Ikerbasqueko ikertzailea da, eta nanogailuetan aditua. Gailu elektronikoentzako memoria-mota berriak ikertzen ditu Luis Huesok zuzentzen duen taldeak.
Kaixo, Luis Hueso naiz, Ikerbasque ikertzailea eta CIC Nanoguneko nanogailuen taldeko burua.
Kaixo Luis, zer moduz? Erakutsiko diguzu eraikina?
Bai, goazen.
Aztertzeko lagin esperimentalak egiten ditugun laborategietara goaz orain. Laginak prestatzeko gehien erabiltzen dugun tresnetako bat da honako hau. Huts ultra-handiko lurrungailu bat da hau. Altzairuzko ganbera hauen barruan, potentzia handiko huts-ponpak ditugu eta barruko presioa baino txikiagoa da. Mila milioi bider txikiagoa, hain zuzen. Ahalik eta kondizio garbienak lortzea da helburua. Oxigenorik ia ez dago, ez urik, ez kutsa dezaketen beste gasik. Metalezko geruzak hazteko erabiltzen dugu.
Luis, zenbat eta txikiagoa, orduan eta hobea?
Eskala nanoan agertzen diren fenomenoetako batzuk beste eskala batzuetan ez dira agertzen eta, gainera, beste gauza asko tamainaren araberakoak dira. Adibidez, energia kontsumoa tamainaren araberakoa da; elektroien mugimenduaren abiadura, tamainaren araberakoa da; hortaz, gauzak txikitzean irabazi egiten dugu.
Aurreko laborategian prestatutako laginen propietate elektrikoak neurtzen ditugun laborategira goaz orain. Oso tenperatura baxuetara eraman gaitzaketen kriostatoak ditugu eta haiekin materialen oinarrizko fenomenoak aztertzen ditugu.
Hiru lan ildo nagusi ditu taldeak. Ildoetako batean fabrikazioa egiten dugu, gailu hobeak, txikiagoak, egingarriagoak nola egin jakiteko. Oinarrizko ahalegina da hori.
Nanofabrikazioa egiteko gela garbia da honako hau. Hautsik gabeko gela da. Ez du derrigorrez garbia egon behar, barruan likidoak egon daitezke edo beste edozer, baina ezin da hautsik egon. Garrantzitsua da hori, hautsak gure gailu elektronikoak suntsi ditzakeelako, bai fabrikazio prozesuan bai fabrikatu eta gero. Bertan lanean dauden pertsonak dira gela garbi bateko kutsadura-iturri nagusiak. Hilea, azala, izerdia... Horrek guztiak gela kutsa dezake eta horregatik jantzi bereziak eraman behar izaten ditugu eta oinetako arruntekin sartu beharrean bota bereziak erabiltzen ditugu.
Nanogailuen taldea da gurea. Oso tamaina txikiko gailu elektronikoak egiten ditugu. Transistoreak, ordenagailuentzat memoriak… Industria elektronikoari lotutako gailuak dira, eta miniaturizatuz haien energia kontsumoa gutxitu nahi da.
OFF:
Oinarrizko nanozientziak ikertzen dituzten CIC Nanogunen, nahiz eta balizko erabilera industrialak ez dituzten albora uzten. Testuinguru horretan, Luis Huesok zuzentzen duen lan-taldeak memoria gailuekin lan egiten du.
Argazki-kamerak, teléfono mugikorrak, tabletak… Gailu elektronikoek memoria txartelak erabiltzen dituzte, hau da, informazioa biltzeko gailuak. Erabiltzaileek ezagutu egiten dituzte eta beharren arabera, erabili.
Informazio biltzeko gaur egungo sistema, hau da, flash memoria ordezkatuko duten materialak bilatu nahian dabil merkatua. Arazoak daude txartelak miniaturizatzeko, informazioa biltzeko gaitasuna handitzeko, energía kontsumoa txikia izanik.
Luis Huesok zuzentzen duen taldeak erabilera biologikoa izan dezaketen memoriak ikertzen ditu: giza memoriak bezala funtziona dezaketen memoriaak. Hau da, gauzak ikasteko gai izango direnak, gauzak ahaztu eta gogoratzeko gai izango diren memoriak.
Luis Hueso
Gauza asko gustatzen zaizkit, baina hau bizitzeko modu oso kitzikagarria iruditu zitzaidan. Zorrotza ere bada, ikasketa prozesua luzea, oso luzea delako. Karrera bat ikasi behar da, doktorego bat egin behar da, eta beharrezko ere suerta daiteke nazioarte mailan aipagarria den zentroren batean urte batzuk ematea trebakuntza osatzeko eta onenekin lehiatuz iritsiko zaren edo ez ikusteko. Profesionalki gogorra da, piramidea oso nabarmena delako, gora iristea kosta egiten delako. Doktoregoa egitea erraza da, doktorego ondokoa egitea ere erraza izan daiteke, baina goi-mailetan plazak oso gutxi dira eta sistema ez da bat ere atsegina: gora iristen ez dena kanporatu egiten du.
Gauza asko gustatzen zaizkit. Ulertzen ez genuen zerbait ulertzea da horietako bat. Oso kitzikagarria da niretzat. Ulertu ez eta interesa pizten duen arazo zientifiko bati ekarpen nabarmen bat egiteko aukera izatea, oso interesgarria da niretzat ikuspegi pertsonaletik. Arazoa zera da: askotan ez duzula ezer ulertzen, ez duzula ekarpenik egitea lortzen eta ikerketan ez atzera ez aurrera egon zaitezkeela.
Ikuspegi profesionaletik zera esan dezaket: nik Galizian ikasi nuen, ondoren lau urte eman nituen Ingalaterran, beste bi Italian, urte bat gehiago Ingalaterran eta une honetan Euskal Herrian nago. Mundu guztia ez dago prest mugikortasun geografikoa izateko. Ni zorionekoa naiz. Familia badut eta alde batetik bestera ibili arren, familia izatea lortu dut. Baina mugikortasuna jende asko mugatzen duen zerbait da. Zenbat bider mugi zaitezke, etxez aldatu eta lagunak atzean utzi? Ikusteko dago, baina egonkortasun puska bat beharrezkoa den unea ere iristen da.
Teknopolis
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian







