Itsasoaren osasuna aztertzen
2002ko azaroaren 13a. Prestige kasko bakarreko petroliontzia Galiziako kostaldean hondoratu zen 77.000 tona petrolio zeramatzala. Kantauri eta Atlantikoko 1600 kilometro kosta beltzez tindatu zituen eta gure historiako hondamendi ekologiko handiena eragin zuen.
Kalteak neurtzeko momentuan, zientzialariek ezer gutxi zekiten Kantauri itsasoko kostaldearen osasunari eta kutsadurari buruz. Beraz nekez esan zezaketen norainokoak ziren kalteak eta zenbat iraungo zuten.
IONAN MARIGOMEZ; upv/ehu: Hasi ginen orduan, duela 10 urte, azterketak egiten intentsitate osoz, finantziazioa egon zen hiruzpalau urtez lan egiteko, datu ikaragarri onak eta ugariak lortu genituen eta esan behar dut gai izan ginela erretratu bat egiteko, esateko kaltea honaino iritsi da…
Diru laguntza publikoak bukatu zirenean, ikerketak bertan behera geratu ziren eta ikerketa puntualak besterik ez dituzte egin zientzialariek.
IONAN MARIGOMEZ; upv/ehu: Prestigekoa, ez dakigu noiz arte gainditu zen eta niri gehien kezkatzen nauena, gehien larritzen nauena da momentu honetan egongo balitz, eta egongo da seguru, beste Prestige, berriro etorriko dira politikariak eta ingurumen inguruan erabakiak hartu behar dituztenak eta galdetuko digute nola gaude eta zer egiten dugu eta tamalez erantzuna izango da duela hamar urte izan zena, ez dakigu, ez ditugu datuak.
Getxoko Arriluzea portua. Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile talde batek laginak hartzen ditu, portuko gaur egungo osasun egoeraren datuak izateko.
Muskuiluak hartu eta Plentzian zabaldu berri den Itsas Estaziora eramango dituzte aztertzeko.
Emaitzak sailkatu, katalogatu eta gorde egingo dituzte baldintza egokitan ingurumen espezimenen bankuan. Banku hau, gure kostaldeko osasunaren egoeraren berri jasoko duen artxibategi bat da.
IONAN MARIGOMEZ; upv/ehu: 60 urte barru, ni ez naiz egongo hemen, baina zerbait gertatuko balitz norbait etorriko litzateke eta nahi ditut muskuiluak, edo korrokoiak, edo mihi arrainak, Urdaibaikoak, 2012. urtekoak, sasoi honetakoak, eta aplikatuko dituzte garai hartako teknikak, material horietan eta gai izango dira egiteko halako ikerketa erretrospektiboa eta esatea egoera horrelakoa izan da eta horrela aldatu da eta horraino iritsiko da.
Prestigen kutsadura puntuala izan zen baina egun kutsatzaile berri asko dago eta horiek ere eragina dute itsasoko ekosistemetan eta espezieetan.
IONAN MARIGOMEZ; upv/ehu: Gaur egun kezka nagusia dira medikamentuak, erabiltzen ditugun botikak. Ez gara konturatzen baina tonaka erabiltzen ditugu eta azkenean gure komunetatik kostaldera doaz… eta horrek dauka bere eragina. Oso zaila da identifikatzea konposatu horiek itsasoan, sedimentuan, uretan, oso kontzentrazio baxuan daudelako, baina kontzentrazio baxu horietan badituzte efektu larriak izan daitezkeenak. Ari gara ikasten nola identifikatu efektu horiek, nola kuantifikatu kutsatzaile berri horiek eta horrelako erronka berriak baditugu gauza horiek ulertzeko.
Itsas ertzean kokaturik, 2500 metro karratuko eraikinean, espezieak ahal den baldintza onenetan ikertzeko aukera ematen dute Plentziako Itsas Estazioko azpiegitura bereziek. Ikasgelak, laborategiak, akuarioak… dena itsasoaren osasunaren egoera ezagutzeko.
IONAN MARIGOMEZ; upv/ehu: Hemen ditugu 300.000 litro ur egunero. Akuario ikaragarri handiak, ekipamendu oso egokiak, kontrol handikoa, eta horrekin daukagu espezie handiagoekin lan egiteko aukera, lehenago mugatuta geunden espezie txikiekin edo tamaina txikiko espezimenekin lan egitera, eta bestalde, iraupen luzeagoko esperimentuak egiteko aukera ere badugu…
Eraikinaren kanpoaldean baldintza naturaleko akuarioa dago, meso kosmoa. Hor bizpahiru urtetako esperimentuak egin ditzakete. Akuariotik gertu daude laborategiak. Laginek ahalik eta aldaketa gutxien jasaten dituzte azterketak egiten hasi arte.
IONAN MARIGOMEZ; upv/ehu: Baita ere hemen badaukagu aukera bat orain arte ezin izan duguna eduki dela patologia esperimentalean egiteko esperimentuak. Patologiazko esperimentuak egiteko laborategian behar dira oso baldintza zainduak eta zehatzak, horiek ez ziren, han, eta badaukagu segurtasun biologikoko akuarioak. Hori daukazunean zabaltzen da beste unibertso handi bat itsasoko osasunari begira, hau da, daukazu tokzizitatea, kutsatzaileak, baina baita ere patogenoak eta hori aztertzeko aukera eta beraien konbinaketak. Eta orduan, aldamenean laborategi ondo ekipatuak edukitzea biologia molekularra, kultiboak, histologia, kimika preparatiboa eta hori egiteko, beharrezkoa izan da eta egokia da.
Ozeanoen osasuna aztertzeaz gain, Plentziako Itsas Estazioan, ozeanoak zer eman diezaiokeen giza osasunari ere ikertzen dute.
Master eta doktorego-ondorengo kurtsoak ematen dituzte eta proiektuetarako esperimentuak egiten dituzte laborategietan.
Bisita gidatuak ere antolatuko dituzte eta bisitariek interfono bidez galderak egin ahalko diezaiekete lanean ari diren ikerlariei.
Zentroaren helburua etorkizuneko zientzialariak motibatzea eta erakartzea da.
Teknopolis
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian







