Iberdrola dorrea, eraikinik altuena

Aho zabalik begiratu genion guztiok aurreko urtean inauguratu zen munduko eraikinik altuenari. 828 metroko eraikina, Dubain altxa zuten, Arabiar Emirerrietan. Ordura arte altuena zena, ez zen atzean gelditzen; Taiwanen dagoen Taipei 101 eraikinak 509 metro ditu. Horrelako estruktura ikusgarrien atzean, zalantzarik gabe, arkitektura- eta ingeniaritza-lan izugarriak daude. Gurean ere, udazkenean inauguratuko dute, Bilbon, Iberdrola Dorrea. Euskal Herrian egin den eraikinik altuena da, eta 165 metro ditu. Javier Urruchuarekin, dorrea altxa duen arkitektoarekin, egin dugu bisita.
Asko esatea izango da beharbada, baina Javier Urruchua arkitektoarentzat Iberdrola Dorrea seme bat edo alaba bat bezalakoa da. Eraikinak Cesar Pelli arkitekto argentinarraren abizena badarama ere, bera izan da dorrearen eraikuntza-prozesua hasieratik zuzendu duena: pixkanaka-pixkanaka, hazten ikusi du zero metro baino ez zituenetik 165 metro luze izan arte. 2007ko martxoaren 19an jarri zen lehen harria, eta 1.413 egun behar izan ditu goia jotzeko, lurzorutik heliportura.

Javier Urruchua, Torre Iberdrola, Zuzendaria: Itsas mailarekiko 178, 3 metrora dago heliportua, garaiera absolutua da hori.
Harrera-lekuan azken lanetan dabiltza. Maiatza-ekaina zuten eraikina burutzeko epemuga, eta hortxe ibiliko dira. Hemendik aurrera, dorrea janztea baino ez da geldituko. Dena ondo badoa, inaugurazio ofiziala irailean izango da; urrian, beranduenez. Toki honetatik banatuko dira euren lanpostuetara Iberdrola dorrean lan egingo duten 3500 lagunak. Ia 800 autorerentzako lekua du lurpean. Bitxikeria moduan, bizikleta-erabiltzaileek ere aparkaleku propioa izango dute, aldagela, dutxa eta guzti, eta auto elektrikoentzako kargatze-guneak jarriko dira.


Javier Urruchua, Torre Iberdrola, Zuzendaria: 22 igogailu izango dira denera, hiru bateriatan banatuak, 7. solairutik 27.era doazenak . Gero sarreratik 6.era doazenak ditugu, eta beste bateria bat 28.etik 35era bitartekoentzat.


Momentuz karga-jasogailua da zerbitzua ematen ari den bakarra, eta harexetan joan gara dorrean gora.
Ez dira ezagutzen ditugunak bezalako igogailuak. Karga-jasogailua bera 3,5 m/s-ko abiaduran doa eta dorrearen goiko aldera iristen direnak segundoko sei metroak harrapatzen dituzte.


Javier Urruchua, Torre Iberdrola, Zuzendaria:
Kontuan izan behar da gure etxebizitzetan dugun ohiko igogailu bat segundoko 0,6 eta metro bat arteko abiaduran dabilela. Aldea handia da. Hauek ez dira ohikoak; esan dezakegu, kakotx artean, espazio-ontziak direla, ziztu bizian doazela. Azkarrenetan 30 segundoan goian zaude.


Puntako orduetan pilatuko diren 3.000tik gora lagunen joan-etorriak kudeatzeko sistema inteligente bat ezarri du Schlinder enpresa suitzarrak. Harrera-lekuan, bidaiari bakoitzak nora doan adieraziko dio sistemari, eta sistemak eskabide guztiak analizatu, eta esango dio zein igogailu hartu behar duen. Horregatik, botoirik gabekoak dira igogailuak. Zain egon beharrik gabe, bidaia azkarra eta batez ere pilaketarik gabea lortzen da horrela.

Pelliren diseinuan, eraikinaren hiru aldeek kilometro bateko altueran bat egingo lukete, piramide baten moduan; hortaz, solairuen azalera txikiagoa da, gorantz goazen neurrian. Oinplanoa berdina dute denek: erdialdean igogailuak, eskailerak eta komunikazio nahiz hornidura anitzetarako patio bertikala, eta kanpoaldean bulegoak. 19. solairuan gaude. Hemen jarri dute bulego pilotua, dorreko lantokiak nolakoak izango diren irudikatzen duena. Ikusten dena ikusten ez dena baino garrantzitsuagoa da, ordea, Iberdrola Dorrean.


Javier Urruchua; Torre Iberdrola, Zuzendaria:
Iberdrola Dorrean, ingurumen- eta jasangarritasun-ziurtagiri bat lortzeko bidea egin dugu hasieratik, eta Estatu Batuetako LEED ziurtagiria lortu dugu. Ziurtagiri horren arabera bete beharreko baldintzetako bat energia aurreztea zen. Gortina-horma deitzen dioguna fatxada aktibo bat da: kristalezko estalki bikoitza du eraikinak, eta tartean aire-ganbera bat dago, ganbera aktibo bat.
Ganbera hori klimatizazio-sistemari konektatua dago goiko aldetik, eta beheko aldean sareta bat ipini diogu. Horrela, aireak zirkulatu egiten du, eta, adibidez, beroa denean, ez dago berokuntza-sistemaren beharrik.


Bi kristalen artean pertsianak ere badira. Eraikinak kanpoaldean duen argitasun-sentsore batek aginduta, pertsianen taulen angelua barrualderantz aldatzen da , argi gutxiago edo gehiago sartzen uzteko.
Azken hiru solairuetan, aire egokitua, larrialdietarako elektrizitate-sorgailua eta beste instalakuntza batzuk. Igogailua 38. solairura baino ez da iristen: dorrearen gailurrera iristeko oinak erabili behar dira. Ikuspegia ederra da. Hegoaldeko erpinetik Gorbea ikusten da, eta iparraldean, berriz, itsasoa, behe-lainorik ez denean. Hemen ere azken xehetasunak falta. Heliportuari hatxea falta zaio; bertan hartuko dute lur helikopteroek, baina larrialdietako hegaldiek bakarrik izango dute baimena, ez hegaldi pribatuek. Garabi honetatik zintzilikatuko da kristalak garbitzeko ontzixka. Errail gainean ibiliko da buelta guztian.
Goitik behera begiratzen diogu Bilbori, 165 metro goitik; Donostia eta Gasteizko eraikinik altuenak bata bestearen gainean jarrita ere, garaiagoa izango litzateke Iberdrola Dorrea. Milaka tona zementu, altzairu eta kristal zutik mantentzeak magia ere ematen du.


Javier Urruchua; Torre Iberdrola, Zuzendaria: Pentsa dezagun eraikin hau Hong Kongen, Nueva Yorken edo Abu Dhabin jarriko bagenu txikia izango litzatekeela. Baina nik ere berdin pentsatuko nuke 800 metro dituen eraikin baten aurrean.


Eta magia ez, baina egia "berdaderoa" da eraikin garaienen gailurrean mugimendua nabaritzen dela. Dorrea bera mugitu egiten da, haizea dabilenean.


Javier Urruchua; Torre Iberdrola, Zuzendaria: Bai, hala da. Ez da nabaritzen, baina kalkulatuta dago, eta, gainera, komeni da eraikina mugitzea. Kasurik okerrenean, haize gogorrekin eta bela-efektuarekin, 20 zentimetro egingo luke alde batera eta bestera.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali