Niels Reichardt: kimika osasunaren mesedetan

Alemanian jaio eta bizi ostean, Europa osoan zehar aritu da lanean gaur gertutik ezagutuko dugun zientzialaria, baina ikerketak Donostiara ekarri du, eta hemen du orain bizilekua. Kimikan doktorea da, eta Donostiako parke teknologikoan dagoen CIC biomaGUNE ikerketa-zentroan ari da lanean. Han glikokimikako laborategiko arduraduna da. Karbohidratoak ikertzeko metodoak garatzen lan egiten du.

"Kaixo, Niels Reichart naiz. Kimikaria naiz, eta CIC biomaGUNEneko glikokimika-laborategiko burua naiz.

Kimika ikasi nuen. Arrazoi praktikoek eraman ninduten erabakia hartzera. Kimikaren, Fisikaren eta Biologiaren artean, zientzia naturalen artean, garai hartan Alemanian Kimikak zuen lan-merkatu segurua.

Karbohidratoen alorrean egin nuen doktore-tesia, Manuel Martin Lomasekin. Sintesi totalari buruzko ezagutza handitzeko, doktorego ondokoa Frantzian, Estrasburgon, egin nuen. Hilabete gutxira enpresa pribatura joan nintzen, Oxfordeko Unibertsitatearen spin off batera. Ondoren, CiC biomaGUNEn ikerketa-talde bat sortzeko Euskal Herrira etortzeko gonbita jaso nuen.

Karbohidratoek prozesu biologikoetan zer paper duten argitzeko metodoak diseinatu, garatu eta aplikatzen ditugu laborategi honetan. Prozesu horiek ikertzeko ez dago metodologiarik, gabezia erabatekoa da. Glikobiologoei lagundu nahi diegu, eta glikotxip izeneko tresna bat prestatu dugu modu masiboan milaka interakzio aztertzeko.

Glikozientziak, hots, karbohidratoek, giza osasunaren, energiaren eta oro har industriaren alorretan eskaintzen dituen aukera anitzez baliatu nahi dugu. Osasunaren arloan, adibidez, karbohidrato-proteina elkarketa baten bidez influenzaren birusa zelulara sartzea galarazi nahi dugu. Halaber, minbiziaren edo beste gaixotasun kutsakor batzuen biomarkagailu bezala ere erabil daitezke glikanoak.

Alor publikoan edo industrian ikertzea desberdina da, nahiz eta gero eta antz handiagoa dutela pentsatzen dudan. Ikerketa publikoa gero eta aplikatuagoa izango da; arazo zehatzak konpontzera bideratuko da eta arbitrarioa eta miatzailea izateari utziko dio. Horixe uste dut.

Printzipioz, alor publikoan askatasun gehiago dugu ikerketa-gaia hautatzeko eta hurbilketa-prozesua ere, hau da, metodologia eta arazoei konponbidea aurkitzeko epeak, desberdina izaten da. Normalean erabaki horiek ikertzaile nagusiak hartzen ditu, eta enpresan, berriz, inbertitzaileak. Dena dela, nire ustez ikerketa publikoak ere izan badu inbertitzailea: funts publikoak dira eta, ondorioz, gero eta gehiagotan arazoak konpontzeko epeak jakinak izaten dira edo, behintzat, aztertu eta ikertzekoak. Enpresa pribatuekin alderatuz, beharbada, iker ditzakegun gaiak desberdinak izaten segitzen dute oraindik.

Egiten dugunaren arabera baloratzen gaituztela uste dut. Ikerlarion ardura da gure lanaren berri ematea, eta ez dugu egiten, eta gainera, aberastasuna sortzen lagundu behar dugu. Gustatuko litzaidake beste batzuei eskaintzen zaien adinako garrantzia ematea guri ere.

Egunean izateko zailtasunak kezkatzen nau, argitalpen-oldea gero eta handiagoa baita. Baina hori alderik txarrena dela esatea.... Egia esan, nire lanarekin oso pozik nago, beti daude oso gustuko ez dituzun gauzak, baina okerrena deitzea...

Gehien gustatzen zait gauza berriak ikasteko daukagun aukera eta egiten ditudan lanen aniztasuna: aztertu, hezi, ikasi, argitaratu… asmatu".

Niels Reichardt: kimika osasunaren mesedetan

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali