Teknologia ikasgaia Zamudioko Bizkaia Ikastetxean. Hormetan zerrak eta bihurkinak, apaletan, eskulanak egiteko materiala. Gaur ordea robotekin egin behar dute lan, robotak programatzen ikasi behar dute.
Ikaslea: Programatu dugu Mowaya marra beltz bat detektatzean gelditzeko bira emateko eta berriz ere beste marra beltz bat detektatzean berdina egiteko. Eta orduan, jartzen badugu, atxilotuta gelditzen da.
Bigarren eguna dute robotarekin lanean, baina dagoeneko hari aginduak emateko gai dira eta makinak, aginduak ulertu eta bete egiten ditu. Ikasleek eta robotak hizkuntza bera hitz egiten dutelako gertatzen da hori.
Ikaslea: Hau da hasiera, honek mugitzeko agintzen dio, hau, marra beltza aurkitzen duenean gelditzeko, buelta emateko eta berriz ere hasierara joateko.
Agindu segida hau programa bat da. Programazio-lengoaia honen nahiz robotaren beraren sortzaileak ez dira urrutikoak: Minirobots enpresaren egoitza da hau eta Erandion dago.
ELENA MERINO; minirobots: Heziketan erabiltzeko ideia bat izan genuen, gure ikasketetan bizi izandakoa abiapuntu hartuta. Teknologia gertutik ukitzeko erremintak falta direla iruditu izan zaigu betidanik.
Emaitzak izen propioa du: Moway, ordenagailuetan erabiltzen diren saguen tamainako minirobot bat da.
IÑAKI LETURIA; elhuyar: Minorobotaren tripak erakutsi behar dugu orain, Moway-aren barruan zer dagoen.
ELENA MERINO; minirobots: Hauek motorrak dira, robota mugitzen dutenak, hemen mikrofonoa…
IÑAKI LETURIA; elhuyar: Txiki hori?
ELENA MERINO; minirobots: Bai, hala da. Hau litiozko bateria eta hauek oztopoak detektatzeko sentsoreak. Azpian lerro-sentsoreak. Hauez gaina, argi-sentsoreak ere baditu, tenperatura-sentsoreak, hiru ardatzeko azelerometroa…
Portu honen bitartez beste gailu batzuk ere erantsi dakizkioke; adibidez, wifi modulu bat beste minirobot batzuekin batera aritzeko gaitasuna emango liokena.edo kamera bat, ikusmena artifiziala ematen diona.
Sentsore hauek guztiak kontrolatzeko enpresa bizkaitarrak fluxu-diagrametan oinarritutako lengoaia grafiko bat garatu du. Lengoaia hori erabiltzen hasteko ez da behar informatika aurrez jakiterik. Komando ulergaitz eta programazio-lerro luzeen lekuan modulu edo bloke xinple batzuk erabiltzen dira.
Ikaslea: Adibidez, zuzen joateko, ezkerrera edo eskuinera... hauek dira sentsoreak oztopoak detektatzeko, lerroak jarraitzeko, soinuarentzako...
Adibiderik sinpleenetako bat: robotak 20 cm. aurrera egin eta gelditzen denean argiak piztea. Hori egiteko, lehenik, mugimenduaren modulua lan-eremura eraman behar da. Moduluaren parametroak aldatuz desplazamendua zehaztea dago: abiadura, zenbatekoa, norabidea. Eta berdin argien moduluarekin. Gero, bloke edo moduluak elkarrekin lotu, ekintzak ordena jakinean gerta daitezen eta, azkenik, programa robotera bidaltzen da.
ELENA MERINO; minirobots: Eta grabatu egingo dugu. Idatzi duguna robotera bidaltzen da horrela. Piztu… Lehen ikasgaian egiteko moduko zerbait da, erraza, eta robotak erantzun egingo du, mugituz.
ASIER FERNANDEZ; colegio vizcaya: Egia esan lehenengo klasean nik erakustenen diedanean soinu sentsorearekin mugitu egiten dela edo argi sentsorean aktibatzen badugu eta argia kentzen badugu mugituko dela edo gelditu egingo dela, hasieran haientzat magia moduko zerbait da, baina gero lanean hasten direnean dena ulertzen dute eta zergatiak ere ulertzen dituzte eta hori da garrantzitsua.
Ikaslea: Guk programatu dugu beste taldea bezala, marra jarrai dezan baina hemen tunelean, argiak piztuko ditu sentsoreek argi gutxiago detektatu dutelako eta kanpoan gehiago dagoenez itzali egingo dira.
Robotaren beste bertsio bat atera dute orain, arduino hardware librean oinarritutakoa. baina sortzaileek diote robota ez dela jostailu bat, heziketarako baliabide bat da. Sormena, ekimena, pentsamendu logikoa eta talde-lana sustatzen duen erreminta bat. Programazioa da bidea.
ELENA MERINO; minirobots:Sistema honekin programatzen ikastea beste hizkuntza bat ikastea bezalakoa da, hizketan edo idazten ikastea bezala. Zergatik? Ez delako behar aurrez ezer jakiterik, alegia hizkuntzalariak edo idazleak izan hizketan edo idazten ikasteko. Hemen ez da behar programatzailea izan. Ikasketa-prozesua musika-tresna bat jotzen edo kirol bat egiten ikastearen parekoa da. Programatzen ikasteak teknologia kontsumitzetik teknologia gure kabuz sortzera garamatza.
Ikaslea: Soinua dagoenean mugituko da eta ez dagoenean ez da mugituko, geldirik geratuko da.
Kasu honetan gainera soinu modulu bakoitzaren ezarpenak definitu dituzte, hiru mailatan: zarata areagotu ahala, geroz eta bizkorrago mugituko da robota.
Ikaslea: Eta ez badugu hitz egiten geldirik geratuko da eta berriro bere lekura itzuliko da hona hasierako eskemara eta berriro pentsatuko du ea zer egin behar duen.
ASIER FERNANDEZ; colegio vizcaya: Ikusteko zarata asko dagoenean azkarrago mugitzen dela zarata egingo dugu, ados?
Azkenean, ikasleek asmatu behar dute hasiera eta bukaerako moduluen artean gertatzen dena, diagramaren nondik norakoa erabaki. Horrek sormena eta talde lana bultzatzen du. Robotak dituen ahalmenak eta baliabideak ezagututa, irudimena astindu behar dute egoera ezberdinei erantzuteko edo arazoak konpontzeko.
ASIER FERNANDEZ; colegio vizcaya: Adibidez sumoko txapelketetan robot bakoitzak bere estrategia dauka, badakite marra beltzetik ezin dutela atera, oztopo bat detektatzen dutenean beregana joan behar dutela, baina hori egiteko ere badira estrategia ezberdinak, beraz hainbat gauza pentsatu behar dira hor azken emaitza ondo ateratzeko.
Moway-k hainbat hizkuntza ulertzen ditu. Fluxu-diagramak 9 urtetik aurrerako haurrentzat pentsatu dituzte, baina gainera, minirobota gai da, MITek, Masachusetseko Teknologia Institutuak diseinatutako scratch lengoaia ere erabiltzeko. Eta lanbide heziketan eta ingeniaritzako lehen kurtsoetan ere baliagarria da Moway programazio-lengoaia aurreratuak ikasten hasteko. Ikaslearen bizitza akademiko ia osoa hartzen du minirobotak, bigarren hezkuntzatik unibertsitatera.
ELENA MERINO; minirobots: Ikasleak ideiak antolatzeko bidea da, zerotik gauzak sortzen ikasiko du: ezer egiteko gai ez den zerbaitek, robotak adibidez, agindutako ekintzak bete ditzan lortu.
Ikaslea: Programatu ditugu Mowayak idazteko EITB.