Medulak: urrearen indarra

Mundu ikusgarria atalean, naturak berez sortutako parajeak erakutsi izan dizkizuegu, edo, gehienez ere, naturak sortu eta gizakiak eraldatutakoak. Gaur erakutsiko dizuegun parajea, ordea, giza eraginaren ondorioa da. Egun, erabat naturalizatuta dago, baina, sortzez, urre-ustiakuntza bortitzaren ondorioa da. Ingurune deigarri eta polita, edonola ere.

Urrearen garrantzia ez da atzo goizeko kontua. Las Médulas izeneko parajea, esaterako, Erromako inperioaren urre-meategirik handiena izan zen. Horri zor dio inguruak duen itxura berezia.

‘Ruina montium’ izeneko teknika erabili zuten urrea erauzteko. Lehenik, ura biltegi handietara ekartzen zuten inguruko mendietatik kanal-sare zabal baten bidez. Ur hori bat-batean sarrarazten zuten lurrean egindako galerietan, eta mendia, material bigunekoa izaki, lehertu egiten zen, uraren eta galerian harrapatutako airearen presioak eraginda. Horrela askatutako lurra urarekin garbitu, eta urrea eskuratzen zuten.

Urre-ustiaketa bortitzak 200 urte eskas iraun zuen. Ondorengo mendeetako artzaintza ere bukatu da, eta paisaia naturalizatu egin da. Gaur egun, badirudi ia 100 metroko garaiera duten tontorrak berezkoak direla.

Las Médulas Espainiako ipar-mendebaldean dago, Leon probintziaren hegoaldean. Konglomeratu gorriz osatutako lurra da, eta, urreaz gain, baditu zilarra, burdina eta boraxa ere, besteak beste. Konglomeratu gorri horiek Bierzoko arro sedimentarioan daude gaur egun, baina haien jatorria ezezaguna da.

Teoria nagusiak dio arroa sortu ondoren metatutako sedimentuak direla konglomeratuak, baina bada zantzurik ere pentsatzeko arroa sortu aurretik toki horretara ibai handi batek garraiatutako sedimentuak direla.

Jatorri geologiko misteriotsuak, giza historiak eta gaur egun geratu diren forma bitxiek xarma berezia ematen diote Las Médulas izeneko parajeari. Beharbada horregatik izendatu zuen Unescok Gizateriaren Ondare.

Medulak: urrearen indarra

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali