Intubazio zailak errazten

Oso ohikoa da ebakuntzetan gaixoa anestesia bidez lokartzea, eta, kasu horietako askotan, gaixoa intubatu egiten dute arnasketa kontrolpean izateko. Mediku getxotar batek laringoskopio berri bat asmatu du.

Oraintxe ikusi dugu: oso ohikoa da ebakuntzetan gaixoa anestesia bidez lokartzea, eta, kasu horietako askotan, gaixoa intubatu egiten dute arnasketa kontrolpean izateko. Ahotik laringe-amaieraraino doan hodi bat sartu eta arnasketa artifiziala eragiten dute horrela. Laringoskopio izeneko tresna erabiltzen dute hodia ahots-korda eta faringetik barrena sartu ahal izateko. Baina gaixo batzuetan hodia arnas bidetik sartzea oso zaila izaten da, eta kasu horietan gaixoa hiltzeko arriskua izaten da.

Kasu zail horiei aurre egin nahian, laringoskopio berri bat asmatu du mediku getxotar batek, eta Euskal Herriko ospitale gehienetan hasi dira erabiltzen.

Airtraq du izena . Plastikozkoa  da, eta erabilera bakarrekoa. Bere itxurak ez du antz handirik ebakuntzetan erabili ohi den laringoskopio tradizionalarekin.

Tradizionala metalezkoa da, eta, esterilizatuta, askotan erabili daiteke.

Funtzio bera dute biek. Arnasketa artifiziala eragiteko beharrezkoa den hodia arnasbidetik sartzen laguntzea.

Pedro Atxa mediku getxotarraren asmakizuna da Airtraq laringoskopioa. Duela hiru urte eman zuen ezagutzera produktua, eta gaur egun mundu osoko 44 lurraldetako ospitaleetan erabiltzen da.


PEDRO ACHA; Airtraq-en sortzailea:  Estaba yo en tercero de medicina, y fundamos, yo y tres compañeros más la DYA de getxo, no tenía servicio de urgencias, y empezamos a trabajar y vimos muchos casos de vía aérea difícil (…) descubrimos que había vías aéreas muy complicadas , empezamos a pensar y a diseñar prototipos.

Medikuntzako hirugarren mailan nengoen, eta beste hiru lagunekin batera Getxoko DYA sortu genuen. Orduan ez zegoen larrialdi-zerbitzurik, eta lanean hasi ginen. Ohartu ginen oso arnasbide zailak zeudela, eta prototipoak pentsatzen eta diseinatzen hasi ginen.


Intubatzen diren kasu guztien % 5 eta 7 artean konplexutasun handiko intubazioak dira. Airtraq laringoskopioa arrisku berezia duten intubazio horietan da lagungarria.

Galdakao-Usansolo ospitaleko ebakuntza-geletan, Airtraq-a nola erabiltzen duten ikusteko aukera izan dugu.

Ebakuntza-gelan, anestesistaren ardura  da gaixoa intubatzea. Kirofanora sartu eta berehala, oxigeno-maskara baten bitartez gaixoa ahalik eta gehien oxigenatzen saiatuko dira.

Bitartean, ebakuntzaren mina kentzeko, anestesia emango diote, eta, horrekin batera, lasaigarri bat. Lasaigarri horri esker, ahots kordak erlaxatu egingo dira, eta anestesistak bidea libre izango du intubaziorako hodia laringetik behera trakearuntz sartu ahal izateko.

Baina lasaigarri horrek, ahots kordez gain, gorputzeko muskulu guztiak ere erlaxatuko dizkio gaixoari, birikak barne, eta horiek lan egiteari utziko diote. Une hori da arriskutsuena. Izan ere, une horretatik aurrera eta medikuak intubazioa bukatu bitartean, gaixoa arnasa hartu gabe egongo da. Guztira 8 minutu izango ditu anestesistak intubazioa egin eta gaixoa arnasketa artifizial bidez kontrolpean izateko.

IRATXE GONZALEZ; Anestesista: Ezin baldin baduzu intubatu, paziente horrek ezin du arnasa hartu. Orduan, esnatzen baldin baduzu, ezin izango du arnasarik hartu; orduan, zuk bentilatu behar duzu pazientea. Bentilatu, ahal baduzu, ba bueno, ba ondo ze mantenduko duzu saturazioa eta arnasketa artifizialki, baina mantenduko duzu. Baina ezin baduzu bentilatu, ba pazientea hil egin daiteke.

Ohiko laringoskopioarekin lan egin ahal izateko, gaixoaren burua atzera bota eta hiperflexio-egoeran jarri behar izaten du medikuak.  Faringea, laringea eta Ahots-kordak, ilaran ikusten ditu horrela. Horixe da hodiak trakearaino  egin behar duen bidea. Mihia alde batera alboratuta eta laringoskopioaren palarekin gorantz indarra eginez, kasu gehienetan erraz sar daiteke hodia Ahots korden artetik.

Zailtasunak ahots-kordak ikusteko arazoak daudenean hasten dira.

PEDRO ACHA; Airtraq-en sortzailea: Si tu no estás viendo las cuerdas vocales puedes intentar una intubación a ciegas, con la pala, pero corres riesgo de equivocarte al meter el tubo en el exófago, si te das cuenta puedes remediarlo pero y si no te das cuenta, el tiempo corre, y esa persona está relajada  pues empieza a caer la oxigenación y al final puedes tener una parada.

Ahots-kordak ikusten ez badituzu, itsu-itsuan, palarekin, intubazio bat egiten saia zaitezke; baina, nahastuz gero, hodia hestegorrira bideratu dezakezu, eta, kasu horretan ohartzen ez bazara, gaixoaren oxigenazioa jaisten has daiteke eta bihotza gelditu egin dakioke.


Airtraq laringoskopioarekin, berriz, ahots-kordak ikusteko ez da zailtasun handirik izaten, eta intubazio zailak erraztu egiten ditu.

IRATXE GONZALEZ; Anestesista: Zuk sartzerakoan ez duzu lepoko hipertentsioa eragin behar, orduan, sartzen duzu Airtraq-a, eta horrekin hasten zara begiratzen pantailatik, eta, normalean, oso ondo ikusten diraa lehen sartzean ahots-kordak. Ez dituzu hiru ardatzak alineatu behar; orduan, sartzen duzu Airtraq, ikusiko dituzu ahots-kordak eta, intubazioa zaila bada, hobetzen du intubazio-gradua.

PEDRO ACHA; Airtraq-en sortzailea: Este dispositivo cuando empezamos a diseñarlo buscábamos unas cualidades en él, la primera era ver, la segunda era guiar el tubo, la tercera era que tuviese un ángulo suficiente para no tener que hiper-extender la cabeza, y luego que tuviese un sistema anti-bao. 

Tresna hori diseinatzen hasi ginenean, ezaugarri batzuk bilatzen genituen. Lehenengoa, aparailuak bisorea izatea zen; bigarrena, hodia bideratzeko modua edukitzea; hirugarrena, gaixoaren burua mugitu behar ez izateko, tresnak beharrezko angelua izatea zen. Azkenik, lurrunaren kontrako sistema bat izatea nahi genuen.


Airtraq laringoskopioa umeen intubazioetan da bereziki eraginkorra. Intubazio horietan arriskua areagotu egiten da, medikuek  3 minutu inguru baino ez baitituzte umea intubatzeko.

Larrialdietako kasuetan ere oso lagungarria izan daiteke. Esaterako: baraurik ez dagoen gaixo bat oso denbora gutxian intubatzeko balio du, edo istripu baten eraginez  politraumatismoak dituen gaixo bat burua atzera bota gabe intubatu ahal izateko.

Intubazio arriskutsuak diren kasu askori aurrez antzeman dakieke, medikuak  kontsultan egiten dituen proben bidez. Beste kasu zail asko, ordea, anestesistak ebakuntza egiteko une berean aurkitzen ditu. 

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali