioen segurtasuna % 99,8raino igotzen da; horixe da ekarpen nagusia.
Munduko talde etnikoen aldaerarik esanguratsuenak biltzen dituzte BloodChip-aren informazioa osatzen duten hamar odol-taldeek.
Hauts-partikulen aurka babesturiko gela zuri baten barneko makinetan ekoizten da txipa. Hementxe sartzen da, fisikoki, hamar odol-taldeen informazioa txiparen barnera.
BloodChip-aren bidez odol-lagin baten informazioa lortzeko, hainbat pauso dituen prozesua egin behar da. Odola ateratzeko bankuetatik jasotzen dira odol-laginak, saio-hodietan. Odol-lagin horietatik abiatuta, odolaren DNA lortzen da, alegia, emailearen informazio genetikoaren kodea.
Kode genetikoa ezagututa, lortutako DNA-lagina anplifikatu egiten da, hainbat analisi egin ahal izateko eta bermatzeko prozesu analitikoan zehar ez dela informaziorik galtzen ez kalterik gertatzen.
Odol-laginaren bateragarritasun genetikoa ezagutzeko, DNAa osatzen duen helize bikoitza bi DNA-katetan banatu behar da ondoren.
Jarraian, txipa hibridatzeko makinan sartzen da. Makina horretan, odol-laginetik datorren DNA-katea BloodChip-ean sartzen da, bertan dauden kateekin nahasteko. Hala, zein DNA-sekuentziarekin elkartzen den jakinda DNA-helize bikoitza zein katerekin osatzen duen ikusita, alegia, jakin daiteke zein den laginaren odol-taldea.
Hibridatzeko makinako prozesua amaitzen denean, txipa prest dago eskanerrean egiten den datuen analisirako. Hibridazioa BloodChip-aren zein DNA-sekuentziatan gertatu den bereizten du eskanerrak. Sekuentzia horiek seinale-puntu bidez erakusten ditu softwareak. Modu horretan, pazienteak dituen DNA-sekuentzien arabera, zer odol-talde duen zehazki ezagutuko da; modu horretan, ziurtatu egiten da odol-transfusioetan ez dela inolako kontrako erreakziorik gertatuko.
Progenikaren BloodChip-a odol-transfusioen zentro handietan erabiltzen da gaur egun, Galdakaoko osasun-zentroan adibidez, baita Madril eta Bartzelonako beste hainbat zentrotan ere. Eta, etorkizunean, txiparen erabilera beste lurraldeetara ere etengabe hedatuz joango dela aurreikusten da.
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian







