Automozioko ikasleak dira. Gaur goizean, margoketa-saio praktikoa tokatzen zaie, Don Bosco Ikastetxeko tailerretan. Margoaren nahasketak egin, lan-tresnak prestatu, buzoak jantzi eta kabina honetan egiten dute ariketa: auto baten atea urdinez margotu dute.
Orain gelan daude, buzorik gabe, ariketa bera egiten eremu birtual batean.
JON IKARDO. Don Bosco ikastetxeko irakaslea: Tknikatik komentatu ziguten simulagailua probatzeko aukera. Klaseak emateko orduan hobetu dezakegula. Onartu genuen eta probatzen ari gara.
Simulagailuak hiru elementu ditu: Betaurreko autoestroboskopikoak, hau da, irudia 3 dimentsiotan erakusten dutenak, margotzeko pistola simulatu bat eta horren posizioa eta mugimenduak detektatzen dituen sentsorea.
Jon Ikardok ariketa azaltzen die ikasleei. Ukipenezko pantailan, hainbat parametro aukeratu ditzakete, landu nahi dutenaren arabera: kolorea, kabina, airearen presioa, pistola-mota...
XABIER IRAZU. Don Bosco Ikastetxeko ikaslea: Betaurrekoak jartzen dituzunean, kabina bat ikusten duzu eta margotu beharreko pieza. Denak erealitatea ematen du, dena berdin berdina da. Oso ondo egina dago makina.
Xabier Irazuk betaurrekoen bidez ikusten duena pantailan ikusten dute beste ikasleek. Pieza birtualetik distantzia jakin batera kokatu behar du pistola, margoak behar bezala estali dezan. Eskuaren angelua eta abiadura ere oso garrantzitsuak dira.
PATXI GUARDIA. Tknika: Hasieran, faktore horiek kontrolatzea zaila da. Horretarako, lagunzak daude: distantzia erregela honen bidez neurtzen da. Gauza bera angeluarekin: gezi gorriek edo berdeek erakusten dizute. Eta hirugarrena, abiadura: mugimendua egokitzen lagunduko digu.
3D irudiaz aparte, margoketa-kabina bateko soinuak ere erreproduzitzen ditu sistemak, eta pistolak bibratu egiten du. Guztia, errealitatera ahalik eta gehien hurbiltzeko.
JON IKARDO. Don Bosco Ikastetxeko irakaslea: Sistema hau, errealitatearen aldean, pisu aldetik, maneiatzeko aldetik... oso oso antzekoa da. Erregulazio ezberdinak ditu. Pistolaren tamaina, pisua, kopa non dagoen... oso lortuta dago. Pintaketa-lana kabinan egiten dugunaren oso antzekoa da.
PATXI GUARDIA. Tknika: Merkatua aztertu dugu. Bagenuen kontaktua enpresarekin, soldadura-simulagailu bat ezaguetzen genuelako. Hainbat probatu genituen eta hau aurkitu ondoren, zer onura zituen ikusi nahi genuen. Eta emaitza onak lortzen ari gara.
Eremu birtualak’ izeneko proiektuaren parte da simulagailua. Tknikaren helburua: errealitate birtualak lanbide heziketan izan ditzakeen aplikazioak aztertzea.
PATXI GUARDIA. Tknika: Gure arloan, simulagailuak oso interesgarriak dira. Badira prozesu garestiak, arriskutsuak etab. Eta errealitate birtualaren bitartez lor ditzakegu.
JON IKARDO. Don Bosco Ikastetxeko irakaslea: Kotxe baten pintaketa egiteko, azkenean prozesu luze bat jarraitu behar da. Pieza hartu, kolpeak konpondu, aparejoa eman eta lijatu, kotxea estali...
Gainera, prozesu hau errepikaezina da. Margoa aplikatzean, ez dago atzera bueltarik. Produktu kimikoak dira eta erreakzionatu egiten dute. Denbora jakin bat dago aplikatzeko. Pieza horrekin beste ariketa praktiko bat egiteko 4-6 ordu itxaron behar da.
PATXI GUARDIA. Tknika: Aktibitate hauek hobetzen dira behin eta berriz errepikatuta. Simulagailuaren indarrik handiena horixe da. Makina honekin, denbora motzetan ariketa asko egin daitezke. Tailerrean, ordea, ariketa bat egiteko denbora asko behar da: prestaketa, garbiketa...
XABIER IRAZU. Don Bosco Ikastetxeko ikaslea: Oso ondo dago. Denbora aurrezten duzu, dirua ere bai. Eta eskua hartzen duzu, pinturan ia dena eskua baita. Ezin duzu gauza bat gaizki edo ondo egin. Gauza bat egiteko modu asko daude.
PATXI GUARDIA. Tknika: Behin eta berriz errepikatuta, hobetzen duzu postura, malgutasuna... ohiturak hezitzen dituzu.
Ariketa amaitzean, egindako lanaren emaitza ikus daiteke: margoaren estaldura-maila, egindako akatsak, kantitate gehiegi emandakoan gelditzen diren tantak... Horrela, ikasleak badaki non hobetu behar duen eta irakasleak jarraipena egin diezaioke bakoitzaren ikasketa-prozesuari.
XABIER IRAZU. Don Bosco Ikastetxeko ikaslea: Briloarekin ikusten duzu pintura erori dela edo kargatuta dagoela. Errealitatean akats txikiak ikustea zaila da.
JON IKARDO. Don Bosco Ikastetxeko irakaslea: Teknikoki begiratuta, makina interesgarria iruditzen zait, batez ere, emaitza aurkezteko garaian. Ikus daiteke zein den zure abiadura, distantzia, pasadaren estaltze-maila... neurgarri bihurtu du orain arte, errealitatean, neurtu zin zitekeena.
Faktore horien guztien puntuazioak kontuan hartuta, ariketaren balorazio orokor bat ematen du simulagailuak. Norberaren progresioa ikusteaz gainera, ikasleak motibatzeko ere balio du. Hauek harrera bikaina egin diote simulagailuari.
JON IKARDO. Don Bosco Ikastetxeko irakaslea: Emaitzak ikusteko aukera dago. Batek bukatutakoan, besteek ikusi nahi dute zer egin duen. Pike sano bat sortzen da.
PATXI GUARDIA. Tknika: Hau da ikasleekin dugun lehen kontaktua eta, espero bezala, harrera oso ona izan da. Orain beste zentroetarako antolatu behar dugu. Denei aukera eman nahi diegu.
Hegazkinetako pilotuak simulagailuetan trebatzen diren bezalaxe, lanbide heziketan ere badute lekua horrelako makinek. Basozaintzako edo obretako makinaria astuna, esate baterako, ezin da hasiberrien eskuetan utzi. Edo, margoketaren kasuan bezala, prozesu luzeak eta material garestiak behar direnean, denbora eta baliabideak aurrezteko balio dute simulagailuek. Makina garestiak dira, ordea, eta ikastexeek ezin dute horrelako inbertsio bat egin etekina aterako diotela ziurtatu aurretik.
PATXI GUARDIA. Tknika: Guk ln hori egiten dugu. Aztertu, hautatu, ekarri, guk probatu... Gero irakasleak hezitzen ditugu, etekinak erakusten dizkiegu, probatzen uzten diegu... eta azkar animatzen dira haien geletara eramatera.
Irakaskuntzarako tresna berritzailea da margoketa-simulagailua, baina makina hau ez dator praktika-orduak ordezkatzera. Ordu teorikoei etekin handiagoa ateratzea da helburua. Margotzen ikasteko, buzoa zikintzea ezinbestekoa da.