Zamudioko CIC bioGUNE Ikerkuntza kooperatiboko zentroko metabolomika-departamentua da honako hau. Metabolitoak ezagutzea da laborategi honetan lan egiten dutenen helburua, hau da, prozesu biologikoetan giza gorputzak sortzen dituen molekulak indentifikatzen ahalegintzen dira.
Juan Manuel Falcón; CIC bioGUNE:
“Teknologia berria da metabolomika. Hari esker, molekula txikiak azter ditzakegu, odolean, gernuan nahiz zelula barruan izan daitezkeen molekula txikiak, eta prozesu biologikoei buruzko informazioa eskuratzen dugu”.
Prozesu biologikoa zein den, metabolitoak era batekoak edo bestekoak izango dira, hots, metabolito ezberdinak sortuko dira. Zelulak elikatzen direnean, metabolito jakin batzuk agertzen dira; hiltzen direnean, berriz, beste batzuk agertzen dira. Gizakietan, orain arte 3.000 metabolito inguru identifikatu dira; landareetan, berriz, 30.000 metabolito ezberdin ezagutzen dira. Hau da, landareen metabolismoan sortzen diren 30.000 molekula txiki identifikatu dira.
Juan Manuel Falcón; CIC bioGUNE:
“Prozesu biologikoetan —minbiziaren garapenean esaterako—, zer metabolito, zer molekula txiki agertzen den ezagutzeko, metabolomika erabili izan da”.
Metabolomikaren aukerak kontuan hartuta, Livertox egitasmoa abian jarri zen duela bi urte. CiC bioGUNEk ez ezik, Euskal Herriko farmazia-industriak eta Zamudioko parke teknologikoko bi bioteknologia-enpresak hartu dute parte egitasmoan. Helburua zera izan da: gibeleko kaltea azkar eta erraz hautemateko metodo bat garatzea.
Juan Manuel Falcón; CIC bioGUNE:
“Ideia nagusia honako hau izan da: botikagintza-enpresei tresna bat eskaintzea, gai izan daitezen erabakitzeko garatzen ari diren botikek arratoiei gibeleko kalteak eragingo dizkieten ala ez”.
Botika berri bat garatzea lan luze eta garestia da. Molekula bat aurkitzen denetik merkaturatzen den arte, batez beste, hamar urte pasatu ohi dira, eta probatzen diren gaietan, 10.000tik bakarra iristen da merkatura.
Merkaturatzeko baimena jaso aurretik, ikerketan bi fase garrantzitsu gainditu behar izaten ditu botika berri batek. Klinika aurreko fasea deitzen zaio ikerketaren lehen aldiari. Ikerketa-fase horretan, substantziak espero bezala funtzionatzen duen jakiteko saioak egiten dira. Laborategiko animaliekin, arratoiekin batez ere, egiten dira proba horiek.
Zorabioak, urdaileko arazoak, buruko mina… botiken erabilera-orrietan irakur daitezkeen albo-ondorioen zerrenda luzea izan ohi da. Baina batzuetan, botika bat hartu eta gero, ustekabeko arazoak, ustekabeko albo-ondorioak sortzen dira, besteak beste, gibeleko kalte larriak. Sintoma kliniko oso larriak eragin ditzake hepatotoxikotasunak, eta botikak merkatutik kentzeko arrazoi nagusia da.
Botikek gibelean sor ditzaketen kalteak hautemateko hainbat metodo erabiltzen dira gaur egun, baina ez dute nahi besteko sentsibilitatea.
Juan Manuel Falcón; CIC bioGUNE:
"Merkaturatu ondoren baztertu egin behar izaten dira botika asko, gibelean kalteak sortzen dituztelako. Beraz, gibeleko kalteak hautemateko tresna berriak, azkarrak eta sentsibilitate handiagokoak eskaini ahal izateko, metabolomika teknologia erabili dugu".
Botika ezagun batzuek hepatotoxikotasuna eragiten dutela gauza jakina da. Livertox garatzeko botika horiek baliatu zituzten. Lehenik eta behin, laborategiko animaliei gibelean kaltea eragin zieten. Hurrengo fasean, ikerketa-animaliei ateratako sueroa edo gazura masa-espektrometroan aztertu zuten. Horrek gazurean zer metabolito, zer molekula txiki zeuden jakiteko aukera eman zuen. Gibeleko kalterik ez zuten animalien eta kaltea jasandako animalien gazuretan aurkitu zituzten metabolitoak alderatuta, 20 molekula txiki hauteman zituzten, hots, gibela kaltetuta dagoenean aldatuta agertzen diren 20 metabolito.
Produktua botikagintza-enpresek botiken garapenean erabil dezaten diseinatu dute. Horregatik, Livertox erabiltzeko ezinbestekoa da masa-espektrometroa izatea.
Juan Manuel Falcón; CIC bioGUNE:
“Livertox software bat da, eta masa-espektrometroari konektatzen zaio; arratoi baten gazura aztertzen duenean, makinari esango dio zer puntari, zer masari, zer metabolitori begiratu behar dion gibeleko kaltea dagoen ala ez erabakitzeko".
Livertoxen garapeneko lehen fasea bukatu da, eta Europan patente bat eskatu dute. Urte-hasieran, CIC bioGUNEn hobekuntza-faseari ekin zioten. Hemendik aurrera, orain arte hautemandako hogei metabolitooak sakonago ezagutzen ahaleginduko dira. Gibeleko gaitz en aurrean metabolito horiek zer-nolako jokaera duten jakitea da helburua.