Landare inbaditzaileak

Ez dira berez lurralde honetakoak. Pertsonen jardueraren eraginez agertu dira, baina bertokotu egin dira. Gaur egun, ugaltzeko gai dira. Landare inbaditzaileez ari gara.

Ez dira berez lurralde honetakoak. Ustekabean edo nahita, pertsonen jardueraren eraginez agertu dira, baina bertokotu egin dira. Gaur egun, kopuru eta erritmo handian ugaltzeko gai dira. Landare inbaditzaileez ari gara, eragin ekologiko eta ekonomiko handia duen arazo global bati buruz. Euskal Herriko Unibertsitateko aditu-talde batek 478 landare arrotz zenbatu ditu Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian. Haietatik 90 erabat bertoko bihurtu dira, eta 46k portaera inbaditzailea dute. Haien arteko 21 arriskutsutzat jo dira.

JON ZULAIKA; GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA: Landare inbaditzaileen arazoa mundu guztikoa da, ze, azkenean, mundializazioaren eragin bat da, eragin zuzena. Horrenbeste merkantzia, landare, garraio dabil batetik bestera..., azkenean ez datoz bakarrik guk eskatzen ditugun produktuak, guk nahi ditugun artikuluak. Landareak ere horrekin batera zabaltzen ari dira, eta mundu guztian eragiten dute, eta, gainera, oso larri. Gaur egun, Nazio Batuak, FAO, Europar Batasuna..., denak, ados dira: landare inbaditzaileen arazo hau bioaniztasunaren arazoetako bat da, agian larrienetako bat,(...).

Landare berriak asko daude. Jaurlaritzak aurten publikatu du katalogoa,  eta kanpoko laurehun bat landare azaltzen dira, bertan naturalizatu direnak. Esan nahi dut: ez etxeko tiestoetan dauzkagunak eta urtero berriztu behar direnak, baizik eta  naturan bere kabuz bizitzeko gai direnak. Gertatzen dena da, batzuk justu-justu gai direla bizitzeko; haiek ez dute arazorik sortzen. Beste batzuk zabaltzen ari dira, eta haien artean batzuk asko zabaltzen ari dira. Inbaditzaileak horiek dira, kontrolik gabe zabaltzen ari direlako. Eta, eraginaren arabera, esan dezakegu batzuek ez daukatela eraginik edo besterik gabe pasatzen direla; beste batzuek, berriz, gaitasuna daukate habitat naturala, ingurua, eraldatzeko.

IÑIGO SEGUROLA; PAISAIA-DISEINATZAILEA: Egia da lorazaintzatik datorrela arazo hori, lorazaintzak beti hartu izan dituelako landareak bere balio estetikoagatik. Ekarri izan ditu jatorriz klima berdintsuak dauden lekuetatik. Nik Japoniatik landare bat ekartzen baldin badut -Japonian hemengo klima berdina dago-, landare horrek hemen bere aukerak bilatuko ditu eta, batez ere, aukera horiek paisajista frantse batek, Gilles Clément-ek, hirugarren paisaia deritzon eremu horretan aurkitzen dituzte. Guretzat inongo erabilpenik ez duen paisaia da berarentzat hirugarren paisaia. Eremu horretan azaltzen dira landare hauek. Landa-lur hori ez dugu lantzen, eta landare hauek hor aurkitzen dute beren aukera ugaltzeko. Gertatzen dena da hirugarren paisaia hauetan daudela, halaber, gure biotopo garrantzitsuenak: Urdaibai, esaterako, Euskal Herrian.

Urdaibai biosferaren erreserbak Bizkaiko golkora jotzen duten zenbait haran estuk osatzen dute. Bertako itsaslabar eta hondartzek, baso eta ibaiek biodibertsitate handia gordetzen dute. Erreserbak 22.000 hektarea hartzen ditu. Txori zezen arruntak eta zingira-berdantzak beste leku batzuetan ez bezalako babesa aurkitzen dute Urdaibaiko lezkadietan. Lezkadirik gabe ez lukete habia egiteko edota negua igarotzeko leku aproposik izango.

Estuarioko 1.300 hektareak ez dira lezkadientzat bakarrik aproposak. Baccharis halimifolia landareak ere hazteko gune aproposa aurkitu du han. Baina Baccharis landare arrotza da Urdaibain. Duela 25 urte agertu zen, eta gaur egun babesgune bereziko 100 hektarea hartzen ditu. Baccharis-aren hazkundeak hainbat albo-ondorio eragin ditu. Batetik, lezka baztertzen du, eta, bestetik, padurek ura galtzea eragiten du, landarearen sustraiek lurra pilatzen dutelako.

ELISA SAINZ DE MURIETA; BIODIBERTSITATEKO ZUZENDARIA. EUSKO JAURLARITZA: Baccharisaren kasuan, eta Urdaibaiko padura babes bereziko eremua izanda eta hegaztietnzat oso leku garrantzitsua izanda, ikusten genuen lehentasunezko lekua zela horrelako proiektu bat martxan jartzeko.

Iaz ekin zioten Baccharisa kentzeari, eta lanek hainbat urtez segituko dute.

MARTA ROZAS; INGURUMEN SAILA: Uste dugu aurkitu dugula metodologia zehatza eta egokia. Landarea moztu eta zutoinean, pintzel batekin, glifosatoa ematen dugu, herbizida selektibo bat. Uste dugu hori nahikoa dela landarea hiltzeko; pasa den urteko esperientzia oso ona izan zen metodologia horrekin. Landarearen gainerako hondakinak pilatu egiten ditugu eta lekuan bertan erretzen dugu oso zaila delako hemendik ateratzea.

ELISA SAINZ DE MURIETA; BIODIBERTSITATEKO ZUZENDARIA. EUSKO JAURLARITZA: Euskal Herriko Unibertsitatearekin diagnostiko bat egin genuen, eta ikusi zen hemen baditugula 21 landare exotiko inbaditzaile lehentasunezkoak direnak eta ekintza-planak egin beharko liratekeela haiek akabatzeko. Hau dugu hautatutako landareetako bat, Phytolacca americana. Izenak dioen bezala,  Ameriketan du jatorria, eta, nahiz eta Jaizkibelen duela mende bat edo mende eta erdi agertu zen, azken hamar urteetan-edo sekulako hedadura hartu du. Pentsatzen dugu garaia dela honi ekiteko eta hobe dela orain ekitea Euskal Herrian edo Gipuzkoan zabaldu baino lehen. (...).

Lehentasun batzuk markatu behar izan ditugu. Lehentasun horiek markatzen ditugu hedaduraren araberakoa. Landarearen presentzia zenbat eta zabalagoa izan, badirudi  eragina larriagoa dela. Alde horretatik, Cortaderia, mundu guztiak ezagutzen duen plumero, lezka hori, izan daiteke bistakoena eta denok ezagutzen duguna. Horrek hedadura aldetik, bai, badu garrantzia. Beste bat badago hedadura aldetik besteak adina duena, Fallopia japonica edo Reynoutria japonica izenaz ezagutzen den hori, baina, bestearen aldean, eragin larriagoa du, batez ere ibaiertzetan. Hori da aurten serio hartu dugun beste landare bat.

IÑIGO SEGUROLA; PAISAIA-DISEINATZAILEA: Gerta daiteke hemendik urte gutxi batzuetara beste landare bat etortzea eta landare horrekin arazoak izatea. Baina hori ez da landareen arazo bat, baizik eta pertsonek gure mundua inbaditze honetan nahita edo nahi gabe eragingo dugun arazo bat.  

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali