Hotzak urteroko atsedena eman du Alaskako Katmai Parke Nazionalean. Neguko elurrak mendi-tontorretara urrundu dira, eta naturak udako atseden laburra baliatzen du galdutako gantzak berreskuratzeko, bikotea aurkitzeko eta parekatzeko.
Beroa iristearekin batera, Alaskako landaretza bere lozorrotik esnatzen da, eta garapen azkarra izaten du. Bertan dauden espezieetatik, bereziki elikagarriak diren belar batzuk aurkitzen dituzte hartzek hartz-zuloetatik irten bezain laster, elikagai-baliabide sendoagoei itxaroten dieten bitartean.
Urtaro honetan, grizzly hartzek ganadua balira bezala bazkatzen dute. Elur-estalkia desagertzen ari den haranetan, grizzly-ak dozenaka elkartzen dira. Guztiak goseak daude eta guztiek ahituta dituzten erreserbak lehenbailehen kargatu behar dituzte.
Energia-ekarpenik handiena, ordea, ez dator lurretik, berriz ere itsasotik baizik. Baina hartzek, mortsa edo itsaso-elefanteek ez bezala, ez dute itsasoan murgildu beharrik jatekoa lortzeko. Kasu honetan, janaria bera da beregana datorrena.
Asteak igaro ahala, hartzen jarrera aldatu egiten da. Gero eta maizago joaten dira estuarioetara, eta uretara edo itsasora begira egoten dira, udako beren dietaren oinarria izango den manaren zain.
Uda-hasieran, Alaskako kostek bidaiari berezi batzuk hartzen dituzte; duela urte batzuk, jaio ondoren, beren ibaiak utzi zituzten bidaiariak dira. Lurrean ezinegonez itxaroten den ezinbesteko hitzordua da. Milaka animaliaren biziraupena dago hitzordu horren menpe.
Orain, itxarotea bakarrik geratzen da.
Azkenean, iritsi da eguna. Fiordoetako ura zalapartaka dabil milaka izokinen itzulerarekin. Eta badirudi bizia itzuli dela Alaskako kostetara.
Marearen igoerarekin, izokinak ibai-ahoetan barrena sartzen dira, eta han geratuko dira beren gorputza gazitasun-aldaketara egokitzen den arte. Egun gutxitan, ur lasaiak milaka izokinez betetzen dira, beren azken odisea hasteko irrikatan. Behin egokitutakoan, jaiotzen ikusi zituzten ibaietan goranzko bidaia geldoari ekiten diote berriz, iparraldeko lur hauetako ziklorik aktiboenetako bati hasiera emanez.
Hauxe da neguko lozorrotik esnatu zirenetik Katmaiko hartzek itxaroten zuten eguna. Beren erreserbak berreskuratu ahal izango dituzte azkenean. Eta hasi da arrantza.
Arrantzatzea ez da zaila, izokin-kopurua handia baita. Beraz, denek dute arraina eskura. Lozorro-aldia gainditzeko beharrezkoak diren erreserbak ase ditu arrainen ekarpen elikagarriak, eta hartzak lasaiago daude orain.