Mundua 10 urte barru

10 urte barru mundua nolakoa izango den imajinatzeari ekin diogu.

Zalantzarik gabe, asko dira azken 10 urteotan aldatu diren gauzak; hainbeste, ze gaur egun eguneroko bizitzaren parte diren zenbait aurrerapen zientifiko eta teknologiko imajinatu ere ezin genituen egin 1999an, Teknopolis martxan jarri genuenean.

Eta inoiz galdetu al diozue zeuen buruari zein izango diren zientziaren hurrengo mugarriak? Guk jolas txiki bat egin dugu,  eta 10 urte barru mundua nolakoa izango den imajinatzeari ekin diogu. Horretarako, arlo batzuetako zenbait aditurengana jo dugu. Ikus dezagun zer iragarpen egin dizkiguten aditu horiek.

ZEIN IZANGO DA LURRAREN OSASUNA 10 URTE BARRU?

ENRIQUE ZUAZUA; MATEMATIKARIA: Nik uste dut oraindik eskasten joango dela.

ITZIAR LAKA; HIZKUNTZA IKERTZAILEA ETA IRAKASLEA: Horrela jarraitzen badugu, txarra izango da.  Gure jarrera eta ohiturak aldatzen baditugu, berriz, ez da hain txarra izango. Hala ere, ez naiz oso baikorra gai horri dagokionez.

ANGELES IZTUETA; MATEMATIKARIA: 10 urte ez dira asko, azken finean, nanosegundo batzuk baino ez dira . Ni Garoñatik gertu bizi naiz, ordea, eta hor auskalo zer gerta daitekeen denbora horretan.

E. Z.: Ordurako, agian, gizakiaren kontzientzia areagotuta egongo da.  Hurrengo hamarkadan egoera hori aldatzea lortuko bagenu eta Lurraren osasunak hobera egingo balu, ni  pozik egongo nintzateke horrekin.

ZEIN IZANGO DA GAILU TEKNOLOGIKOEN HURRENGO IZARRA?

A. I.: Adibidez, lepoko bat non hor daukagun telefonoa, datu-gordailua, irratia eta abar.

I. L.: Bada hor liburu bat The Hitchhiker's Guide to the Galaxy. Bertan,  Babel  izeneko arrain bat zegoen. Ez zen gailu bat, benetako arraina zen, baina, asmatuko bagenu, belarritik sartu  eta arrain horrek itzultzaile unibertsal baten lana egingo luke.

JESUS M. UGALDE; KIMIKA FISIKOKO KATEDRADUNA: Laserra bera 20 urte baina gehiagoz egon zen asmatuta, baina inork ez zekien zertarako erabili ,beraz, agian gaur egun badago 10 urteren buruan izarra izango den gailu hori.

ZER SENTITUKO ZENUKE LANKIDE MODUAN ROBOT BAT IZANGO BAZENU?

I. L.: Nik uste dut baditugula lankide moduan robotak, ez dakit, nire amak orain dela gutxi erosi duen termomix hori lankidea da, eta robota da.

J. M. U.: Erabiltzen ditugun ordenagailuak, erabiltzen ditugun kontrol numerikoak dituzten aparailu guztiak, orain, esate baterako, ni begira ari natzaion tramankulu hori bera, ez al da horrelako zerbait?

A. I.: Pentsatu hutsarekin hotza sentitzen dut. Neri lana taldean eta giza berotasunez inguratuta egitea gustatzen zait. 

E. Z.: Ordenagailua, telefonoa, lanerako kasik kideak dira ez? Zer egingo genuke ordenagailu gabe? Hor dugu agenda, hor ditugu gure emaitza guztiak, gure idatzi guztiak, gure oroimen guztiak.

ETA ROBOTA ZURE NAGUSIA BALITZ?

A. I.: Bai malgutasuna eta bai irudimena behar-beharrezkoak dira nagusi papera betetzeko, eta robotek hori ez daukate; beraz, malo.

I. L.: Nire robot nagusi hori Blade Runner pelikulan agertzen diren replikante horietako bat balitz, eta, gainera, oso nagusi ona eta oso atsegina, ni poz-pozik egongo nintzateke.

J. M. U.: Nik ezin dut imaginatu ere egin. Agian, Windows ere bada horrelako zerbait. Atera itzazu kontuak, Windowsek berak nahi duena egiten du beti.

ZER DA ZIENTZIAK INOIZ LORTUKO EZ DUENA?

J. M. U.:  Zientziak lortuko ez duena zientzia bera ikasteko egin behar den esfortzua ekiditea da.

A. I.: Heriotza saihestea, hori ezinezkoa da.

I. L.: Nik uste dut zientziak ez duela sekula lortuko —ez baita hori bere helburua— gure gizartean dauden arazo moralak konpontzea; hori guri dagokigu, baina ez da zientziaren metodoaren bitartez egingo dugun zerbait.

E. Z.: Agian badira gure unibertsoari buruz airean geldituko diren galdera batzuk. Gure unibertsoa non dago kokatuta? Zeinek sortu zuen? Zeinek jarri zuen txintxetatxo hori?

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali