Munduko eraikinik jasangarriena

The Crystal izena du, Londresen dago eta Siemens etxeak eraiki du.

2050. urtean eraikinak baxuak izango dira, teilatuak luzezkak izango dituzte, ertz zorrotzekoak. Eta kristalezko hormak izango dituzte argi naturalaz baliatzeko, elektrizitatea ekoizteko eguzki-panelak, eta barrualdeak atseginago bihurtuko dituzten sentsoreak.

Siemens etxeak horrela irudikatu du etorkizuna, eta irudikatzeaz gainera, gauzatu ere egin du etorkizuna. Enpresa alemaniarrak Londresen eraiki duen Kristal eraikina da hau.

Munduko eraikin jasangarrienetako bat da, eta hirien etorkizuneko erronkei erantzun nahi die. Hirien etorkizuna, horixe da eraikinaren barrualdean ikusgai dagoen erakusketaren gaia. Izan ere, gizateriaren historian lehen aldiz, jende gehiago da hirietan bizi dena hirietatik kanpo bizi dena baino. 2007an 3.500 milioi pertsona bizi ziren hirietan, eta 2030erako 4.700 milioi izango dira; hau da, munduko populazio osoaren % 60.

Hirietako populazioak gora egiteak eragin nabarmena du ingurumenean. Datu pare bat: atmosferara igortzen den CO2 guztiaren % 80 hirietan sortzen da, eta eraikinek energia guztiaren % 40 erabiltzen dute.

Baina, zergatik da eraikin hau munduko jasangarrienetako bat?

  1. Energia baxuko aireztatze-sistema: Teilatuan eta etxaurrean dituen haizagailuei esker, eraikinak aireztatze naturala du. Egunik beroenetan beroa kanporantz ateratzeko diseinatua dago sistema; hotzenetan, berriz, alderantziz egiten du.

  2. Energia-sistema adimenduna: Eraikinak behar duen energia elektrikoaren zati handi bat panel fotoboltaikoen bidez lortzen da, eta horren kudeaketa sistema adimendu zorrotz batek egiten du: sortzen den kilobat bakoitza kontrolatzen du.

  3. Euri ura biltzea eta ur zikinak birziklatzea: Euria tratatu eta edateko ur bihurtzen da. Eraikineko ur zikin guztia birziklatu eta berrerabili egiten da, komunetan eta ureztatzeko sisteman, adibidez.

  4. Berogailu-sistema: Zoruan kokatutako bero-punpa bat erabiltzen da eraikina berotzeko. Egun hotzetan beroa lurretik ateratzen da, eta termometroak asko igotzen diren egunetan eraikineko beroa lurrera bidaltzen da. Aldi berean, teilatua eta hormak ondo isolaturik daude, eta eguzkiaren berotasunaz baliatzeko diseinatu dira.

  5. Inguru jasangarria: Kristalezko etxean dauden landareak eta zuhaitzak berariaz aukeratu dira, ahalik eta ur gutxien erabil dezaten. Lorategi komun bat du etxeak, barazkiak landatzeko aukera ematen duena.

Eraikinaren prezioa, 36 milioi eurokoa izan da.

Teknopolis

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali