Leze-txiki: Ehunka mila urteko historia

Lezetxikiko hormek ehunka mila urtetan babesa eman diete gizon eta emakumeei eta haiekin bizirauteko lehian aritzen ziren animalia basatiei. Zentimetroz zentimetro, metroz metro, lurrean pilatu da haien historia fosilizatua. Hamarkada gutxi batzuk nahiko izan dituzte ikerlariek ilunpetik argitara ekartzek

Hona hemen Arrasate, edo, nahiago izanez gero, Mondragon. Gipuzkoaren erdi-erdian dago, eta 22.000 pertsonaren bizitokia da. Izen bereko kooperatiba-mugimenduari esker mundu zabalean da ezaguna herria. Magnizidio, iraultza eta gerra bortitzen lekuko izan da historian zehar. Baina horiek guztiak azken milurtekoan gertatutakoak dira.

Aramaio eta Deba ibaien elkargunean, Udalaitz mendiaren magalean, Arrasate herria sortu baino askoz lehenago, gizon-emakumeek gizateriaren lehen urratsak eman zituzten ingurune geografiko honetan.

Erdi-eroritako harpe hau Lezetxiki da. Horma hauek ehunka mila urtetan babesa eman diete gizon eta emakumeei eta haiekin bizirauteko lehian aritzen ziren animalia basatiei. Zentimetroz zentimetro, metroz metro, lurrean pilatu da haien historia fosilizatua.

Hamarkada gutxi batzuk nahiko izan dituzte ikerlariek ilunpetik argitara ekartzeko.

LEZETXIKI, EHUNKA MILA URTEKO HISTORIA


ALVARO ARRIZABALAGA; UPV/EHU: Oker ez banago, hau da Iberiar penintsulan aztarnategi bakarra Cro-Magnonaren, neandertalaren eta Heidelbergensisaren aztarna fisikoak, hezurrak, gehi aztarnategi paleontologikoa dauzkana. Ez dut uste Iberiar penintsulan beste inon dagoenik horrelakorik.

JESUS ALTUNA: Garrantzi handiko aztarnategia da, ikuspegi askotatik begiratuta, gainera.

Euskal Herrian aurkitu den giza aztarnarik zaharrena 1964. urtean topatu zuen Lezetxikin Joxe Migel Barandiaranek zuzendutako lantaldeak.
Fosil bihurtutako hezur bat da, eta Donostiako Ondare Arkeologikoaren Gordailuan dago gordeta, bitxi preziatu bat izango balitz bezala.

Mila milioi hezurretatik bat fosiltzen dela uste da. Eta horietako bat, hamarka mila urte lurpean egon eta gero, Barandiaranen lantaldeak berreskuratu zuen.
Besahezur bat da; fosiltze-maila oso aurreratua du, eta burdina-buztin geruza baten gainean zegoenez, lur-kolorekoa da zenbait zatitan. Besahezur fosilizatua Jesus Altunak berak aurkitu zuen.

JESUS ALTUNA: Hantxe aurkitu genuen hezur hori. Oso leku berezi batean. Lezetxikin, maila horien guztien azpiko aldean (...)

Bederatzi metroko sakoneran azaldu zen aztarna fosila. Sakonera horretan, Homo Heidelbergensis giza espeziearen garaiko tresneria eta animalia-aztarnak aurkitu izan dira.

JESUS ALTUNA: Bi pusketan azaldu zen, eta bi puska horien artean zatitxo bat falta zitzaion, eta hutsune hori aprobetxatu genuen handik hezur puska bat kentzeko, eta, jakina, ikusi genuen erradiokarbonoaren bitartez ez zegoela ezer egiterik,erradiokarbonoa 50.000 urtera iristen delako eta hura askoz ere zaharragoa zelako. Eta horrela gertatu zen. Orduan, pentsatu genuen uranio-torioaren bitartez zer edo zer egiterik bat ote zegoen. Londresera bidali genuen zatitxo hori, baina ez ziguten ezer berririk agertu. Baina estratigrafiak erakusten digu noizkoa den hezur hori, baina zehazki ez dakite.

Lezetxikiko indusketak 1968an eman zituen amaitutzat Joxe Migel Barandiaranek. 28 urte beranduago, Aranzadi Zientzia Elkarteko beste lantalde batek aztarnategia zabaldu zuen berriro.

Aztarnategiaren interpretazioa eraberritzea zen Alvaro Arrizabalagak zuzentzen duen lantaldearen hasierako helburua. Harrezkero, urtero-urtero egin dira Lezetxikin indusketa-lanak.

Gizateriaren arbaso izan zirenen fosilizatutako hezurrak, tresneria eta testuinguru fisikoa analizatzen dituzte ikerlariek.

Lezetxikin jasotako aztarnak Euskal Herriko Unibertsitateko Letren Fakultatean garbitu, sailkatu eta analizatzen dira.

Hil zenean 30-35 urte inguru zituen gizaki baten hezurra aurkitu zuen Barandiaranen taldeak. Baina ez dago argi gizona ala emakumea zen. Izan ere, bizirik iraun ez dutenez, giza espezie zaharrak nolakoak izan ziren deskribatzeko Homo sapiens espeziearekin alderaketa egitea beste erremediorik ez dago. Eta alderaketa horrek ez du argi adierazten gizaki zahar hura gizona ala emakumea izan zen. Hori bai, Lezetxikin besoa utzi zuen gizakia indartsua izan zen, XXI. mendeko gizakion batezbestekoa baino indartsuagoa bai behintzat.

ALVARO ARRIZABALAGA; UPV/EHU: Tendoiak pakete muskularra hezurrarekin lotzen du. Orduan, gizakiak duen sendotasunaren arabera, horiek sendoagoak edo arinagoak izango dira, eta kasu honetan oso sendoak dira.

Gu baino askoz sendoagoak ziren. Hori ongi dakigu, nahiz eta altueraren aldetik bataz beste ez izan gure espeziea baino altuagoak. Puska bat baxuagoak ziren, baina askoz sendoagoak. Astunak, eta indarraren aldetik gure espeziea baino askoz ere indartsuagoak.

Baina, zein da espezie hori?

Duela 400.000 urte, Homo Heidelbergensis delakoa bizi zen Europan. Ehunka mila urteren eboluzioaren ondotik, Homo Neanderthalensis bilakatu zen.

ALVARO ARRIZABALAGA; UPV/EHU: Besahezurra kronologikoki bien artean kokatzen da. Eboluzio-ildo horretan, erdi puntu batean. Seguruenik, Heidelbergensis oso berria da kronologikoki, edo zaharrenetakoa neandertalen artean. Lezetxikiko besahezurraren apartekotasuna, hain zuzen, eten bat izatean datza, betetzen duelako erregistro fosilean dagoen hutsunea.

Gizaki hark ezagutu zuen kobaren ingurunea oso aldatu da ehunka mila urtetan. Hala ere, sedimentuan fosilizatuta geratutako belar eta zuhaitzen polena eta ikatza aztertuz, denboran atzera egin, eta ingurune fisikoa deskriba daiteke.

MARIA JOSE IRIARTE; UPV/EHU: Polenak ondo gordetzen dira sedimentuan. Horri esker, garai hartan zer landaredi eta zer landare-asoziazio zeuden jakin dezakegu; eta inguru horretan zer klima-kondizio zituzten ere jakin dezakegu, zeharka bada ere.

Polenen analisiak ezagutzera eman duenez, hotzaldietan basoa saretu egiten da, eta pinuek eta urkiek itxuratzen dute paisaia. Garai epeletan, berriz, basoa itxi eta hedatu, zabaldu egiten da.

150.000 urte atzera eginez gero, glaziaziora arteko une epel batean egongo ginateke.

Hau da, baso oparoa ezagutu zuen Heidelbergensisen eta neandertalen arteko katebegia osatzen duen gizaki hark.

MARIA JOSE IRIARTE; UPV/EHU: Baso mistoa zegoen; haritzak zeuden, ezki zoragarri bat, hurritzak... Beheko errekastoan haltzak zeuden, eta arteak ere baziren Lezetxiki inguruko arroka-eremuetan.

Paisaia berde hura ez zen inolaz ere baketsua. Animalia haragijaleen kontrako hil ala biziko lehian bizi ziren gizakiak. Basoak eskaintzen zuenaz gain, bisonteak, oreinak, zaldiak behar zituzten elikatzeko, gizakiek eurek ehizatutakoak edo beste batzuek harrapatutakoak.

ARITZA VILLALUENGA; UPV/EHU: Kasu askotan ikusi da gizakiak garai hartan sarraski-jaleak zirela. Nola lehoiek bisonte bat ehizatzen zuten, eta atzetik gizakiak ailegatzen ziren, eta lehoiak uxatu egiten zituzten, eta geratzen ziren bisontearen aztarnak (hondakinak) jaten zituzten. Askotan ez ziren haiek ehiza egiten zutenak.

Animalia belar-jaleen aztarnak Lezetxikin gelditu ziren, jan zituzten gizakiek bertara eraman eta hondakinak koban utzi zituztelako.

ARITZA VILLALUENGA; UPV/EHU: Haitzulo barruan zatikatu egiten zuten animalia, eta hezurrak puskatzen zituzten barruko muina eta jateko. Eta puska horiek suharrizko mozketa markekin geratu zaizkigu, edo perkusioak, kolpeak, ikus ditzakegu.

Ehizakiak zatikatzeko, besteak beste, harrizko tresnez baliatzen ziren gizaki zahar haiek. Lezetxikiko indusketa-saioetan urtero-urtero landutako 40-50 harrizko objektu aurkitzen dira.

Eraunskailuak, printza landu gabeak edo jada landutako tresnak... Tresna horiek argitzen dute Heidelbergensisek ez zutela oso teknologia aurreratua.

ALVARO ARRIZABALAGA; UPV/EHU : Ez dira oso exigenteak, ez lehen gaiaren aldetik, hartzen dute gutxi gora-behera eskura dutena, ez dituzte garraiatzen kalitatezko lehen gaiak oso urrutitik, konforme gelditzen dira inguruan dutenarekin. Suharriak du pisu askoz baxuagoa erdi edo goi-paleolitoan daukana baino, eta teknologikoki ere oso tresna tipo gutxi lantzen dituzte eta denak dira balioanitzekoak.

Goi- eta erdi-paleolitoko gizakiek erabili ohi zuten aurpegibiko esku-aizkora egiteko prozedura teknikoa konplexu samarra da. Keinu tekniko hauen antzekoak egingo zituzten, ertz zorrotzeko tresna arin eta balioanitzak egiteko.

MIKEL AGIRRE; UNED: Kolpeak beti ertzean ematen dira, noski. Hasierako kolpekatzea harrizko kolpekari batekin egiten da, sendo, masa dezente kendu eta lodiera gutxitzeko. Bukaeran, kolpe arinak ematen zaizkio piezari, kolpekari organiko batekin; orein batena ere izan daiteke kolpekaria. Horrela, ateratzen diren zatiak lauagoak dira, eta txukunagoa da akabera.

Prozesu teknikoa da hau, prozedura konplexu samarra. Eta, hala ere, horretarako gai baziren Lezetxikiko oinarriko mailetan aurkitutako gizakiak.

Hau Paleolitoko irabiagailu-moduko bat da. Denetik egiten du: ebaki, txikitu, zanpatu... Sukaldeko robot paleolitikoa dugu. Nukleo gisa ere erabil daiteke. Bifaze bera zatituta, laskak edo labana txikiagoak egin ditzakegu, ebakitzeko eta beste zeregin batzuetarako.

Emaitzak gizaki haien beharrak asetzen zituen.

Teknologia erabiltzeko gai ziren gizaki haiek komunikatzeko gurearen antzeko lengoaia izan zezaketela uste da. Europako beste leku batzuetan aurkitutako aztarnei esker, jakin badakite zientzialariek giza espezie zaharrek gure antzera entzuten zutela eta, ondorioz, gurearen antzeko lengoaia izan zezaketela. Ahalmen hori bazuten behintzat.

Ondorio horretara iristeko, Atapuercako aztarnategia giltzarria izan da.

ALVARO ARRIZABALAGA; UPV/EHU: Azken urteetan belarrian agertzen diren hezur txikiak aztertu dituzte, eta kanalaren, belarriaren kanalaren morfologia nolakoa zen. Eta hortik ondorioztatzen dute gutxi gorabehera guk bezala entzuten zutela eta hortik ondorioztatu dute, seguruenik, oso lengoai antzekoa izan zezaketela, behintzat, potentzialean izan zezaketela.

Ezagutzan sakondu ahala, gero eta gizatiarragoak irudikatzen ditugun giza talde haientzat Lezetxiki behin-behineko bizitokia izan zen.

ALVARO ARRIZABALAGA; UPV/EHU: Oso denbora gutxi daramagu egonleku finkoak izaten. Bakarrik azkeneko 6.000 urteak, gure inguruan. Horren aurretik, populazio-talde guztiak ibiltariak dira.

Populazio haiek ia etengabe mugitzen ziren, talde txikitan. Urtean 15-20 aldiz aldatuko ziren kokagunez.
Joan-etorri horietarako, Lezetxiki leku estrategikoan zegoen, Iberiar penintsularen sarbidean.

ALVARO ARRIZABALAGA; UPV/EHU: Ziklo horiek luzeagoak egingo dira denborarekin, baina une honetan ia jarraian mugitzen ari dira, ustiatzen inguru bakoitzaren baliabideak, eta badago populazio-mugimendu nahiko etengabea Europa osoan. Iberiar penintsula populatzeko bi dira pasabide nagusiak, bat Kataluniakoa eta bestea Gipuzkoan daukaguna, Euskal Herrian daukaguna, eta pasillo horretan kokatzen da Leze-txiki.

Kobako lurzoruan zenbat eta metro gehiagotara arakatu, orduan eta giza populazio zaharragoak aurkitzen dituzte ikerlariek.

Sakonera horretan, gertaera ezinezkoen berri ematen du sedimentuak. Animalia haragijaleen eta gizakien arteko elkarbizitzaren lilura ageri da.

ALVARO ARRIZABALAGA; UPV/EHU: Praktikan pentsatu behar duguna da batera ez direla bizitzen, ez direla txandakatzen urte bat batzuk eta hurrengo urtean besteak. Baizik eta guk milurtekoak ditugula zentimetroetan sedimentatuta, eta egotea berrehun urtez hartzek kobak, lehoien, hienen kabiak, eta beste 80 urtez, adibidez, gizakien ezarmendua, oso ongi kabitzen da horren tarte luzean.

Errinozeronteak, lehoiak eta beste animalia-aztarna asko aurkitu arren, Lezetxikin nabarmenak dira hartzen aztarnak. Leizeetako hartz erraldoiaren izen zientifikoa Ursus espeleaus da. Europako berariazko espeziea, tamainaz hartz arrea baino hiru aldiz handiagoa zen: hiru metroko altuera eta tona erdiko pisua har zezakeen.

Leizeetako hartzaren aurrekoa Ursus deningeri izan zen.

ARITZA VILLALUENGA; UPV/EHU: Gizakietan bezala, garapen bat dago. Heidelbergensisen garaian Ursus deningeri bizi zen, eta "leizeetako hartza" , orain dela 10.000 urte desagertua, bilakatu zen hura.

Haitzuloaren hormen kontra egindako habietan hibernatzen ematen zuten negua hartzek, eta ez zen arraroa izaten bertan hiltzea. Horregatik, fosilizatutako hezurrak kontserbazio-egoera oso onean aurkitzen dituzte ikerlariek.

Ursus deningeri eta ursus spelaeus espezieko animalien hezurdurak Europako hainbat tokitan aurkitu dira.

Haien aldean, Lezetxikiko aztarnek badute bereizgarri garrantzitsua, koba honetan agertu baita bi espezieen tarteko forma.

ARITZA VILLALUENGA; UPV/EHU: Ia Europa osoan ez dugu inongo erregistrorik jakiteko nola eboluzionatu zuen Leizetako hartza izateraino, eta Lezetxikin garezur oso bat badugu, eta 20 animaliaren hezurdurak ere baditugu. Hortaz, Lezetxiki leku garrantzitsua izango da bilakaera, eboluzio hori nola gertatu zen jakiteko.

Europan bizi izan ziren azken tximuetako baten masailezurra izan da Leze Txikin egindako azken aurkikuntza. Iberiar penintsulan dataturik dagoen tximino berriena da, eta, besteak beste, adierazten du garai hartako klima uste zena baina epelagoa zela.
Urte, mende eta milurtekoen jirabiran gizakiak eta animaliak aldatuz eta garatuz joan ziren. Aldaketa horiek guztiak mundu aldakor batean gertatu ziren.

Eta aldaketa horiek guztiak nolakoak izan ziren jakiteko mikrofaunari begiratzen diote ikerlariek.
Haien aztarnak ere aurki daitezke substratuan, nahiz eta topatzeak berariazko lan xehe eta fina eskatzen duen.

NAROA GARCIA IBAIBARRIAGA; UPV/EHU: Mikrougaztunak, nahiz eta elementu txikiak izan, elementu garrantzitsuak dira ikerketan, oso azkar moldatzen direlako ingurunera. Beraz, oso elementu adierazgarria dira bertako klimari eta testuinguruari buruzko informazioa emateko.

Aldaketa horien guztien ondoren beste giza espezie bat zabaldu zen Europan.

Neandertal gizakia ere iritsi zen Lezetxikira.

JESUS ALTUNA: Mustier garaiko kultura, hau da, neandertalen kultura, garrantzi handikoa da Lezetxikin. Mustier aldiko gizakia ere azaldu zen. Neandertalen hagin batzuk ere azaldu ziren. Eta tresna asko eman zituen, Mustier aldi hori ondo aztertzeko..

Gordailu arkeologikoan jasota daude Lezetxikin aurkitutako neandertalen haginak. Hagin haiek badute duela 30.000 urte desagertu ziren gizon-emakume haietan oso bereizgarria zen ezaugarria.

ALVARO ARRIZABALAGA; UPV/EHU: Taurodontismoa". Hortzen sustraiak bateratuta agertzen direlako. Ez gure kasuan bezala, Cro-Magnonen artean oso gutxitan agertzen da taurodontismoa.

Heidelbergensisak eta neandertalak ildo ebolutibo berean daude. Bigarrenak lehenengoen ondorengoak dira. Hala ere, giza espezieen arteko eten nagusia hor eman zen.

ALVARO ARRIZABALAGA; UPV/EHU: Material-kulturari dagokionean, hor moztura bat ikusten da Heidelbergensiak eta Neandertalen artean. Zeren batzuk eta besteak egiten duten tresneria oso ezberdinak dira eta berriz aurkitu daitezke jarraipen ildoak neandertalek eta gu bezalako gizakiek egiten zituzten tresnen artean.


MIKEL AGIRRE; UNED: Teknologiari dagokionez, bilakaera kualitatiboa eta kuantitatiboa izan dute espezie horiek, batez ere Neanderthal espezieak.

Hark sistematikoki ekoizten zituen laska txikiagoak, lanabes berezituagoak egiteko.

Hemen neronek erabaki dut zer forma izango zuen laskak. Harriaren inguruko zatiak atera ditut. Tailatze zentripetua deritzo teknika horri. Kanpoaldetik erdigunera egiten da. Nukleo horri forma biribila ematea zen helburua, dortoka-oskol antzeko bat egitea. Mutur bat prest dugunean, prestatutako gainazalaren zati ahalik eta handiena hartzen duen laska bat altxatzen dugu kolpe batez. Laska horrek negatibo zentripetuak ditu, eta prestaketa horren adierazgarri dira negatibo horiek. Hau da, aurrez erabaki da laska horren forma. Laska atera baino lehen banuen buruan.

Heidelbergensisek ez bezala, neandertalek aukeratu egiten zuten tresnak egiteko lehengaia, suharria bilatu eta erabili.

Muster garaiko tresnen erdia material horrekin egindakoa da, eta lehengai hori aurkitzeko bidaia luzeak egiten zituzten Neandertalgo gizakiek.

Diamantea, topazioa eta antzeko harri bitxiak bakarrik dira silexa baino gogorragoak. Oso aproposa da lanabesak egiteko, gogorra delako eta oso erraz puskatzen delako. Neandertalek ondo ezagutzen zuten hori.

Azken urteetan asko aldatu da Neandertalgo gizakiaz eman den irudia. Besteak beste, Neandertalgo gizakiaren ADNaren azterketak ezagutzera eman du Homo sapiens espezieko gizakiekin gurutzatu zirela une jakin batzuetan. Cro-Magnonek harria lantzeko zuten teknika ere ikasi zuten.

ALVARO ARRIZABALAGA; UPV/EHU: Lehen gaien kudeaketa egiten dute neandertalek, askoz hurbilago dago gurekin, kromagnoiekin, hedelbergensirekin alderatuz baino. Hortik aurrera berdin teknologikoki gugandik hurbilago daude; egiten dituzten tresnak ere hasten dira agertzen Goi Paleolitoan, lehen Cro-Magnon-ek egiten zituzten tresnak ere bai. Oro har esan daiteke gugandik hurbilago daudela neandertalak, Heidelbergensiekin baino..

Edonola ere, ikertu eta aztertzeko hainbat eta hainbat pieza eman ditu Lezetxikik.

ALVARO ARRIZABALAGA; UPV/EHU: Lezetxikik horretan 'Guiness' errekorra dauka, ia 10 metroko sedimentazioa daukalako. Zaharrena besahezurra izango da. Seguruenik heidelbergensisa oso berria da kronologikoki, edo zaharrenetakoa neandertalen artean. Eta hori agertzen da ia 9 metroko sakoneran. Nolabait alderatzeko, 480-500 zentrimetrora agertzen dira. Neandertalen hortzak eta gure espezieko kidearen matrail-hezur hau, brontze arokoa dena, berriz, ia azalean agertzen da , 30 zentrimetrora bakarrik.

Gure espezieko gizakiek ere leizea erabili zuten, beraz, Brontze Aroan, duela 4.000 urte inguru.

Alvaro Arrizabalagak zuzentzen duen ikerketa-taldeak laster amaitutzat emango ditu Lezetxikiko landa-lanak, sedimentu guztiaren azpiko haitza aurkitzen duenean.

ALVARO ARRIZABALAGA; UPV/EHU: Gure landa-lanak bukatzen direnean, kalkulatzen dugu aztarnategiaren % 40 edo gelditzen dela oraindik, hurrengo belaunaldietan beste teknika batzuekin egiaztatu ahal izateko guk egindako lanak . Beste teknologia batzuk agertuko dira, eta horretaz baliatuko dira guk asmatu eta amestu ezin dugun informazioa ateratzeko....

Hamar metro lur. Horixe da Lezetxikiko sedimentuaren sakonera, ehunka mila urtetan pilatutako sedimentua, eta laster azken zentimetroak ateratzea espero da. Edonola ere, aztarnategia ez da agortu.

Etorkizunak iraganarekin hitzordua izango du Lezetxikin.

 

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali