Itsas hondoa agerian

Urazpiko paisaiari begirada.

Euskal Herriaren lehorreko zatia malkartsua bada itsas hondoa ere ez da atzera gelditzen. Mendiak, haranak, zelaiak,... Azken teknologiei esker, esan daiteke itsasoaren sakona lur azala bezain ongi ezagutzen dugula.

ADOLFO URIARTE; geologoa, AZTI-Tecnalia:Bizkaiko golkoko gauzarik adierazgarriena dudarik gabe Capbretongo arroila da. Golkoaren erdi-erditik doa eta banandu egiten du plataforma frantziarra Kantauriko plataformatik. Horixe da golkoko elementu morfologikorik garrantzitsuena. 100 metro inguruko sakoneran abiatzen da eta 4000 metro edo gehiagora iritsi daiteke aurrerago.

Capbretongo arroilaren hasieran garai batena ibai bat izandakoaren meandroak antzematen da. Duela 18.000 hondoa ez zen berdina. Itsasoaren maila 120 metro beherago zegoen. Urtzaroko ibaiak askoz ere handiagoak ziren eta haien arrastoak plataforma osoan ikusten dira.

ADOLFO URIARTE; geologoa, AZTI-Tecnalia:Hemen hasten da arroila, Frantzian, eta gu hemen gaude.

Arroila txikiagoak ere badira Kantauri itsasoko plataforman, Capbretongoan bukatzen direnak. Arrakala hauetan behera jalkitzen dira itsas higadurak eragindako materialak eta kontrako bidea egiten du urak. Ur hotz eta aberatsa arroiletan barrena igotzen da, eta hauen inguruetan biltzen da bizitzarik gehien. Arrantzaleek badakite hori, eta baita zetazeoak ikus nahi dituztenek ere.

ADOLFO URIARTE; geologoa, AZTI-Tecnalia:Hau hondartza bat da, arrantzaleek esaten duten bezala. Hemen Orio dago, 2.12 longitudean, eta hau Zumaia da, eta hemen aurrean, Zarautz parean gutxi gorabehera, puntu hauek ditugu: pockmark deiturikoak dira, sumendi txikiak, edo ez hain txikiak, metro erditik hasi eta 58 metro bitarteko zuloak dira. Oraindik ikertu egin behar ditugu. Fluido bat dariela badakigu, likido edo gasen bat, baliteke metanoa izatea.

Ezagutza honek, gainera, etorkizunean garrantzi handiagoa izan dezake. Lehorreko lehengaiak ahitu ahala urpeko meatzaritzaren aukera indartzen ari da eta horretarako itsas hondoa ezagutu eta azpian zer dagoen jakitea ezinbestekoa izango da.

Teknopolis

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali