Haurrak eta ingurugiroa

Inguruneko kutsadurak eta jaten ditugun elikagaiek badute eragina gizaki helduen osasunean, zer esanik ez haurren organismoetan. Horixe ikertzeko jarri zuten martxan orain urte batzuk estatuko zenbait txokotan Inma izeneko proiektua.

Gurean, Gipuzkoan kokatu zuten ikerketagunea, Zumarragako ospitalean. Proiektua hasi zenetik, 600 emakume baino gehiagoren haurdunaldiaren jarraipena egin dute, bai eta ondoren jaiotako umeena ere. Haur horien garapen kognitiboa eta psikomotorra aztertu dituzte, haien jaioterriko ingurunearen baldintzak kontuan hartuta.

Markel amaren eskutik heldu da Zumarragako Zelai Aristi kultura-etxera. Gaurkoan, ama zein semea INMA izeneko proiektuaren bigarren fasean parte hartzera datoz, bata galdera-sortei erantzuteko eta bestea garapen-probak egiteko.

Ingurumenak haurtzaroan izan dezakeen eragina aztertzea da INMA proiektuaren helburua. Ingurumeneko kutsatzaileek umearen garapenean zer-nolako eragina duten aztertzeko, 638 familiatako emakumeen haurdunaldiaren jarraipena eta ondoren jaiotako umeen garapena ikertzen ari dira.

Ainara Andiarena; psikologoa: Orain, proiektuaren lau urte eta lau hilabeteko fasean gaude, eta, bueno, ni fase honetako neuropsikologoa naiz, eta nire zeregina da haurraren garapen kognitiboa eta psikomotorra aztertzea.

Urtebete, bi urte eta aurten 4 urte bete dituzten umeei proba batzuk egin zaizkie. Zenbait gaitasun neurtzen dituen McCarthy eskala, edo arreta-maila neurtzeko proba informatizatuak egin dituzte, haurren garapena aztertzeko.

Umeekin izandako harreman zuzenaz gain, irakasleei bideratutako galdera-sorten bidez osatzen da haurrei buruzko informazioa.

Ainara Andiarena: Helburua da jakitea ea erlaziorik badagoen egiten diren neurketen artean, bai kutsadurarena, bai dietarena, bai gainerako neurketa guztiena; ea erlaziorik badagoen haurraren garapen kognitiboan edo psikomotorrean.

Zumarragako ospitalean egin da lan gehiena. 2006an hasi ziren, hiru hilabeteko haurdunaldian zeuden emakumeekin. Ikerketaren berri eman eta parte hartzeko aukera eskaini ostean, baiezkoa eman zuten emakumeen haurdunaldiaren jarraipena eta erditzea ospitale horretatik bideratu zen.

Amaia Ayerra (ama): Haurdun nengoela ginekologoak berak proposatu zigun, edo, bueno, esan zigun nola Zumarragako ospitalearen bitartez, ba, inguruko pertsonei ikerketa batzuk egiten hasi behar zutela, ba ikusteko kutsaduraren ondorioak zein izan zitezkeen, eta ea prest geunden parte hartzeko. Orduan, ba, bueno, hasierako gure kezka eta zalantza guztiekin, ba pentsatu genuen parte hartzea.

Urte-sasoi ezberdinetan umeei egindako probez gain, haurdunaldian zehar egiten diren ohiko analisien lagin bat ere ikerketa honetara bideratzen dira. Erditzean, gainera, amaren esnea, plazenta edota gernua aztertu dituzte, eta orain, umeei egindako azterketa neurokonduktualaz gain, bizi-ohiturei buruzko galdeketak egiten zaizkie gurasoei.

Amaia Ayerra; ama: Bueno, haurdunaldian asko dira galderak, zer jaten dugun, nola mugitzen garen, etxea, etxeko baldintzak, gure kirolak edo gure eguneroko ekintzak; eta, gero, ba, bueno, analisi guztien emaitzak ere haiei ematen dizkiegu, ba, bai, ilea, umearen lehenengo azazkalak, eta, orduan, hortik joan dira pixka bat.

Ingurumenaren eragina da familia horien kezka komuna. Ingurumenaren eta haurtzaroaren arteko erlazioa zenbaterainokoa izan litekeen jakiteaz gainera, proiektuko parte-hartzaileen etxeetara gerturatzen dira jarraipen xeheagoa egitera.

Aitziber Azurmendi; ama: Nire alabarekin egindako ikerketak, hurrengo belaunaldiei onura ekarri behar badie, ba, aurrera.

Niri iruditzen zait izugarrizko proiektua dela, megaproiektu bat esango nuke; laginetik hasita, jende mordoa gaude hemen inplikatuta, eta aldagai asko ari dira neurtzen. Datu pila bat ari dira jasotzen. Nik uste dut orain oso ondo informatuta gaudela, lortzen ari diren emaitzak bidaltzen dizkigute; nik uste dut emaitza horiekin eta aterako dituzten ondorioekin, ba, bueno, prebentzio-kanpainetarako eta abar oso baliagarriak izango direla. Iritzi oso ona dut, oso gustura nago.

INMA proiektuaren azterketa-eremua ez da soilik Gipuzkoara mugatzen. Asturias, Valentzia, Sabadell, Menorca, Ribera d’Ebre edo Granada ere ikerketa-eremu edo kohorteak dira. Erkidego edo eskualde bakoitza ingurumenaren ezaugarri zehatz batzuengatik hautatu da; hala, datuak alderatzeko aukera bermatzen baita.

Jose Mari Ibarluzea; koordinatzailea: Kohorteen artean desberdintasunak daude, eta hori, ba, oso ona da guk planteatzen ditugun galderetarako edo hipotesiak aztertzeko.

Lortutako emaitzei dagokienez, aldez aurretik sortutako hipotesi batzuk baieztatzeko bidean daude ikertzaileak.

Bizkaiko Itsasoko eta Mediterraneoko tamaina handiko arrain urdinetan, adibidez, merkurio-tasa altuak aurkitu dituzte. Horrelako elikagaiak jateari garrantzi handia eman arren, prebentzio-plan bat bultzatu nahi dute, emakume haurdunen artean dosiak txikitzeko.

Jose Mari Ibarluzea: Gero eta gauza gehiago eta ezberdinagoak eta zehatzagoak ikusteko edo neurtzeko aukera dugu, eta parte-hartzea oso ona da, onenetarikoa, beste kohorteekin konparatzen badugu.

INMA proiektuaren jarraipena oraingoz ziurtatua dago. Lortutako datuak beste ikerketa-esparru batzuetan sakontzeko baliabide garrantzitsuak direla kontuan hartuz, haurren jarraipena 14 urtera arte luzatu nahiko lukete. 

Bi urte barru, alegia, Markelek 6 dituenean, Zumarragako Zelai Aristi kultura-etxera gerturatu beharko du berriro, lagin eta proba gehiago egitera.

Haurrak eta ingurugiroa

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali