Maria Vallet: biomaterialak ez dira zientzia-fikzioa

Maria Vallet biomaterialetan erreferentzia da nazioartean. Zientzia Kimikoetan doktorea eta Kimika Ez-organikoan katedraduna da, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean.

Orain aste gutxi izan zen Donostian, Zientzia Foroa ekimenean parte hartzen. Ikerbasquek, Jakiundek eta Eusko Jaurlaritzak antolatzen duten topaketa bat da Zientzia Foroa, eta zientzia-aurrerapenak era errazean zabaltzea du helburu. Bego Zubia lankideak Maria Vallet ikerlaria elkarrizketatu du. Japonian, Frantzian eta Suedian aritu da lanean Maria Vallet, eta Ikerketa Sari Nazionala irabazi du farmakoak era kontrolatuan askatzeko garatu zuen lanarengatik.

Bego Zubia: Maria, biomaterialak ikertzen dituzu, baina azalduko diguzu zer diren?

Maria Vallet: Giza gorputzerako ordezko piezak dira. Gorputzean sartu eta ehun biziekin kontaktuan daudenak: aldaka-protesiak, belaun-protesiak, hezurrak konpontzeko erabiltzen diren zementuak, begietako lenteak egiteko erabiltzen diren polimeroak... Gauza asko dira.

B.Z.: Biomaterialak, beraz, medikuntzaren alor askotan erabiltzen dira.

M.V.:Medikuntzaren espezialitate guztietan erabiltzen dira biomaterialak.

B.Z.:Gutzietan?

M.V.:Gutztietan.

B.Z.:Nola jakiten da material zehatz bat giza gorputzaren barruan erabil daitekeela?

Lehenik eta behin toxikotasun-probak egin behar dira, eta organismoak onartu egin behar du. Biobateragarria izatea eta toxikoa ez izatea da lehen baldintza. Bestela, ez da izango biomateriala, eta ezin izango da erabili.

B.Z.: Baina probak egin aurretik, pentsatuko duzue material hau erabili ahal izango dut eta beste hau ezin izango dut erabili?

M.V.: Konpondu nahi den gorputzaren atal bakoitzak ezaugarri jakin batzuk ditu, eta materialak ere berariazkoa izan behar du. Hezurrak konpondu ahal izateko, pentsatzen da nola egin daitezkeen hezurrak artifizialki. Eta gure hezurrak kaltzio fosfatoz eginda daude. Baina aldaka-protesietarako metalak erabili beharko ditugu, pisuari eutsi eta mugimendua ahalbidetu behar dutelako: eskailerak igo eta jaitsi, korrika egin, ibili, hau da, eguneroko bizitza egin... Horretarako, materialak gogorra izan behar du, eta, ondorioz, metalak erabiltzen dira. Hori inoiz ez da hezur bihurtuko.

B.Z.: Biomaterialen erabileran, hiru garai ezberdintzen dira. Hondatutako zerbait kendu eta aldatzea izan zen lehena; ondoren, konpondu egin nahi izan zen, eta une honetan birsortu egin nahi da. Ordezkatzea eta konpontzea ez al da gauza bera?

M.V.: Puskatutako zerbaiten ordez, hark zuen funtzioa egiten uzten duen zerbait jartzen duzu. Ibiltzea adibidez. Hori ordezkatzea da. Giza gorputzak ez du bere egingo jarritakoa. Elkarri ez erasotzeko hitzarmen moduko bat egingo dute, eta gorputzak funtzioa bete ahal izango du. Hori ordezkatzea da. Baina ikerketak birsorkuntzarantz joan nahi du. Desagertutako zerbait sortu nahi da, ehun-ingeniaritza eta zelula-terapien bidez

B.Z.: Birsorkuntzaren aroan, teknologiaren bidez, gai izango gara desagertutako zerbait berriz ere sortzeko?

M.V.: Bai, berriro sortzea nahi da, zelulen bidez, adibidez. Zelula amak, zelula-terapiak... hori guztia ikertzen ari gara, eta oraindik ez dago merkatuan.

B.Z.: Une honetan, beraz, hori zientzia-fikzioa da?

M.V.: Ez, irudikatu eta errealitate bihurtzeko itxurarik ez duen zerbait da zientzia-fikzioa. Beste honetan, ikerketa mailan emaitzak badaude. Emaitza horiek norabide bat adierazten dute. Bidea luzea da, baina garapenetara iritsiko da. Ikerketa eta emaitza asko dago. Eta horiek esaten digute landu beharreko errealitate bat egon badagoela.

Trokel moduan erabiltzen ditugun zeramika porotsuak egiten ditugu. Gidatu ahal izango ditugun metalezko nanopartikulak sartzen dizkiegu barruan, farmakoak sartzen ditugu barnean, eta asmoa da tumoreetaraino eramatea eta farmakoak han bakarrik askatzea. Hori guztia ikertzen ari gara, baina nik dagoeneko badut lanen bat argitaratuta prestigioa duten aldizkari zientifikoetan. Hori ez da zientzia-fikzioa. Egin dugu eta berriro ere egin dezakegu. Baina... minbiziren bat izango dudan egunean nik erabili ahal izatea... Berandu baino lehen izatea nahi genuke, horretan ari gara.

B.Z.: Garapenaren zein unetan gaude?

M.V.: Bueno, hastapenetan gaude. Tunela oraindik oso luzea da. Bukaerako argia ikusten dugu, baina oraindik ibili beharreko tunel luzea dago.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali