Hackerren peskizan

Sareen sareak, Internet-ek, mundua aldatu du. Baina, gizarte garatuarentzat oinarrizko bihurtzearekin batera, birus informatikoentzako errepide ezin hobea da, zabal eta erosoa.

Sareen sareak, Internet-ek, mundua aldatu du. Merkatu elektronikoa dagoeneko errealitate da. Kontratuak, negozioak, erosketak eta salmentak, informazio-bidalketak eta abar Internet bidez egiten dira. Gizarte garatuarentzat oinarrizko bihurtzearekin batera, birus informatikoentzako errepide ezin hobea da, zabal eta erosoa.

Segurtasun Informatikoaren Nazioarteko Elkartearen arabera, enpresen % 100ek erasoren bat jasan du azken urtean. Horretaz guztiaz hitz egiteko, gurekin daukagu gaur Urko Zurutuza, Mondragon Unibertsitateko ikertzailea.

(Ongi etorria)

Esan bezala, Internet eta mehatxu informatikak izango ditugu gaur hizpide, eta horien atzean, ezkutuan dauden pertsona batzuk: hackerrak. Mondragon Unibertsitatean, Urkoren lantaldean hackerren eta mehatxu horien jatorria eta portaera ikertzen ari dira. Hizketan hasi aurretik, bideo labur batean ikusiko dugu zertan ari diren Arrasaten.


Birusen aurrekariak duela mende erdikoak badira ere, lehen birusek, hau da ugaldu eta beste ordenagailu edo disko batzuk kutsatzeko gaitasuna duten programek, 20 urte inguru dute. Lehen birus haiek diskete bidez kutsatzen zuten; oraingoak, berriz, Internetez baliatzen dira. Birusaz gain, Interneten mehatxu informatiko ugari dago: modu autonomoan hedatuz joaten diren programatxoak, har edo ziza esaten zaienak, posta elektronikoan kaosa eragiten duten spam-ak, informazio bila aritzen diren sistemak.... eta, horien guztien atzean, hackerrak, aberasten ari direnak.
Mondragon Unibertsitatean, hackerren eta mehatxu informatikoen jatorria eta portaera ikertzeko proiektua dute abian. Honeypot edo ezti-poto izeneko estrategian oinarritzen dira; hau da, ehiztariek hartzak erakartzeko jartzen dituzten ezti-potoen amarru-estrategian. Enpresa baten benetako zerbitzariaren ondoan, itxuraz benetakoa baina benetan gezurrezkoa den beste bat jartzen dute. Sistema faltsu horiek nahita egindako segurtasun-akatsak izaten dituzte, eta, hala, erasotuak izateko aukera gehiago dute. Erasoa gertatzen denean, Mondragon Unibertsitateko zerbitzariak sare bidez horren berri jaso, eta grabatu egiten du. Gero, informazio hori guztia aztertu egiten dute. 

Euskalert izenarekin bataiatu duten proiektuan, duela bi urtetik Euskal Herriko zortzi enpresa handi ari dira parte hartzen, hainbat arlotakoak. Unibertsitatea bera, noski, taldean dago eta, besteak beste, etxe hau, EITB, ere bai.

ELKARRIZKETA.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali